BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA (ETA V)

Faja de las Flores (omen)

Ordesan dago Faja de Las Flores, Gallinero mendiaren azpialdean, 2.300 metroko altueran, eta Carritako eta Cotatueroko zirkuak lotzen ditu. Hura igotzeko asmotan abiatu ziren Azkue aita-semeak, baina gero jabetu ziren igotakoa Faja Blanquera ederra zela.

Faja de las Flores (omen).
2016ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Goiz jaiki gara, azkenaldian egunero bezala, etxekoen goxotasunik ez daukaten ohe txiki hauetatik. Hirugarren gaua egin dugu elkarrekin, eta Respomusoko aterpetxea erosoa izanagatik, hoteleko logela honek badauzka hark ez bezalako abantailak; adibidez, atzo arratsaldean ia ertzeraino beteta probatu genuen bainuontzi ederra. Zazpietan iratzargailuak jo duenean, ez gara askorik luzatu: minutu gutxi batzuk komunekoak egin eta janzteko. Harrituta ere banabilek hirekin, etxean jaikitzeko zeinen galbanatsua haizen jakinda... «Utziozu, 15 urte dauzka!», esaten zidak hire amak, baina hain diferenteak gaituk biok, aita-semeak izanagatik… Hik disfrutatu egiten duk ohean; nik, berriz, lotarako ordu minimoak eginez gero, nahikoa. Errepide bazterreko taberna batean gosaldu dugu azkar, eta autoan Torlara abiatu gara

Aspaldi neukan Faja de las Flores egiteko gogoa, Ordesan (Aragoi, Espainia). Askotan entzuna nuen, hitz politekin batera: ederra, ikusgarria, erraza... Gallinero mendiaren azpialdean dago, 2.300 metroko altueran, eta 3 kilometro inguruko bidexka lauak Carriatako eta Cotatueroko zirkuak lotzen ditu, bailararen gaineko balkoi zirraragarriak. Bi norabideetan egin daiteke, baina bietan dago klabijetatik igo edo jaitsi beharra, eta horrek bereziki erakargarri egiten du, batzuei—bertigoa dutenei— langa jartzearekin batera. Pirinioetara etortzeko plana egin genuenean, ez nian izan lan handirik hi konbentzitzen Faja egiteko. Ez diat kexa handirik sumatu artean, eta eskertzekoa duk semea bidaide on ere bihurtu izana, beste inor gabe egin dugun lehen irteeran.

Torlaren sarreran aparkaleku handi bat dago, egunero ehunka auto eta milaka bisitari hartzen dituena. Uda garaian ezin da Ordesara autoz igo, baina autobusek 15 minutuan behin betetzen eta husten dituzte bisitariez betetako barrenak, Torlatik Ordesara eta alderantziz. Guk 08:00ak ingurukoa hartu dugu. Garaiz ibili nahi nuen, ihes egin nahi niolako ordu jakin batetik aurrera ugarituz doan turista ibiltari saldo handi horri… Geu ere horietakoak izango ez bagina bezala! Horregatik, hor ibili nauk hi akuilatu eta akuilatu, mugiarazteko. Autobusetik jaistean, Ordesako zelaian (1.310 m), emozio berezia sentitu dut. Baziren hogei urte hona etorri gabe, baina itxuraz ingurua ez da batere aldatu, eta edozein lekutara begiratuta ere, oroitzapenak irten zaizkit zirrikitu guztietatik: Gorizerako igoera eta handik zabaltzen diren aukerak, eskalatzen Tozalen eta Gallineron etab.

Soaso alderako bidea hartu dugu, oinezko gehienekin batera erromesaldian, baina, berehala, bidegurutze batean ezkerrera egin dugu, Cotatuero aldera. Bidea zabala da oraindik, baso ederrean barrena, eta aldapa etenik gabe doa gora, suabe-suabe. Erraz eta arin ikusi haut igotzen, ia kantari edo txistua jotzen ere bai. Ni izerditan… Ejem! Garbi dago zeinek daraman motxila!

Basoa soiltzen hasi denean, harrizko hormatzarra azaldu zaigu handi bezain eder ezkerraldean, Gallineroren espoloia. Gero, Pared de la Cascada izenekoa aurrealdean, eta lepoa okertu dut gora begira. Joakin Zubeldiarekin akordatu naiz: beti esaten zuen Chamonixera iritsi, autotik jaitsi eta tortikolia ematen zuela mendiari begira jarrita.

—Begira! Han! Eskalatzen! Ikusten dituk?

Bi lagun ari dira paretan gora, eta inbidia handia sentitu dut, ezintasunarekin batera.

Bide zabala bidezidor bihurtu zaigu, Cotatueroko klabijetara (1.900 m) gerturatzean. Han, bi lagun ari ziren igotzen, eta haiei begira egon gara. Behin pasatua naiz hemendik, eta gogoan daukat ez dela zaila, baina bai kontuz ibiltzekoa. Trasteak aterata, nola egingo dugun azaldu diat: arnesean bi zinta jarrita, mosketoien bidez kablera lotu, eta aurrera egin ahala, mosketoia atera eta sartu kabletik. Garbi utzi nahi izan diat eroriz gero zintzilik geratuko haizela, eta zinta batek huts eginez gero bestea ere hor dagoela. Baina ez haut urduri ikusi. Askotan inbidia ematen zidak hire patxada horrek, seme. Horrela ekin diegu klabijei: kable sendo batek lagunduta, burdinazko zirien bideari jarraitu diogu, guztira 150 metro inguruko pasabidean gora. Burdinazko ziriak 1881ean sartu omen zituzten Torlako bi errementarik, ehiztari ingeles batek aginduta, goiko parajeetara errazago iristeko ehizara. Elkarren ondo-ondoan badaezpada, hasi gara igotzen, eta batere estutasunik gabe, ia konturatzerako amaitu zaizkigu zailtasunak. Goian, erreka dator indartsu, eta trepetak kenduta eta gordeta, belardian eserita zerbait jan eta edan dugu, inguru zoragarriari begira. Oso txikia eta ezdeusa sentitu naiz, hainbesteko indarra daukan natur inguru honetan.

Gero, bidexkatik gora egin dugu, eta Fajaren hasieraren bilaabiatu gara. Eskuinaldean, Millaris sakonunearen ingurua utzi dugu, Goriz alderako pasabidea, eta, gorago, hara non azaldu zaizkigun bide ondoan edelweissak, sortaka. Aspertu arte jardun dut argazkiak ateratzen.

—Hi, zenbat argazki! —esan didak. Loreak besterik ez dira-eta.

—Loreak, baina ez edozein, Rubio. Edelweissak betirako loreak dituk, ez dituk sekula ihartzen.

Bidexkari jarraituta, ezkerrera hartu dugu, bidezidorraren bazterretan dauden harri pilei jarraituta, noiz sartuko Fajan. Gallineroren espoloia oraindik parean daukagu, eta badakit azpian utzi behar dugula, gu gorago igota. Ez nagok konforme. Begira eta begira ari nauk, zerbaitek ez didalako koadratzen. Harriak botatzen harrapatu haut.

—Zer ari haiz?

—Zerbait egin behar ez aspertzeko...

Bidexkan mendebaldera egin ahala, tarteka atzera begiratuta, mendi berriak eta handiak agertu zaizkigu bizkarraldean, antzerki bateko teloiaren atzealdetik bezala: Brecha de Rolando eta Casco, Cilindro eta Perdido... A zer ikuskizuna!

Bidexkan aurrera egin dugu, horma bertikal baten azpialdean sartuta, nahikoa ordekan. Bi mutil atzetik datozkigu, urrutian, 100 metro ingurura. Oihu egin digute:

—Eeee…!!!

Jiratu, eta begira geratu gatzaizkie:

¿Es ésta la Faja de las Flores?

¡Sííííí….! —nik, eta «Espero», nire baitarako. Zer izango da, ba? Bideak hona ekarri gaitu-eta…

Aurrera egin dugu. Eguzki ederra dago, zuria eta beroa, begien gozagarri, koloreak nabarmen areagotzen dituena, eta beltzarana gorri bihurtu aurretik eman dugu eguzkitako krema. Inguruari begiratu diogu; hemen dena da handia, dena da ikusgarria. Bereziki deigarria egin zait inguruko kareharri zuria, azpialdeko hormatzarretan gehienbat gorrixka delako. Bidea estua da, eta gorabeheratsua: batzuetan oso markatuta dago, eta, zorionez, egiaztatu ahal izan dut ez gabiltzala galduta; beste batzuetan, berriz, badirudi ahuntzek-edo egindakoa dela. Halako batean, hara non ikusi ditugun gure bidegileak: sarrioak aurrealdean! Presarik gabe alde egin digute, eta handik gutxira, gehiago ikusi ditugu eskuinaldeko horma bertikalean, haitzen arteko leihoetatik agertuko balira bezala.

Tarteka, egokitu zaigu pasabide arriskutsuren bat, eta hortxe ikusi haut arduratzen pixka bat. Batzuetan pendizean behera egin behar izan dugu, kontu handiz, bide egokia aurkitzeko, eta hor sumatu dugu behealdeko amildegia, inbutu baten antzekoa, 400 metroko hormatzarra, hutsunea. Hor ibili gara, bi pauso aurrera eta bat atzera harritzan, baina ahalegindu nauk hi samur eta gozo eramaten. Ezkerralderako amildegiak tira egiten zuen, iman batek bezala, eta gorputza haitzera ondo itsatsita ibili gara behin baino gehiagotan. Ez zen broma, ez zenez broma!

Ahotsak entzun ditut, jendea barrezka, baina inor ez agerian. Kukuka jolasten ari ote dira gurekin? Errezeloa hartzen hasia naiz, ageri zaiguna ez dudalako ikusi etxean, behin eta berriz ikuskatutako argazkietan. Non sartu gara? Bidexka —dagoenean— nahikoa ordekan doa, paretatzar bertikalaren azpialdetik aurrealdeko mendi-bizkarrera, eta hara iritsitakoan, beste bizkar bat ageri da urrunean, eta gero beste bat, ibilbidea amaituko ez balitz bezala. Buelta ematea ere pentsatu dut, baina iruditu zait honezkero Carriata gertuago daukagula Cotatuero baino. Bero egiten du, eta itzalgune batean geldialdia eginda, Tang ia mirarigilearen azken tantak edan ditugu, ihartutako landareak bagina bezala. Tozal de Malloren goialdea ezagutu dut. Han amaituko zaigu bidea.

Halako batean, iritsi gara Carriatako Zirkura. Han arindu dugu motxila, azken jatekoak irentsita, eta behera abiatu gara ia zorabiagarri jaisten den bidean. Salaronseko klabijak kontu handiz baina azkar pasatu ditugu, eta berriz ere bide erosoagoan, han joan gara aldapan behera pilotak bagina bezala, gertu sumatzen den edari hotzaren irudiak pausoa azkartuta. Tarteka geldialdiak ere egin ditugu, ordea, inguruari begiratzeko; harrigarria da, adibidez, nola aldatzen duen itxura Tozalek, orain ertz zorrotza eta aizto-ahoa, orain pareta ia gaindiezina eta erretaula. Tozalaren goialdean, motorrik gabeko hegazkin bat dabil bueltaka, kiribiletan kateatuta bezala. Halako batean iritsi gara behera, Ordesako zelaira, eta tabernari eraso eginda edan ditugu zeuden zerbezarik eta Coca-Colarik handienak.

—Allau gea —jarri didak Whatsappez.

—Zemuz? —erantzun diat.

—Ondo.

Elkarrekin egin genuen bidaiaren zati bat ekarri diat hona, Faja de las Flores egin beharrean, deskuidatu eta 100 metro beheragotik doan Faja Blanquera ederra egin genuenekoa. Heuk hamabost urte heuzkan, eta nik orain baino lau urte gutxiago, eta bidaia hartan hazi, handitu egin hintzen nire begien aurrean. Orain mezua bidali diguk, ondo ailegatu haizela Jacara, Pirinioetara lagunek elkarrekin egin duzuen lehen bidaian. Bihar Aspe, etzi Collarada… Nik inbidia galanta sentitu diat, eta poza, eta oroitzapenen hariari helduta, elkarrekin egindako bidaia hura gogoan, kontakizun hau idatzi diat, hurrena benetako Faja de las Floresera elkarrekin joateko esperantzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.