Mikroz, kameraz eta bolalumaz beteko DA!

Berria telebistak 'Landakoenea' saioa egingo du azokan, gaurtik. Arrosa irrati sareko 'Zebrabidea' Durangotik egingo dute bihar
BERRIAren hainbat produktu erosi ahalko dira aurten ere Durangoko Liburu eta Disko Azokan.
BERRIAren hainbat produktu erosi ahalko dira aurten ere Durangoko Liburu eta Disko Azokan. JUANAN RUIZ / FOKU

Urtzi Urkizu -

2018ko abenduak 5
Gaur hasi eta igandera bitartean, euskarazko komunikabideek emankizun eta eduki bereziak eskainiko dituzte Durangoko 53. Liburu eta Disko Azokatik. Hona hemen, hedabidez hedabide, bakoitzaren eskaintza:

BERRIA

Askotariko edukiak argitaratuko dituzte, paperean eta Interneten: Berria telebistak Landakoenea saioa egingo du, formatu txikian, gaurtik hasita. Lara Madinabeitia eta Julen Aperribai bideogileak Durangon ibiliko dira batera eta bestera, eta egunean zehar bideo laburrak igoko dituzte webgunera eta sare sozialetara; Berria.eus-en, bloke nabarmendu bat egongo da azokari eskainia, eta Ane Ubegun kazetariak zuzeneko kontakizuna egingo du; papereko edizioari dagokionez, Ainhoa Sarasola, Ainhoa Larrabe eta Itziar Ugarte kazetariak azokatik arituko dira artikuluak, kronikak eta elkarrizketak idazten. Azokako beteranoak izenburupean, bi lagunekin elkarrizketa bat argitaratuko dute. Ugartek zutabe bat idatziko du egunero. Testu horiek guztiak webgunean irakurri ahalko dira, aipatutako bloke handian.

HAMAIKA

Durangoko Azokaren inguruko saio bat egingo dute egunero, gaurtik igandera bitartean, 21:00etan. Bestalde, Gogoetaren Plaza-ko solasaldiak grabatuko dituzte; 11:00etan eta 18:30 inguruan emango dituzte.

ETB

ETB1eko Egun on Euskadi saioan, azokaren irekiera ekitaldia emango dute gaur, eta Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakaria elkarrizketatuko dute; ETB2ko Historias a bocados saioaren atal berezi bat gidatuko du Joseba Argiñanok gaur, 22:30ean —Durangoko azokako giroaz eta herritarrek duten inplikazioaz ariko dira—; eta, ostiral arratsaldean, ETB1eko Ahoz aho saioan, azokatik ariko dira zuzenean. EITB gunea jarriko dute azokaren kanpoaldean.

EUSKADI IRRATIA

Jon Aizpuruak Durangotik aurkeztuko du gaur Kultur leihoa, 14:15ean; ostiralean, azokatik bertatik egingo dute Faktoria magazina, 10:00etatik 13:00etara; baita Kultur leihoa saioa ere.

GAZTEA

B Aldea saioaren emankizun berezia egingo dute ostiralean, Durangotik, 20:00etan hasita. Musika emanaldi batzuk zuzenean entzun ahalko dira.

KANALDUDE

Zuzenean zure esku saioa azokatik egingo dute bihar, 13:00etan. Bideo jokoak eta E-kirolak izango dituzte hizpide, Game Erauntsia taldeko bideo jokoen zaleekin.

ARROSA IRRATI SAREA

Zebrabidea irratsaioa azokatik egingo dute bihar, 16:00etatik 18:00etara, Ipar Euskal Herriko Euskal Irratiekin elkarlanean. Sormen bekaren eta sortzaile berrien inguruan arituko dira. Literaturako, musikako eta zinemako berrikuntzez gain, autoekoizpenen inguruan mintzatuko dira. Esker 1.000 egitasmoaren harira, euskal rockari buruzko solasaldi bat ere egingo dute.

EUSKAL IRRATIAK

Gaur goizean, konexioak egingo dituzte Durangotik. Eta, arratsaldean, Krakada kultur saioa osorik egingo dute azokatik, 17:00etatik 18:00etara.

TTAP ASTEKARI DIGITALA

Astekariak azokaren gida interaktiboa prestatu du gailu eramangarrietarako. Azokaren mapa interaktibo bat ere osatu dute, gunez guneko informazioarekin eta bakoitzaren arduradunari ahotsa emanda. Kolaboratzaileen eta elkarrizketatuen liburu eta disko gomendioak ere jaso dituzte, bideo formatuan.

INFO7

Kalegorrian irratsaioa Landakotik aurkeztuko dute gaur Oinatz Aizpuruk eta Amaia Zurutuzak, 08:30etik 12:30era. Gerediaga elkarteko lehendakari Nerea Mujikarekin emango diote programari hasiera. Ahotseneko Unai Pelaio eta Plateruenako Ihintza Orbegozo elkarrizketatuko dituzte. Eta azokako kartelaren egileak ere gonbidatuko dituzte: Txakur Gorria taldeko kideak.

AZOKA TB-TOKIKO KATEAK

Azoka TBk ekoitzitako hainbat saio gauero ikusi ahalko dira, 21:30ean, Goienan, 28 Kanalean, Erlon, Goierri telebistan, Oizmendi telebistan, Xaloan eta Hamaikan: Azokan gaur magazina, Ahotsenea zuzenekoak —talde bakoitzaren kanta bat—, Ahotseneko solasaldi bat egunero, eta Hautsi bolumena!. Azken saio hori bihartik aurrera egingo dute, Plateruenan, 12:00etan, eta bertan taldeen bideoklipak aurkeztuko dituzte. Kontzertu akustikoak ere egingo dituzte saio berean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna