Inbertitzen duena, aurretik

Niemenlab laborategiak 2022rako kazetaritza iragarpenak egiteko eskatu die zenbait adituri. Prentsak beste sektore batzuek baino gutxiago inbertitzen du ikerketan eta garapenean.

Nikaraguako La Prensa egunkariaren azala, Managuako errotatiban. JORGE TORRES / EFE.
urtzi urkizu
2021eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Albisteen industria teknologian eta talentuan oinarritzen bada ere, azkeneko hamarkadetan ez dute inbertitu alor horietan. Gaur egun, berriz, horretan inbertitzen dutenek aukera gehiago dute merkatuan garaile ateratzeko». Rasmus Kleis Nielsenen hitzak dira, Oxfordeko Unibertsitateko Reuters institutuko zuzendariarenak. 2022. urteari begira jarri dira makina bat aditu Niemenlab laborategiarentzat. Kazetaritzaren eta kazetaritza enpresen inguruko askotariko gaiak landu dituzte. Euskal komunikazio esparruaren errealitatetik urrun suma daitezke iragarpen horietako batzuk, baina ez guztiak.

Nielsenek iragarri du datorren urtean arrakala areagotu egingo dela tresnetan eta talentuan «inbertsio serioak» egiten dituztenen eta gainontzeko guztien artean: «Arrakasta izateko, gero eta gehiago behar dira datu eskaintza eta produktu bikainak, eta talentu teknologikoa». Reuters Institutuko zuzendariaren aburuz, kazetaritza enpresa ugarik apenas inbertitu duten etorkizunean, «eta gerta daiteke enpresa horiek etorkizunik ez izatea».

Beste sektore batzuetan askoz gehiago inbertitzen dute ikerketan eta garapenean. Datu hauek eman ditu Nielsenek: argitalpenen industrian %0,57 inbertitzen da ikerketan eta garapenean, eta irratigintzan, %0,32; altzairugintzan, berriz, %1,17, eta oihalgintzan, %1,73. Industria guztien batezbestekoa %5 da. «Hau da, hamar aldiz txikiagoa da prentsak egiten duen inbertsioa».

Nielseni deigarria iruditzen zaio eraldatze digitalaren gaia ahoz aho ibiltzea baina horretan hain baliabide gutxi jartzea: «Komunikabideen industriak ez du ehuneko esanguratsurik inbertitu etorkizuna nolakoa izan daitekeen ikertzen». Adituaren arabera, kazetaritza enpresa askoren arduradunek esan dezakete soilik The New York Times-en eta BBCren tankerako hedabide handiek egin ditzaketela halako inbertsioak, baina bestelako adibideak badaude. «Malaysiako Malaysiakin egunkari digitalak baliabide asko erabiltzen ditu produktuen garapenean. Eta Hegoafrikako Daily Maverick egunkariak konpromiso handia egin du giza baliabideen eta teknologiaren garapenean». Hartara, Nielsenek argi du: «Tresnetan eta talentuan inbertituz gero, kazetaritza hobea izan daiteke, eta izango da».

Azkeneko bi urteetako osasun larrialdi globalak eragina izan du egunkarietan. Rachel Glickhouse News Revenue Hub zentroko (AEB) proiektuen kudeatzaileak egunkari eta aldizkarietako erredakzio fisikoen gainean hausnartu du: «Erredakzioak toki apartak dira kazetariek eta editoreek elkarrekin lan egin dezaten. Gazteenek ofizioa ikas dezaten balio dute, bide batez. Adrenalinaz eta emozioz betetako eremuak izan daitezke». Hala ere, pandemiaren ostean, bulego fisikoak ez dira pandemiaren aurreko berak izango. «Erredakzioak aldatzeko garaia iritsi da, lanerako toki hobeak bilakatu daitezen». Era berean, erredakziotik kanpoko lanaren eta erredakzioen arteko osagarritasunean sakondu behar dela uste du Glickhousek. «Izan ere, erredakzio kanpoko lana formalizatzeko politika egokiak garatzen dituztenek eta malgutasuna dutenek aukera gehiago izango dute lehiatzeko, baita talentuak erakarri eta mantentzeko ere».

Tokian tokikoarentzat

Kazetaritzaren bide berrien artean, Amy Schmitz San Diegoko Unibertsitateko (AEB) kazetaritza irakasleak iragarri du hazi egingo direla kokaleku zehatzen datuen bidez zerbitzuak eskaintzen dituzten hedabideak. «Aintzat hartu behar da azkenaldian herritarrek gero eta gehiago erabiltzen dituztela tresna digitalak auzoko informazioa lortzeko». Zera iragarri du: «Kazetaritza espaziala hemen da, eta hedabideak prest daude horri ekiteko». Schmitzek argitu du kontua ez dela soilik geolokalizazioaren teknologia erabiltzea, baizik eta ulertzea tokiek esanahi berezia dutela erabiltzailearentzat. The New York Times-eko Ikerketa eta Garapen Sailak talde bat sortu berri du «kazetaritza espaziala» lantzeko.

Mike Rispoli Free Press erakundeko kazetaritza arduradunak, bestetik, komunitateei zerbitzuak eskaintzeko eredu berriak sortzea proposatu du. Haren iritziz, hazten ari da komunitateetan oinarritutako kazetaritza. «Tokiko albisteak ondare publikoa dira, eta laguntza publiko esanguratsuak eman behar zaizkie tokiko hedabideei». Media Power Collaborative egitasmoa sortu dute, kazetari, irakasle eta elkarteen artean komunitateen betebeharrei erantzuteko xedez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.