Isilaraziak eta torturatuak

Mugarik Gabeko Kazetariek salatu dute Mendebaldeko Sahara «zulo beltz bat» dela kazetaritzarentzat. Madrili eta Parisi eskatu diete hausteko Marokorekiko «isiltasun konplizea».

Emakume saharar bat, Hausan. Tindufeko Smara wilayan dagoen daira da Hausa. KRISTINA BERASAIN.
urtzi urkizu
2019ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Abdellahi Lakhfawni, El Bachir Khadda, Hassan Dah eta Mohamed Lamin Haddi. Mendebaldeko Saharako lau kazetari horien izen-abizenek ez dituzte hedabideetako lerroburu nagusiak betetzen. Preso daude, zigor luzeak betetzen; Mugarik Gabeko Kazetarien arabera, Marokok «arbitrarioki» atxilotu zituen. Gdeim Izik-eko kanpalekuetan, 2010eko azaroan, istilu oso bortitzak egon ziren Marokoko segurtasun indarren eta han zeuden sahararren artean. Ondotik, epaiketa militarrean zigortu zituzten kazetariak: Khaddari hogei urteko zigorra jarri zioten, Dahri eta Lamin Haddiri 25 urtekoa, eta Lakhfawniri biziarteko kartzela zigorra. «Torturatu egin zituzten, eta espetxean bakartuta izan dituzte hilabete luzez». Hala jasotzen du Mugarik Gabeko Kazetarien Mendebaldeko Sahara: basamortu bat kazetaritzarentzat txostenak. Madrilen aurkeztu zuten atzo.

Lau kazetari horiez gain, bada Mendebaldeko Saharako beste kazetari bat preso, bosgarrena: Mohamed Bambari. 2011n, istilu larriak izan ziren Dakhla hirian bi futbol talderen zaleen artean. Bambari istilu haiek grabatzen aritu zen kamerarekin. Lau urte geroago, atxilotu egin zuten, eta istiluetan parte hartu izana leporatu zioten. Hamabi urteko espetxe zigorra jarri zioten, eta sei urtera murriztu 2016an.

Edith R. Cachera kazetariak landu du txostena. Iruditzen zaio «aberrazio hutsa» dela lau kazetari auzitegi militar batek epaitu izana. 2013an gertatu zen hori, eta, nazioarteko presioaren ostean, 2015ean beste auzitegi batek epaitu zituen, eta zigor guztiak berretsi. «Kazetarien aitorpen guztiak torturapekoak izan dira. Gobernuz kanpoko beste erakunde batzuek ere salatu dute hori».

RASD TVko Salah Labsir kazetaria, berriz, 2015ean atxilotu zuten. Duela egun batzuk atera da espetxetik, eta liskarrak izan dira irteteko garaian. Mendebaldeko Saharako kazetarien aurkako erasoek ez dute etenik izan: aurten, urtarrilaren 13an, Aaiungo aireportuan, zortzi poliziak Mohamed Mayara Equipe Mediako sortzailea atxilo hartu eta bortizki jo zuten.

Txostenak jasotzen du kazetaria eta emakumea izateak «zaurgarritasun bikoitza» dakarrela: Nazha El Khalidi kazetaria iazko abenduaren 4an atxilotu zuten,sare sozialetan Aaiungo manifestazio baten berriematen ari zela. «Sakelakoa konfiskatu zioten, eta lau orduz tratu txarrak jaso zituen komisarian».

Deia Madrili eta Parisi

Cacheraren iritziz, Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan ez dago prentsa askatasunik. «Kazetaritza badago, ordea. Bideo bidezko aktibismoa egiten ari diren kazetari ausartak daude. Bizitza jokoan jartzen dute kazetaritza egiteko». 2009an, hainbat kazetarik eta bideoaktibistak Equipe Media sortu zuten. Haien lana, «arriskuz betea», 3 stolen cameras dokumental laburrean jasota dago.

Txostenaren amaierako gomendio gisa, Mugarik Gabeko Kazetariek Marokoko Gobernuari eskatu diote bermeekin epaitzeko kazetari presoak eta lagatzeko trabak jartzeari Mendebaldeko Saharan sartu nahi duten kazetariei. Europako Batasunari, eta bereziki Espainiako eta Frantziako Gobernuari, eskatu diete eteteko Marokorekin izan ohi duten «isiltasun konplizea» eta salatzeko kazetari sahararren aurkako errepresioa.

«Marokorekiko harremanek dena baldintzatzen dute, baita Espainiako komunikabide batzuen jokabidea ere», azaldu du Mugarik Gabeko Kazetarien kideak. «Gobernuei ez ezik, kazetariei egin nahi diegu deia. Gatazka politikoa da, eta ahaztuta dago; interesak daude atzean». Cacherari, bestalde, Saharako hainbat kazetarik aitortu diote Fronte Polisarioa ez dela asmatzen ari diskurtsoak zabaltzen.

Blokeoaren beste ardatz bat atzerriko kazetarien deportazioa da; azkeneko urteetan, Marokok Europako kazetari ugari deportatu ditu. Mugarik Gabeko Kazetariek Marokoko Gobernuaren hainbat instantziatan galdetu dute kazetari presoen egoeraz eta informazio askatasunaz, baina ez dute jaso erantzunik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.