Bizi-bizirik dago irratia

Irratiaren Nazioarteko Eguna da gaur. 30 irratik baino gehiagok euskara hutsean emititzen dute, baina EHUko irakasle Arantza Gutierrezek ohartarazi du aniztasuna falta dela dialean.

Euskadi Irratiko irratsaio berezi bat, Bilbon. CIESen arabera, irrati publikoak 142.000 entzule ditu. EITB.
urtzi urkizu
2019ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Zortzigarren urtez, Unescok Irratiaren Nazioarteko Eguna ospatuko du gaur. «Mundu baketsuago eta toleranteago baten bila», irratiaren garrantzia aldarrikatu nahi du erakundeak. Aurten, elkarrizketa, tolerantzia eta bakea hartu dituzte oinarrizko gaitzat. Euskal Herrian, hainbat irratik keinu bereziak egingo dituzte egunarekin bat egiteko: Euskadi Irratiak jolas bat proposatuko die entzuleei, eta irratiarekin lotutako bizipenak eta bitxikeriak kontatzeko eskatuko die. Radio Euskadik Bilboko Gran Viatik egingo ditu programa nagusiak, 08:00etan Boulevard saioarekin hasi eta Ganbara-ko albistegiarekin bukatu arte (20:40). Radio Vitoriak, berriz, bere egoitzaren ateak zabalduko dizkie entzuleei, 09:00etatik 15:00etara.

Ospakizunetatik harago, irratiek berebiziko garrantzia dute euskarazko komunikazio esparruan: 30 irratik baino gehiagok emititzen dute euskara hutsean. Horien artean, entzule gehien dutenak Euskadi Irratia eta Gaztea publikoak dira. Euskal Irratien federazioak bide luzea egin du Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan: herriz herri eta etxez etxe zabaltzen dira Gure Irratia, Antxeta irratia, Xiberoko Botza eta Irulegiko Irratia —Amikuzeko Irratia (Nafarroa Beherea) gaineratu zitzaion iaz—. Iruñerrian, Euskalerria Irratiak lizentzia lortu zuen 2015eko udan, borroka luze baten ostean. Araban, euskara hutsean emititzen du Hala Bedi Bi irrati libreak. Arrosa irrati sarean, hiruzpalau irrati libre elebidunak dira, eta beste hogeik euskara hutsean ekoizten dituzte irratsaioak —haien arteko trukeez baliatzen dira programazioa osatzeko—. Bizkaiko hiriburuan, aipagarria da Bilbo Hiria irratiaren lana, eta, Donostian, Ttan Ttakunena. Nafarroan, euskaraz aritzen diraXorroxin, Irati, Beleixe eta Esan-Erran irratiak ere.

Testuinguru horretan, Arantza Gutierrez EHUko irakasleak nabarmendu du aurten Naiz irratia iritsiko dela dialera —Arrosa sarean sartuko da—: «Orain arte, nazio mailako euskarazko irrati jeneralista bakarra genuen: Euskadi Irratia; eta, hemendik gutxira, beste bat izango dugu. Garrantzitsua da hori. Aipatzekoak dira, gainera, Bizkaia irratia, Segura irratia eta Arrate irratia». Hiru horiek ez daude Arrosa sarean.

Gutierrezek gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak 2012an deitu zuen lizentzia lehiaketak eragina izan zuela gaztelaniazko irrati batzuetan, eta euskarazko saioak jarri zituztela martxan. «Edonola ere, euskarazko irratigintzan ez daukagu gaztelaniaz eta frantsesez dagoen aniztasuna. Gainera, euskarazko irrati txiki askotan gorabeherak egoten dira saioen maiztasunean eta emisioan».

«Ezkortasunaren antidotoa»

Irratiaren Nazioarteko Eguna ospatzeko, Unescok ekitaldi bat antolatu du gaurko Parisen, erakundearen egoitzan, 11:00etatik 16:00etara. Irrati ekoizpenaren gaineko hainbat hitzaldi emango dituzte han.

Audrey Azoulay Unescoko zuzendari nagusiak gutun bat idatzi du. Nabarmendu duenez, nazioarteko sare handiek eta irrati komunitario txikiek erakusten dute irratia hedabide egokia dela eztabaida publikoa bultzatzeko, herritarren konpromisoa indartzeko eta elkar ulertzea inspiratzeko. «Duela ehun urte baino gehiago asmatu zutenetik, irratiak elkarrizketa berriak eragin ditu, eta ideia berriak zabaldu ditu etxeetan, herrietan, unibertsitateetan, ospitaleetan eta lantokietan. Gaur egun, irratiko elkarrizketa antidoto ona izan daiteke Interneten sarritan gailentzen den ezkortasunarentzat». Irratien pluraltasuna eta aniztasuna sustatzen saiatzen da Unesco. «Irratia komunikabide erreaktibo eta interesgarrienetako bat da oraindik ere. XXI. mendeko aldaketetara egokitu da, eta parte hartzeko modu berriak eskaintzen ditu; batez ere, premiarik handiena dutenei», gaineratu du Azoulayk.

Gutierrezek, era berean, irratiaren balioak goraipatu ditu, eta azaldu du irratia tresna egokia izan daitekeela herritar migrante askok hizkuntza bat ikas dezaten. «Euskarazko irratiek hizkuntzaren ikuspegitik egin duten lana ere hor dago. Duela hamarkada gutxi, herritar asko ez ziren gai euskaraz irakurtzeko, baina irratia euskaraz entzuten zuten». 1950eko hamarkadaren amaieran eta 1960koaren hasieran, irrati batzuetan azokako prezioak euskaraz ematen zituzten, euskaraz emititzea legez debekatuta zegoen garaian.

Halaber, EHUko irakasleak azaldu du herrialde askotan irratiak lan handia egiten duela zerbitzuak ematen: «Gure artean, trafikoaren zerbitzua aipa daiteke. Afrikako eta Latinoamerikako toki batzuetan, berriz, zerbitzu gisa erabiltzen dituzte irrati txikiak. Hiesaren aurkako kanpainak eta higiene aholkuak komunitate askotara iritsi dira irratiari esker».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.