Mafiaren epika Scorseseren begietatik

'The Irishman' filma Netflixen ikusi ahalko da mundu osoan bihartik aurrera. Euskal Herriko zinema aretoetan ez dute estreinatu pelikula

The Irishman filmaren fotograma bat. Hiru ordu eta erdiko iraupena du. NETFLIX.
urtzi urkizu
2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Martin Marcantonio Luciano Scorsese (New York, 1942) 1967. urtetik ari da pelikulak egiten. Harenak dira zinemagintzaren historiako zenbait harribitxi. Tartean daude AEBetako krimen antolatuarekin lotutako Godfellas (1990) eta The Departed (2006) zintak, Mafiaren gaia beti izan du gogoko zinemagileak, eta hamabi urte baino gehiago dira Charles Brandten I heart you paint houses liburuan oinarritutako film bat egiteko ideia piztu zitzaionetik. Mafiari buruzko istorio mamitsu bati heldu nahi zion Scorsesek. Baina proiektua tiradera batean gelditu zen —Hugo, The Wolf of Wall Street eta Silence zuzendu zituen gero—, eta 2014an heldu zion berriro proiektuari. Netflixek sartu zuen behar zen dirua, eta plataformak bihar estreinatuko du hiru ordu eta erdiko pelikula arranditsua Euskal Herrian eta beste 190 herrialdetan.

Pelikula ezin izan da ikusi Euskal Herriko zinema aretoetan. Euskal Herritik kanpoko zenbait zinematan, bai, ordea: AEBetan, Erresuma Batuan, Italian, Alemanian, Japonian, Hego Korean, Australian, Argentinan, Espainian, Herrialde Katalanetan eta Galizian. Sare sozialetan kontatu dutenez, zenbait zinemazale Euskal Herritik Santanderrera eta Espainiako beste hiri batzuetara joan dira pelikula zinema aretoan ikustera. Frantzian ez dute aretoetan proiektatu, 30 egun baino gutxiago zeudelako zinemako estreinaldiaren eta plataformakoaren artean.

Pelikulak kritika oso onak izan ditu orain arte. Baina estreinaldia zinema aretoetan mugatua izateak zenbait zalantza eta kontrako iritzi piztu ditu. CNBC katearen arabera, Netflixek milioika euro galduko ditu pelikula aretoetan masiboki ez banatzeagatik. Kontuan hartu behar da ekoizpenak 145 milioi euro inguruko aurrekontua izan duela.

Zenbait zinema atari espezializatuk argitaratu dute The Irishman filmak aukera asko izan ditzakeela Oscar sari garrantzitsuenak eskuratzeko, eta, lehen aldiz, Netflixen ekoizpen batek filmik onenaren saria irabaz dezakeela; Alfonso Cuaronen Roma-k —Netflixena— hiru Oscar jaso zituen, eta filmik onenaren kategorian izendatu zuten.

Aktorerik onenen sarietarako kinieletan The Irishman-eko protagonistak egongo direla irudika daiteke dagoeneko: Robert de Niro, Al Pacino eta Joe Pesci. Pesciri ehun aldiz eskatu zioten filmean parte hartzeko, baiezkoa eman zuen arte. Pelikulako aktoreen artean daude, halaber, Anna Paquin, Harvey Keytel eta Bobby Cannavale, besteak beste.

The Irishman-ek Frank Sheeran soldatapeko hiltzailearen istorioa kontatzen du. XX. mendeko hainbat hamarkadatan azalduko dira pertsonaia nagusiak, nahiz eta gertaera zehatz batean jartzen duen arreta: Jimmy Hoffa sindikalistaren desagerpena. Gangsterren barne antolamendua, taldeen arteko borrokak eta joera politiko nagusiekin dituen loturak aztertuko ditu filmak. Gidoia Steve Zaillianena da —Schindler's List filmari esker Oscar bat lortu zuen, 1994an—.

Ekoizpenerako efektu berezi garestiak erabili dituzte, Pacinoren, De Niroren eta Pesciren pertsonaiak 30 urte gazteago irudikatzeko. Garaia girotzeko detaileetan ere arreta berezia jarri dute. Eta Netflixek marketinerako ahalegin berezia egin du: joan den asteburuan, New Yorkeko Little Italia auzoa 1975. urtera eraman zuten, pelikula sustatzeko. Telefono kabinak jarri zituzten, esate baterako, eta Hoffaren desagerpena lerroburuan zekarten egunkariekin agertu ziren hainbat aktore.

Scorsesek lan egin du lehendik ere Netflixekin: Rolling Thunder Revue: A Bob Dylan Story by Martin Scorsese dokumentala estreinatu zuen ekainaren 12an. Benetako bira bat eta asmakizunak nahasten ditu lanak.

Beste estreinaldi ugari

The Irishman filmaz gain, Netflixek makina bat eduki jarriko du bere katalogoan aste honetan: bihar, Broken dokumental saioa estreinatuko dute, enpresen arduragabekeriak kontsumoan duen eraginari buruzkoa; etzi, Mytho eta Merry Happy Whatever telesailak eta Holiday Rush filma; ostiralean, The Movies that made us —1980ko hamarkadako pelikula arrakastatsuen inguruko saioa— eta J'ai perdu mon corps eta Sonora filmak; eta igandean, Marshall eta Dead kids pelikulak. Neska-mutikoentzako lan ugari estreinatuko dituzte abenduan.

Hemen The Irishman filmaren trailerra:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.