Aitor Zubieta. ETB1eko 'Bostekoa' saioko aurkezlea

«ETBren eta irratien arteko jokoa oso polita gelditzen ari da»

Herri kirolen inguruko saio bat estreinatuko du gaur ETB1ek. Zubieta lehiako partaideekin eta herritarrekin solasean arituko da ostegunero.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
urtzi urkizu
2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
2007tik 2017ra pilotari profesionala izan zen Aitor Zubieta (Etxarri-Aranatz, Nafarroa, 1984). Gaur egun, Aguraingo (Araba) Lautada ikastolako IKT arduradun eta irakasle lanetan dabil. DBHn matematikako, robotikako eta informatikako eskolak ematen ditu.

Berehala eman al zenion baiezkoa saioa aurkezteko proposamenari?

Nik esan nien ikastolako ordutegiak direnak direla. Baina ETBtik argi zuten saioa nik aurkeztea nahi zutela, eta ordutegiak moldatuko genituela. Esfortzu handia egin dute nire ordutegietara moldatzeko.

Pilota utzi zenuenean irudikatzen al zenuen aukera bat izan zitekeela telebistan lan egitea?

Ez, egia esan, ez. Zenbaitek esaten zidaten «Telebistan bukatuko duzu!». Baina ez zegoen nire helburuen artean.

Nola joan zaizkizu herrietan egindako aurreneko grabaketak?

Oso ondo. Batetik, lantalde oso ona dut: erredaktoreak, kamerak, zuzendaria... Bestetik, herrietako jendea gozamena da: oso irekiak, dena jartzen dute, lehia oso serio hartu dute. Natural doa dena, lana erraztu egiten dit.

Zer ezaugarri ditu programak?

Saioak bi zati ditu. Lehenengoan, bi herri bisitatzen ditut, partaideak ezagutu eta nola entrenatzen duten ikusten dugu. Kasu batzuetan, partaide ez diren herritarrekin ere egoten gara. Bigarren zatia lehia erabatekoa da, Mungiako [Bizkaia] plazan. Lehiaketa horretan epailea eta probak aurrera eramaten dituen koordinatzailea naiz. Gaur, Ibarra eta Tolosa [Gipuzkoa] izango dira lehian.

Tokiko irrati txikiekin ere elkarlanean ari zarete, ezta?

Bai, irratiak lan bikaina egiten ari dira. Lehiaren egunean, irratiak plazan izaten dira, eta probak erretransmititu egiten dituzte.ETBren eta tokiko irratien arteko jokoa oso polita gelditzen ari da.

Herri kirolen zale amorratuak ez ezik, bestelako ikusleak ere bereganatu ditzake Bostekoa-k?

Herri kirolen ingurukoa da saioa, baina partaide apartak ezagutuko ditugu. Gehien kateatuko duena da zer erronka mota diren ikusteak, zer lehia duten ikusteak ere bai. Sekulako prestakuntza daramate partaideek, eta egiten ari diren denborak harrigarriak dira. Gure kulturan lana eta esfortzua ikustea gustatzen zaigu, eta hori sobera dago saioan.

Herri kirolek euskarazko komunikabideetan ikusgarritasun handiagoa merezi al dute?

Euskal kulturaren barne kirol mota asko sar ditzakegu. Batzuek oihartzun txikiagoa dute. Baina, adibidez, giza proba ez dago oso zabaldua; berriki ezagutzea tokatu zait, eta ikusgarria da. Beste kirolek adina kateatu zaitzake.

ETB1en pilota partidek oso ikusle datu onak izan dituzte. Pilota munduaren inguruan patxadaz hitz egiteko saio bat nola ikusiko zenuke?

Ondo. Niretzat, pilota sustatzekoegiten den guztia onuragarria da. Pilotaz Euskal Herri osoan hitz egiten da. Futbolarekin egiten den moduan, jendeak ikusiko luke pilotari buruzko solasaldi saio bat.

Kirolari lotua ez ezik, zein beste gairi lotutako telebista saio ere egingo zenuke?

Ez dut neure etorkizuna telebistan lanean irudikatzen. Baina naturarekin edo kulturarekin lotutako zerbait egingo nuke. Oraingoz, Bostekoa saioarekin oso pozik nago.

Zein da telebista munduan gehien miresten duzun profesionala?

Jeremy Wade oso ona da; River monsters saioan, ikusgarri egiten du arrantza. Arrantzazaleak ez direnentzat erakargarri egiten du pisutsua izan daitekeen gai bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.