Nicanor Parra

Antipoesia ekarri zuen poeta hil da

Kritikari nahiz egile askorentzat, azken mendeko poeta onenetakoa izan da. 30 poema liburu idatzi ditu, eta horien artean ezagunena 1954an argitaratutako 'Poemas y Antipoemas' izan da.

Miren Garate.
Donostia
2018ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Errusiar mendia poeman, honela zioen Nicanor Parra poetak:«Mende erdiz/ poesia/ inozo galanten paradisua izan da./ Ni etorri/ eta errusiar mendian ezarri nintzen arte./ Igo zaitezte, nahi baduzue./ Baina ez da nire ardura/ aho eta sudurretatik odoletan jaisten bazarete». Etorri zenean ez, baina handik denbora batera, iraultza ekarri zuen poesiara, antipoemekin. Kritikari nahiz egile askorentzat, azken mendeko poeta onenetakoa izan da, eta askok aitortu izan dute haren eragina, besteak beste, Harold Bloomek, Nial Binnsek eta Roberto Bolañok. Atzo hil zen, 103 urte zituela.

San Fabian de Alicon jaio zen (Txile), Santiago hiriburutik 400 bat kilometro hegoaldera, 1914ko irailaren 5ean. Aita irakaslea eta musikaria zuen, eta amak ere gitarra jo eta abestu egiten zuen. «Garaiera ertainekoa/ Ahots ez mehe ez sendokoa/ Irakasle primario baten/ eta dendaosteko modista baten seme nagusia (...)» idatzi zuen bere buruaz Epitafio testuan. Bederatzi anai-arrebek osatzen zuten Parra familia —bizirik jarraitzen zuen bakarra zen Nicanor—, eta artista sena odolean zeramaten. Violeta Parra kantari, pintore eta eskulangilea zen haren arrebetako bat.

Letrekin nahiz zenbakiekin moldatzen zen ondo Parra, eta horren adibide da matematika eta fisika ikasi zituela unibertsitatean. Irakasle lanetan ere aritu zen arlo horietan. 1937an, poesia tradizionaletik gertuko Cancionero sin nombre kaleratu zuen, gerora «gaztetako bekatutzat» hartu zuena berak. Lan hark Federico Garcia Lorcaren gehiegizko eragina zuela zioen.

1954an etorri zen Parraren lanik ezagunena. Poemas y antipoemas liburuan kaleratu zituen bere antipoema ezagunak. Berez, Oxford 1950 izena zeukan pentsatuta, hiri hartan idatzi zuelako zatirik handiena —doktoretza bat egitera joan zen—. Pablo Nerudaren eskola zen nagusi garai hartan, eta guztiz bestelakoa zen Parraren proposamena. Antipoemen ezaugarriak, besteak beste, ikuspuntu narratiboa eta ahozkotasunetik gertuko hizkera dira, maiz, antiheroi baten bueltan kokatzen dira poemak, eta umorea eta ironia poesiagintzaren erdigunera eramaten ditu Parrak.

Harenak dira La camisa de fuerza, Obra gruesa eta Artefactos lanak ere. Hogeita hamar bat liburu argitaratu ditu, eta hainbat hizkuntzatara itzuliak izan dira obra horiek: ingelesera, frantsesera, suediarrera, errusiarrera, txekierara eta portugesera, adibidez.

Sari asko, nobelik ez

Luzea da hark jasotako sarien zerrenda ere, baina horien arten hiru nabarmentzen dira: 1969an jaso zuen Txileko Literatura Saria; 2011n eman zioten Cervantes saria, Espainiako Kultura Ministerioak gaztelaniazko obra bati ematen dion sari garrantzitsuena; eta, 2012an, epaimahaiak aho batez eman zion Pablo Neruda saria. Literaturako Nobel saria jasotzeko hautagaien artean ere behin baino gehiagotan egon da, nahiz eta ez irabazi. 2014an, 100 urte bete zituenean, era askotako omenaldiak jaso zituen.

Poesian nabarmendu arren, marrazkiak, collageak eta arte piezak ere egin zituen Parrak, eta Txilen, AEBetan eta Espainian ere erakutsi zituen lan horiek. Bi hamarkadatik gora pasatu zituen Las Cruceseko bainuetxean erretiratuta, Txilen bertan, eta orain gutxi aldatu zen etxez, bere lehengo etxera. Aurreko hilean, koaderno batzuk lapurtu zizkiotela salatu zuen, haserre. Argitaratzea nahi zuen guztia argitaratua zuela esan zuen, eta gainerakoak kontu pertsonalak zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.