Aro analogikoan aitzindari

Digitalak ekoizpen etxeak 30 urte bete ditu. Josu eta Martin Erguinek sortu zuten enpresa, sektorea erabat analogikoa zelarik teknologia digitalaren aldeko apustua eginda.
Digitalak ekoizpen etxearen <em>Pepe Mujica, La revolución tranquila</em> aste honetan eman dute ETB2n.
Digitalak ekoizpen etxearen Pepe Mujica, La revolución tranquila aste honetan eman dute ETB2n. DIGITALAK

Urtzi Urkizu -

2018ko abenduak 6
Berrikuntza teknologikoei adi eta erne, bere garaian aitzindariak izan ziren Digitalak ekoizpen etxekoak. Analogikoa zen mundu batean, digitalaren alde egin zuten apustua. Eta denborak arrazoia eman zien. Josu eta Martin Erguinek sortu zuten Digital Mobiles, 1988. urtean. Azaroaren 28an bete zituen enpresak 30 urte, eta proiektuz beteta jarraitzen du. Ofizialki erretiroa hartua du Josu Erguinek —berak proposatu zuen Kilometroak ikastolen aldeko jaia aurrenekoz egitea, Beasainen (Gipuzkoa), 1977an, zortzi urte lehenago AEBetan ikusitako ekitaldi batean oinarrituta—, baina ez dago geldirik. Nabarmendu du Joseba Erguin semeak jarraituko duela haren bezeroekin. Datozen asteetarako kanpaina eta lan berrietan ari da agentzia, sorrerako espirituari atxikita: berritzaileak izatea.

Digitalak-en lehen hilabeteetako lanaren adibide bat 1989ko udaberrian azaleratu zen. 1 Formulako Espainiako Sari Nagusia egiten ari ziren Jerezen, eta errenkadan unitate mugikor handi batzuk zeuden; tartean, furgoneta txikiago bat, Gipuzkoako Digitalak enpresarena. Eta hura zen digitalean lan egiten zuen bakarra. «TVEko emankizunaren irudiei look berri bat eman genien, efektu eta transizio berriak eskainiz», oroitu du Erguinek.

Hasieratik, bi arlotan nabarmendu zen Digitalak: ekoizpenetan eta zerbitzuetan. «Gaur egun, askok izaten dute ahoan start-up hitza. Hori izan ginen gu: ekipamendu txiki batekin eta kontzeptu berri batekin, mundu berri bat eskaini genion TVEri». 1989tik aurrera, TVEk bere emankizun handietan efektu digitalak eta errepikapenetako efektuak eskaintzeko aukera izan zuen Gipuzkoako enpresari esker.

Argiñano, bertsoak, Mujica

ETBrentzat, berriz, 1990eko martxoan hasi zen lanean Digitalak: Karlos Argiñanoren sukaldaritza saioa ekoizteari ekin zioten. «ETB konbentzitzea asko kostatu zitzaigun». Aldi berean, TVErentzat Club Disney saioa egiten jarraitu zuen ekoizpen etxeak. 2000. urtean utzi zioten Espainiako kateentzat ekoizpenak egiteari. «Ordutik, bereziki Euskal Herrian jarri dugu arreta».

2000tik 2011ra, ekoizpen etxeak Hitzetik hortzera saioa egin zuen, Bertsozale Elkartearekin batera.

Berria Telebistaren historiako aurreneko saioa Digitalak-en egoitzako platoan egin zuten, Lasarte-Orian (Gipuzkoa), 2009tik 2011ra: Esan ahala. «Aktiboak gara merezi duten proiektuen alde», esan du Erguinek.

Dokumental ugari egin ditu urteotan ekoizpen etxeak: 2011n, Hasier Etxeberria zenak Euskararen jatorria zuzendu zuen ETB1erako; 2015ean, Pepe Mujica, La revolución tranquila lana (Pepe Mujica, iraultza lasaia) egin zuten, Uruguaiko presidente ohiaren inguruan —ETB2k berriro eman du aste honetan—; Sukalde maisuak dokumental sorta ere egin zuten, euskal sukaldaritzako pertsona entzutetsuenekin. Aurten, Euskaltzaindiaren urteurrenaren kanpaina egin dute.

Erguinen arabera, urteekin handituz joan den ekoizpen etxe bat izan da Digitalak. «Nahiz eta hamar lankide garen, une jakin batzuetan 40 lagun aritu gintezke zerbaitetan lanean. Demagun iragarki edo kanpaina oso handi bat egitekoak garela; ba, langile gehiago behar dira. Produkzio motaren araberakoa da». Edonola ere, enpresan jarraitutasuna mantendu egin dela nabarmendu du Digitalak-eko sortzaileak.

Etorkizunari begira ere, «saiakera berrien» bila jarraituko dutela iragarri du Erguinek: «Duela hamar urte streaming zerbitzuak eskaintzen hasi ginen, eta gaur egun ere broadcast streaming-ak egiten ditugu Europan zehar». Enpresan ezin dela beti berdin jokatu iruditzen zaio Digitalak-eko sortzaileari. «Gauza berriak egiteak emozioa eta pasioa sorrarazten du. Orduko espirituari jarraitzen dio gaur egungo belaunaldiak».

Dena den, ekoizle beteranoak aitortu du egoera ez dela batere erraza ikus-entzunezkoen sektorean: «Gure ustez, sortzaile izan beharra dago, baina ez bakarrik edukietan, baizik eta zerbitzu eta produktu motan. Komunikazio erak aldatzen ari dira, eta, bide horretan, guk ere produktuak egokitzen ditugu egungo komunikazio modu berrietara».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna