Haran baten ahotsa bilduz

Sanjoanetan hogei urte bete dira Hernaniko Kronika-ren lehen zenbakia argitaratu zenetik. Ibar osora zabaldu da denbora horretan, eta herritarren artean onarpen zabala lortu du.

Hernaniko Kronika-ren lehen lantaldea. KRONIKA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Titulu nagusi bat zeraman Hernaniko Kronika-ren lehen zenbakiak: «Gora San Juan, ongi etorri gazteak!!». 2000. urteko ekainaren 23a zen, San Joan egunaren bezpera, eta Hernaniko (Gipuzkoa) jaietako lehena. Herriko albisteen berri emango zuen komunikabide berria jaio zen orduan, eta hogei urte joan dira orduz geroztik. Lehen agerraldi horren aurreko egunak «kaotikoak» izan zirela esan duKronika-ren sortzaileetako batek, Unai Agirrek. Harekin batera, Jexux Mari Irazuk eta Aritz Zerainek hartu zuten ardura hori, eta Eñaut Agirre batu zitzaien beranduxeago. «Harrera oso ona izan zuen, ordura arte ez baitzegoen ezer; herri komunikabideen arrakasta frogatuta dago, eta euskaraz izateak gertutasuna ematen zion proiektuari. Orain, hainbeste urte pasatu ondoren, ematen du beti egon dela Kronika». Baina, proiektua errealitate izateko, lan handia egin zuten aurretik.

Herri eta eskualde askotan, herri komunikabide ugari sortzen ari ziren garai hartan, kasu gehienetan euskara elkarteen eskutik. Hernaniko Dobera euskara elkarteak ere pareko proiektu bat sortzea erabaki zuen, euskara sustatzeko baliabide bat zelakoan. «Deialdia egin zuten, talde batek proiektu hori bideratzeko, eta Irazu eta biok zirikatu gintuzten aurkeztu gintezen». Zerain ere batu zitzaien proiektura, eta komunikabidea sortzeko ardura hartu zutenean hasi ziren lehen zenbakia argitaratu aurretik egin beharreko lanetan: herriko elkarte eta taldeekin biltzen, maketazio programak erabiltzen ikasten eta nola idatzi behar zuten erabakitzen.

Orduan erabaki zuten Hernaniko Kronika-k izango zuen formatua: A3 orrialde bat, eta alde bietatik albiste eta oharrak. Gaur egun ere itxura horri heldu dio. Hasi eta gutxira erabaki zuten egunero argitaratzea. Agirrek horren arrazoia azaldu du: «Bazeuden zerbitzuak eskatzen zutenak zazpi egunetan argitaratzeko; beranduago hasi ginen asteburuetan egunkari lodiagoak egiten, eta astean zehar sartzen ez ziren gaiak sakonago lantzen». Apurka joan zen itxura hartuz egunkaria.

Denbora horretan guztian, ordea, aldaketa ugari izan ditu egunkariak. Larunbatetan hamasei orri argitaratzen dituzte, eta, Hernaniko berri emateaz gain, Astigarragako, Ereñotzuko (Gipuzkoa), Goizuetako eta Aranoko (Nafarroa) albisteak ere lantzen dituzte. Kronika izena du orain. «Joera natural bat dago herri horien artean, eta hori erakutsi nahi izan zen, leku gehiago eskainita», azaldu du Beñat Los Arcosek, egungo kazetariak. Astegunetan, 4.400 aleko tirada daukate, eta, asteburuetan, 4.700 alekoa.

Koronabirusaren eragina

Aurtengo sanjoanetan ospakizun ekitaldiak egitekoak ziren Kronika-ko kideak, baina osasun krisialdiak hankaz gora utzi ditu asmo denak. «Saiatuko gara zerbait egiten hemendik eta urte amaierara arte», esan du Los Arcosek. Agirreren arabera, ordea, egunero argitaratzen jarraitzea da egin daitekeen ospakizunik onena. «Aurrerago ere izango ditugu urteak ospakizunetarako».

Lan egiteko ere traba izan da koronabirusa, eta etxeko itxialditik aritu dira telelanean. «Ekonomikoki ere eragin digu, publizitatea asko jaitsi baita, eta dendak egoera zailean baitaude», Los Arcosen esanetan. Hala ere, herritarren informazio gosea handitu egin dela sumatu dute. Interneteko atariko erabiltzaile kopurua %80 inguru handitu zen martxoan eta apirilean. «Alde horretatik, pozik gaude, baina kontrapuntuan zailtasunak igaroko ditugula aurreikusten dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.