Kafe antzokian, 'Kolpez kolpe'

Hainbat astez etxetik etxera egin behar izan dute Hamaikaren 'Kolpez kolpe' saioa. Donostiako Doka kafe antzokian grabatuko dute hemendik aurrera; laster, plublikoarekin.

Tessa Andonegi, Lara Iturain, Miren Legorburu, Ekhi Atorrasagasti eta Naroa Iturri, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Ekhi Atorrasagasti zutik dago, aginduak ematen, saioa nondik nora joango den azaltzen. Eserita daude Naroa Iturri aurkezlea, eta Tessa Andonegi eta Miren Legorburu solaskideak —programan ohikoak bihurtu dira biak—. Zuzendariak gogorarazi dio aurkezleari aurreneko bideoa Aitziber Zapirain Antxeta irratiko esatariarena dela, Biriatuko (Lapurdi) muga «kontrolgune» nola bihurtu duten kontatuz. Azkeneko asteetan ezin izan dira fisikoki elkarrekin egon Hamaika telebistako Kolpez kolpe saioko langileak, baina atzo plato berria inauguratu zuten: Donostiako Doka kafe antzokia. «Ezingo dugu elkar ukitu, baina ikusi bai, behintzat», esan dio Legorburuk Iturriri.

Aurkezleak, grabazioari ekin aurretik, aitortu du ez dela bideo deien eta telelanaren zalea. «Asko naiz ukitu, sentitu, bizi eta aurrez aurrekoaren aldekoa. Askoz politagoa da gaur lankideak hemen ikustea; beste gertutasun bat da. Beste adar jotze bat daukagu aurrez aurre, ederragoa». Atorrasagastik esan du «urduri samar» dagoela: «Ez baita erraza plato batetik bestera jauzi egitea, tartean etxeko geltokia izan ostean. Zailtasunak handiak izan dira; lortu dugu bizirik irautea etxetik aste batzuetan, baina, egoera bere horretan mantenduta, saioaren denboraldi bukaera arriskuan zegoen». Denboraldiko azkeneko sei edo zazpi atalak egingo dituzte Dokan. Atzo gauean Hamaikak bota zuena 0 ataltzat jo du programako zuzendariak. Baina pauso berriak emateko prestutasuna du taldeak. «Jauziak eman nahi ditugu. Ez dugu baztertzen saio batzuk publikoarekin egitea, eta denboraldi bukaera zuzeneko indartsu batekin errematatzea».

Kamerari guztiak eta Lara Iturrain errealizadorea prest daude. Hasi dira grabatzen. «Soldatzaile itxura dugu», aipatu du Iturrik, plastikozko estalkiari erreferentzia eginez. «Ba, atera sua!», erantzun dio Atorrasagastik. Andonegik ere ez du umorea galdu: «Entzuten dut nire ahotsa mundu paralelo batean bezala».

Itxialdiaren arintze fasearen inguruko komeriak eta kontraesanak plazaratu dituzte Andonegik eta Legorburuk. «Poliziaren eskuetan uztea zer egin eta zer ez oso arriskutsua da», kritikatu du Andonegik. Ostalaritzaz ere mintzatu dira. Legorburuk kontatu du nola haren ahizpak kafetegi bat duen bikotekidearekin batera, eta koronabirusaren krisiak oso zail jarriko diela «burua altxatzea».

Saioaren erdira iritsi dira. «31 minutu daramagu. Bideo batzuk falta dira; beraz, pi-pa, pi-pa, pi-pa», agindu die Atorrasagastik. Handik minutu gutxira, Iturrik egungo egoera pairatzen ari diren emakumeen omenez egindako bideoa aurkeztu du.

Beren atal propioa dute Legorburuk eta Andonegik. Aurrenekoak memoria historikoarekin lotutako gertaera lazgarriak eraman ditu pantailara. Bigarrenak bi zerrenda egin ditu: «Pikutara» bidaltzeko gauzen zerrenda bata, eta «ongietorria» egiteko gauzena bestea. Bideo bat ematen ari ziren bitartean, Andonegik atala errusieraz irakurtzeko saiakera egin du, baina benetako grabaketan euskarazkoa izan da jarioa.

Azken partera iristen ari dira. Atorrasagasti sofa batean eseri da, Ekhill doktorea-rena egiteko. «Euskal fasearen» inguruko albiste batzuk komentatu ditu, ironiaz. Iragarri du, era berean, datorren astean Ibai Fresnedo gonbidatuko dutela —egunotan Instagramen elkarrizketak ari da egiten, Etxetxo Larroxatik zuzenean izenarekin—.

«Jauzi berriak ematera»

Fresnedoz gain, datozen asteetan gonbidatu bereziak egongo dira platoan. Hala iragarri du Kolpez kolpe-ren zuzendariak. «Emakumeok sustatu eta ekoitzitako saio honek denboraldia behar bezala bukatzea garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Saioa bera indartu, sendotu, baliabideak bildu eta kolaboratzaile sarea zabaldu nahi dugu».

Datorren denboraldirako, berriz, «jauzi berriak emateko asmoa» azaldu du Atorrasagastik. «Dokan izan ala beste leku batean izan, nahiko genuke publikoarekin egitea». Iturrik begi onez ikusi du asmo hori: «Kamera aurrean nagoenean, sentitzen dut norbaiti zerbait kontatzen ari natzaiola. Aurrez aurre publikoaren keinuak ikustea, berriz, zoragarria da. Laster lortuko dugu hori».

Lantaldeak, bestalde, Andonegik saio bukaeran esandako esaldi bat errepikatu du: «Herriak bakarrik salba dezake herria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.