Ezkerraldean euskaldun izaten saiatzen

Ezkerraldean euskaraz bizitzeko hautua egina dute Iholdi Beristainek, Iker Aginagak eta Asier Alcedok. Gazteak dira, sortzaileak eta Ezkerraldekoak. Euskaraz aritzea ohikoa ez den eremu batean, euren hautua gehiagorena izateko lan egiten dute.

Asier Alcedo. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko martxoaren 20a
00:00
Entzun

Iholdi Beristain.

«Euskaraz hurbiltzen zaizkit haur asko, eta hori poztekoa da»

Erreferentziala dela badaki Iholdi Beristainek (Portugalete, Bizkaia, 2001). Bagoaz! talent showa irabazi zuen joan den urtean, eta Go!azen telesailean Nahia izan da azken denboraldian. Aktore lanetan dabil bertan, baina kantuan zein dantzan ere aritzen da telesailean zein telesailetik kanpo. Hala ere, ez du bere burua aktore, abeslari edo dantzari izatearekin lotzen; «euskaldun izatearekin, ordea, bai». Haur eta gazteen artean arrakasta handia duen telebista saio batean agertzen da, gainera, eta horrek bere eskualdean ematen dion ikusgarritasunaren jakitun da: «Euskaraz hurbiltzen zaizkit haur asko, eta hori poztekoa da». Askok euskararekin lotzen baitute Berastegi; hainbeste, gazteleraz ez dakiela ere pentsatzeraino.

Ikastolan zein etxean jaso du euskara, eta eremu horietan euskaraz bizi dela dio. Hala ere, ez du bere burua euskaldun ideal gisa definitzen: «Ez dut uste euskaldun perfekturik dagoenik; nik askotan gramatikalki gaizki hitz egingo dut, eta erdarara ere jo izan dut. Horregatik diot ez naizela euskaldun ideal bat, baina eredugarria bai; euskaldun guztiok baikara eredugarriak, nire ustez».

Eredugarria izan daiteke, esaterako, haur eta gaztetxoentzat. Horrela dela jakitun da, eta horregatik hartu zuen parte duela bi aste Portugaleteko merkatu zaharrean antolatutako hitzaldi batean. (H)arituz elkarteak antolatuta, Iker Aginaga rap abeslariak eta Ibon Larrinaga boxeolariak hartu zuten parte, Ezkerraldekoak izanagatik ere euskaldunak direla erakusteko. «Haur asko inguratu ziren ekitaldira, eta poztekoa izan zen, ez baita gauza bera irakasle batek euskaraz egitera anima ditzaten, edo eurentzat erreferente izan daitekeen pertsona batek». Hitzaldi horretan haur horien arreta bereganatu zutelako, gustura atera zen, gainera: «Akaso, ez dute beteko nik aldarrikatzen dudana, baina arreta jarri zuten, eta hori garrantzitsua da».

Berastegik onartu du, hala ere, berarena bezalako kasuak ez direla oso ohikoak Ezkerraldean: «Guraso biak euskaldunak izatea ez da hain arrunta, eta gure etxean ez da erdarara jotzen; ikastolan beti euskaraz egiten nuen, nire konfort gunea zen, eta ez nuen ulertzen besteek zergatik egiten zuten erdaraz». Belaunaldi berrietan, egoerak berdin jarraitzen duela ikusten du, gainera. «Ikastolako jolastokian haurrek normalean euskaraz egiten dute, baina denboran aurrera joan ahala ez, eta hor egin behar da ahalegina». Bera bere aldetik eredugarri izango da aurrerantzean ere, eta Portugaleten beregana joaten direnean, haurrek euskaraz egingo dute aurrerantzean ere.

 

Iker Aginaga.

«Behar denean esango dugu Ezkerraldekoak eta euskaldunak garela»

Rapa izan zen Iker Aginagarentzat (Barakaldo, Bizkaia, 1995) euskarara iristeko atea. Artean gaztetxoa zela, 2009. urtean, Revolta Permanent taldea sortu zuen Iker Villarekin batera. Eta ordurako euskaraz kantatu behar zutela argi zeukaten biek: «Bagenuen grina; ogia gazteleraz erosi behar genuenez, euskaraz kantatzea erabaki genuen. 121 Crew taldeko Endikarekin batera hasi ginen, gainera, raparen mundu honetan, eta berak hautu hori egina zeukanez, errazagoa izan zen jauzia egitea». Baina euskaraz kantatzeko hautua euren egunerokotasunera zabaldu zuten orduantxetik aurrera. Kanturako hartutako hizkuntza hautaketa eguneroko bizitzara ere eraman nahi izan zuten. Modu kontziente batean, gainera.

«Barakaldon 18.000 euskaldun daude, baina horietatik bakarrik 3.000k erabiltzen dute; aldarrikapen moduan egin genuen hizkuntzaren hautua, eta hori eguneroko bizitzara zabaldu genuen, erabilera zabaldu behar delako». Eta ordutik aurrera, ahal den eremu gehienetara zabaldu du Aginagak hautu hori: «Hala ere, zaila da ohitura batzuk aldatzea; nik 20 urte nituela hasi zen nire ama euskaltegira joaten, eta berarekin hizkuntza aldatzea zaila da». Horregatik dio euskaraz aritzeko eremu erosoak sortu behar direla, eta hori da bere helburua: «Zure aurrean duzun pertsona aldatzea da helburua, eta ni nire inguruan saiatu naiz horretan; erantzun didate, eta horrek animatu egiten zaitu».

Eskoletara ere maiz joaten da gazteei euskaraz egitera animatzera. «Rapa beti izan da gazteengandik gertu dagoen musika, eta, alde horretatik, askotan harritu egiten dira nola Barakaldokoa izan eta euskaraz kantatzen dugun». Euren musika ibilbidean behin eta berriz entzun behar izan duten aipamena da hori. «Jendea harritu egiten da hortaz jabetzen denean, baina garrantzitsua da ikus dezaten Ezkerraldea ez dela erabat erdalduna, eta gu horren eredu gara». Hori nabarmentzen denean askotan pena hartzen duela onartu du, baina hori aldatzeko lanean jarraitu behar dela dio: «Behar den guztietan esango dugu Ezkerraldekoak eta euskaldunak garela».

Eta hori gazteei ere errepikatzen die, behin eta berriz. «Euskaraz ikasten dute haur denek, baina eskolatik kanpo euskaraz hitz egiteko hautua egitea falta da, kontzientziazioa; behin eta berriz esaten diet euskara ez dela hizkuntza akademiko bat, eta nik uste dut gure gaztetasunak balio duela euren arreta geureganatzeko». Gazteei interesa pizten zaie halako kasuetan, eta normalean erreakzioak positiboak izaten direla azaldu du Aginagak: «Gero, akaso, ez dute hautu hori egingo, baina jendearengana iristea bakarrik positiboa dela iruditzen zait». Bere adibidearekin erakusten baitu, nahi izanez gero Ezkerraldean ere euskaraz bizitzen saia daitekeela.

 

 

Asier Alcedo.

«Ezkerraldeko euskaldunok harrotu egin behar dugu»

Ezkerraldean euskal oasi txiki bat topatzea lortu du Asier Alcedok (Portugalete, Bizkaia, 1996). Bertsotan aritzen da bera Ezkerraldeko eta Enkarterrietako beste kideekin batera, eta hor topatu du txoko propioa: «Badakizu oasi bat dela, ez dela Ezkerraldearen benetako egoera, baina horrela bizi dut; oasi horretan aritzen gara bertsotan, nahiz eta badakigun hori ez dela errealitatea». Baina ekosistema hori txikia izanagatik ere, ar hori zabaltzea da euren asmoa: «Helburu laburrena hori da, euskarazko ekosistema txikiak sortzea, eta jendea kutsatzea».

Ikastolan izan zuen bertsolaritzarekin lehen harremana, eta orduan taldetxo bat sortu zuten bertsotan aritzeko. Utzi zuen ohitura hori, baina geroago bertso udalekuetara joan zen, eta han ikusi zuen bera ez zela «estralurtar» bakarra. «Ikusi nuen ez nintzela bakarra kantu zaharrak kantatzea gogoko zuena; nik hor ikusi nuen bertsoena ez zela gauza arraro bat». Ezkerraldean badelako: «Bertsolaritza eremu euskaldunekin lotzen dute askok, folklorearekin, edo Gipuzkoarekin, handik datozkigulako euskarazko erreferentzia kultural guztiak». Baina batzuentzat arrotza dena, beste askorentzat erakargarria da. Eta bere kasuan horrela izan zen.

Ezkerraldean euskaraz bizitzea zaila dela onartzen du, «baina azkenean norberak bilatzen ditu bere eremuak». Baina hori ere ez da erraza, «topiko asko baitaude Ezkerraldeko euskaldunen artean, eta horiei aurre egitea zaila da». Topiko horien artean daude, esaterako, tokiko euskara artifiziala izatea, euskalki propiorik ez edukitzea edo euskara elkarrizketa informal bat izateko tresna gisa ez ikustea. Eta euskalkiak dituzten beste euskaldunen aldetik mespretxurik ez, baina beste jarrera bat sumatzen du Alcedok. «Horregatik, Ezkerraldeko euskaldunak harrotu behar dugu, ahaldundu; nik, adibidez, etxean ikasi dut euskara, eta egunerokoan erabiltzen dut. Hori ez al da euskara naturala?».

Bertsotan ere aritzen da, gainera, bertsoentzako eremu arrotza den eskualde batean. «Hemen jendea ez dago bertsoetara ohituta, eta bertso poteo bat egiten dugunean, esaterako, bertsolariak behar duen isiltasuna sortzea zaila izaten da». Baina bertsoarentzat Ezkerraldea ez da eremu arrotza, lau urtean behin BEC erakustazokan jokatzen baita Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko finala. «Eragina dauka, noski, garai horretan haurrei bertsolari batzuen izenak ezagunak egiten zaizkielako; guretzat ere errazagoa da sasoi horretan bertso saioak antolatzea». Bertsoaren arra zabaltzea pixkanaka egin beharreko lana baita.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.