Kooperatiben argi eta itzalak

Kazetaritza Feministari Buruzko II. Kongresua hasi dute. 'La Directa', 'El Salto', 'La Marea' eta 'Pikara'-ko lau kazetarik eredu horizontal eta kooperatiboen zailtasunak azaldu dituzte.

Internet bidezkoak izango dira kazetaritza feministako kongresuaren ekitaldi gehienak. Irudian, atzokoa. PIKARA MAGAZINE.
urtzi urkizu
2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Kazetaritza feminista egiten dute, baina ez dute egitura handien babesa: La Directa, El Salto, La Marea eta Pikara Magazine hedabideen kazetariek makina bat zailtasun gainditu behar dituzte, haien eredua ez delako hedabide dirudun eta arranditsuena. Lucia Martinez Kazetaritza Feministari Buruzko Kongresuaren lehen egunean, haien ereduen berri eman zuten atzo.

La Directa-ko kolaboratzaile-bazkidea da Anna Celma Melero.«Kontrainformazioko hedabide gisa jaio zen La Directa, [Katalunian], eta lehen hamar urteetan irabazi asmorik gabeko elkarte bat izan zen». Harpidetzekin finantzatu izan da sortu zenetik—gaur egun 3.000 harpidedun ditu—. Hamabostean behin argitaratzen da paperean, eta webguneak aktualitatea lantzen du. 2016an, kontsumoko kooperatiba bilakatu zen. «Prozesua luzea izan zen. Zorionez, Katalunian kooperatiben sare indartsua dago. Laguntza jaso genuen kooperatiba bihurtzeko prozesua egina zuten batzuen aldetik». Nabarmendu du egun duten erronka nagusietako bat Herrialde Katalanetako toki guztietara iristea dela. Hamabi langile ditu orain kooperatibak. Bazkide-kolaboratzaile figura ere sortu dute, eta haiek boto eskubidea dute batzarretan. 200 kolaboratzaile ditu La Directa-k, baina ez dira denak bazkide. Kazetaritza kontseilua, zuzendari kontseilua eta kontseilu soziala dituzte.

Patricia Reguero kazetariak azaldu du kooperatiba integrala dela El Salto hedabidea. Hiru bazkide mota ditu: langileak, kontsumitzaileak eta harpidedunak. «Eredua eztabaidan dugu, kooperatiba integrala izateak zenbait muga dituelako. Lan kooperatiba bihurtzea da aukera bat».

La Marea-ko koordinatzaile Magda Banderak aldizkari horren sorrera aipatu du: «Público-k paperezko egunkaria itxi zuenean sortu genuen hedabidea, eta hasieratik kooperatiba integrala izan gara». Arazoak sortu izan dizkie kooperatiba integrala izateak, ez baitituzte diru laguntzak jaso. «Asko kostatzen da kooperatiba bat dinamizatzea. Azken batzar orokorra antolatzea bera ere asko kostatu zaigu. Burokraziak dezente jan gaitu, gainera».

Pikara Magazine-ko Tamia Moralesek azaldu duenez, Bilboko hedabidea gaur egun irabazi asmorik gabeko elkarte bat da. «Hasieratik ez da negozio edo enpresa ideia egon aldizkarian. Behar bat betetzeko proiektu gisa jaio zen». Kooperatiba izateko bidean da orain Pikara Magazine, eta hala bihurtuko da urtarrilean.

Hedabide txiki horien horizontaltasuna izan dute hizpide. Adibidez, hedabide horizontala da El Salto, El Diagonal-en eredua jasota. «Kazetaritza feminista egiteko modu koherentea da. Ni eroso nago hierarkiarik ez dagoen ereduarekin», esan du Reguerok.

La Marea-ko koordinatzaileak, berriz, hierarkiarik gabeko eragozpenak aipatu ditu: «Erakunde batzuetatik deitzen zutenean, galdetzen zuten nor zen arduraduna; erantzuten genien ez zegoela halakorik, eta trufaka hasten ziren. Orduan pentsatu genuen bazuela bere balioa hedabide baten arduraduna emakume bat izatea». Zuzendaritza La Marea-ko langileek aukeratzen dute.«Komunikabidearen gaineko erabakiak zuzendaritza kontseiluak hartzen ditu. Ardura batzuk onartu behar dira».

Pikara-n rolak banatu egitendituztela azaldu du Moralesek. «Erredakzioan lau ari gara lanean, eta erabakiak adostasunez hartzen ditugu. Kolaboratzaileak asko zaintzen ditugu; horretan saiatzen gara».

Hain zuzen ere, kolaboratzaileen zaintza izan da beste mintzagai bat. Reguerok zera esan du: «Kolaboratzaileei bizkor eta eta gardentasunez erantzutea garrantzitsua da. Maitasunez editatzea ere funtsezkoa da».

Meleroren arabera, jende guztiak ezin dio denbora eskaini kazetaritza aktibistari. Hala gogorarazi du, bestalde: «Egiturazko laguntzarik ez dugu; soilik katalanez argitaratzeagatik jasotzen dugu laguntza bat, baina ez da gure egituraren oinarria».

Gaur eta bihar, solasaldiak

Kongresuak gaur jarraituko du, honako mahai inguru hauekin: Ikerketa kazetaritza feminismoaren ikuspegitik; Prentsa feministako ilustrazioak; eta Komunikatzaile feministek jasaten duten ziberindarkeriari aurre egiteko zaintza. Bihar bukatuko da kongresua, Autozentsura eta sare sozialak gaia hizpide hartuta.

Pikara Magazine-ko Andrea Momoitiok zera aitortu du, lehen egunean: «Kritikak jaso ditugu kongresuko ekitaldiak gaztelaniaz direlako. Onartzen dugu kritika, eta badakigu Pikara Magazine-n euskararen presentzia ez dela nahikoa».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.