Laburragoak atzerrira bidean

Ikus-entzunezkoen joerak aztertu dituzte Basqueguna jardunaldian, Seriesland websailen jaialdiari hasiera emateko. Formatu laburren abantailak nabarmendu dituzte adituek.

Itziar Azpeitia EITBko Proiektu Estrategikoetako arduraduna, Basqueguna jardunaldian hizketan, atzo. M. DEL VALLE / FOKU.
urtzi urkizu
2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Formatu laburreko euskarazko websailek bidaiatu dezakete. 5-10 minutu arteko edukietan azpidatziak egitea errazagoa da, eta sare sozialetan erraz zabaldu daitezke». Hala esan zuen atzo Itziar Azpeitiak, EITBko Proiektu Estrategikoetarako arduradunak, Bilbon. Basqueguna jardunaldiko hizlarietako bat izan zen —Seriesland websailen jaialdiaren barruan, Zineuskadik eta Eiken klusterrak antolatu zuten topaketa—. Azpeitiak esandakoa adibide batekin azaleratu du Izaskun Arandia Izar Filmseko ekoizleak: «Puntu koma websaila dagoeneko sei herrialdetan saldu dugu, eta euskaraz eman dute, azpidatziekin». Websail horren bigarren denboraldiko gidoiak idatzita daude jada. «Lehen denboraldia erosi dutenekin hitz egiten ari gara, bigarrenaren aurre-salmenta akordioak egiteko».

Interneteko formatu laburrek beren ezaugarriak dituzte. Arandiak beste proiektu batekin gertatutakoa kontatu du: genero dibertsitatearen inguruko dokumental luze batean ari dira lanean, eta elkarrizketa ugari egin dituzte. Dokumentaletik kanpo material asko geratuko denez, websail bat sortuko dute, eta elkarrizketatu bakoitzari atal bat eskainiko diote.

Gastan Armagno Argentinako Arcanoide Films ekoiztetxeko gidoilari eta zuzendariaren arabera, publikoa gaur egun prest dago beste hizkuntza batzuetan websailak azpidatziekin ikusteko: «Plataforma handiak ere hasi dira formatu laburreko telesailen aldeko apustua egiten. Saiakera egin nahi dute, dibertsitatea eta aniztasuna nahi dituztelako. Aukera bat egon daiteke hor».

Plataforma handien apustuei buruz hitz egitekoan, Netflixen mugimenduak aipatu dituzte aditu batek baino gehiagok. Iker Ganuza Lamia Produccioneseko ekoizleak iragarri duenez, Akelarre filma —Hego Euskal Herriko aretoetan ikusgai dago egunotan— Netflixeko katalogoan egongo da otsailetik aurrera, ia mundu osoan. «Film bat euskaraz herrialde askotan ikusi ahal izatea oso interesgarria iruditzen zait». Baina ohartarazi du: «Ez dakit proba egingo duten beste hizkuntza batzuetako edukiekin, eta hainbat proiekturen alde egingo duten apustu, edo ez den aurrerago edukien estandarizazio bat gertatuko».

Bestetik, Azpeitiak gogoratu duenez, aintzat hartu behar da egun ikus-entzunezkoak nonahi eta noiznahi ikusten direla. «Telebista tradizionala eta plataforma digital berriak daude, eta elkarbizitzan egongo dira forma horiek. Nahastu ere egiten dira, ikusita streaming plataformak telebistan ohikoak izaten diren formatuekin saiakerak egiten ari direla». Telebista tradizionalaren edukiek existituko direla iruditzen zaio EITBko arduradunari. «Baina eduki onak sortu behar dira, eta orain beti sortu behar dira atzerrira bidaiatu dezaketen perspektibarekin».

Aletxu Etxebarria Eiken klusterreko presidente eta The Blackout Projecteko sortzailearen arabera, edukien nazioartekotzea gero eta garrantzitsuagoa da: «Edukiek ahalik eta plataforma gehienetan hegan egitea nahi dugu».

Araban azkenaldian ekoitzi diren zenbait filmek arrakasta lortu dutela nabarmendu du, bestalde, Apika ekoizle elkarteko presidente Maite Ruiz de Austrik. Netflixentzat Memorias de Idhun animaziozko telesaila —gaztelaniaz da, eta irailean estreinatu zuten— zuzendu du Ruiz de Austrik, eta azaldu du «oso esperientzia ona» izan duela plataformarekin.

Ganuzaren iritziz, bestalde, momentu honetan ekoizle elkarte askorentzat lehentasunezko gaia bilakatu da estatu bakoitzean streaming plataformei zein kuota ezarriko zaizkien, tokiko edukiak ekoizteko eta haietan inbertitzeko: «Garatuko diren proiektuetan eragin handia izango du araudi horrek».

Euskarazko bi estreinaldi

Plataforma handietako edukiak baino gehiago, aurrekontu txikiko websail digitalak proiektatuko dituzte egunotan Bilbon, Seriesland jaialdian. Gaur arratsaldean, adibidez, euskarazko bi websail emango dituzte Bilborock aretoan: Otsoen lurraldean-en hirugarren eta azkeneko denboraldia —hiru denboraldi grabatu dituen euskarazko bakarra— eta Bizi txarra komediaren atal pilotua. George Reese zinemagileak, berriz, telematikoki Utopia Planitia websailaz hitz egingo du; AEBetakoa da zientzia fikziozko lan hori, eta iaz bi atal Bilbon grabatu zituzten, euskarazko elkarrizketak eta ingelesezkoak tartekatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.