Zuriñe Elordi. Begira batzordeko lehendakaria

«Emakume kirolariak batik bat laburretan agertzen dira»

Kirol albisteak eta iragarkiak genero ikuspegiarekin egiten laguntzeko bi gida prestatu ditu Begira batzordeak. Jardunaldi batean aurkeztu du materiala Elordik, Bilbon.
LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Urtzi Urkizu -

2018ko azaroak 30
Emakundeko idazkari nagusia da Zuriñe Elordi (Gasteiz, 1970), eta erakundeko barne prozedurak kudeatzeaz eta sustatzeaz arduratzen da.

Begira batzordeko gidaren helburuetako bat da hedabideek garrantzi bera ematea kirolari emakumeei eta gizonei. Nolakoak dira gaur egungo datuak?

Bilboko jardunaldian azalarazi diren datuekin ikusi dugu oso urruti gaudela parekotasunetik. Hainbat ikerketa eta iturri aipatu dira, eta gehienek diote emakume kirolarien presentzia %5 dela hedabideen kirol sailean. Chantal Reyes kazetariak aurkeztu duen ikerketan antzekoa da datua. Beste datu esanguratsu bat da oso gutxitan argitaratzen direla orrialde oso batean emakumezko kirolariak; batik bat, laburretan agertzen dira. Espainiako hedabideen ikerketa baten arabera, 15.000 orrialdetik bost baino ez dira izan osorik emakume kirolarienak.

Emakume kirolariak objektu dekoratibo, sexual eta estetiko gisa irudikatzeak zer ondorio ekartzen ditu?

Batetik, estereotipoak bere horretan mantentzen dituzte. Eta, bestetik, nerabe eta neska gazteentzat erreferente falta dago kirol mailan. Rioko Olinpiar Jokoetan, emakume kirolarien ahaleginak eta lorpenak ez ziren azaleratu, eta ez zuten ikusgarritasunik izan. Gainera, uste zabaldua da emakume kirolariek derrigorrean argalak izan behar dutela. Gure gidan aipatzen dugu kirolariak beren aniztasun osoan agertzea garrantzitsua dela, eta ez beti prototipo bera aurkeztuz. Kirol desberdinetan ere azaldu behar dute.

Euskal Herriko hedabideetan ez ezik, Europako beste herrialde batzuetan ere modu berdintsuan jokatzen al dute?

Guk, monitorizazioak egiten ditugunean, Euskal Herriko eta Espainiako hedabideak hartzen ditugu. Bilbon mundu osoko adibideak ikusi ditugu, eta badakigu gizon eta emakumeen arteko ezberdintasun arazoa mundu mailakoa dela, edonon gertatzen dela.

Begiraren gidan adibideen erdiak baino gehiago Espainiakoak dira. Zergatik hainbeste, Euskal Herrikoen aldean?

Gida elkarlanean egin dugu, Begira sarean parte hartzen duten komunikabideen eta agentzien artean, eta haiek hautatu dituzte adibideak. Begiran modu baikorrean egin nahi dugu lan; hedabide bakoitzak ikusi behar du nola aritu hobeto, baina kontuan izanik tresnak behar ditugula. Sarea oso garrantzitsua da, diagnosiak elkarrekin osatzen direlako eta irtenbideak denen artean proposatzen direlako.

Gizonezko kirolari edo arduradun batek estereotipoak sustatzen dituzten hitzak eginez gero, kazetariak bere hartan jaso behar ditu ala ez?

Esterotipoak moduren batean eteteko aukera badago, berdintasunaren alde jokatuko da. Zuzeneko batean zaila da elkarrizketatu baten hitzak mugatzea. Baina kazetariaren askatasunak berdintasunaren alde egin dezake, ala ez. Horregatik, formakuntza garrantzitsua da.

Emakume kazetariak edukiak lantzeko postu erabakigarrietan jartzeak desoreka egoera aldatuko luke?

Eremu guztietan egiten den aldarrikapen bat da. Askotan, zuzendaritza postuetara iristeko zailtasunak daude, kristalezko sabaia deitzen diotena dago. Goi karguetara iristen diren emakumeek genero berdintasuna txertatzen baldin badute, alda daiteke egoera. Kirol kazetaritzan gero eta emakume gehiago daude, baina zuzendaritza postuetan gehiengoa gizonak dira.

Publizitateari dagokionez, zein dira Begirak atera dituen ondorio nagusiak?

Emakumearekiko ematen den eredua asko landu behar da, estereotipoak deusezteko eta emakumeek kirol alorrean egiten dituzten ahaleginak azaleratzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna