Indarkeria instituzionala bere gordinean

TV3ek 'La cifra negra' dokumentala emango du gaur. Martxelo Otamendi, Unai Romano eta Cabacasen gurasoak azaltzen dira

Unai Romano jasan zituen torturak kontatzen, La cifra negra dokumentalean. BERRIA.
urtzi urkizu
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Torturak, tratu txarrak eta giza eskubideen beste urraketa batzuk jasan dituzte eta jasaten dituzte atxilotuek, funtzionario publikoen eskutik. Protestetan ere zaurituak eta hildakoak izan dira azkeneko urteetan Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan eta Espainian. Urraketa horietan sakondu eta hainbat ertzetatik landu du gaia Ales Payak La cifra negra dokumentalean. Iaz, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian, ikusleen saria irabazi zuen lanak jaialdiko sari nagusia—, eta gaur telebistako estreinaldia izango du, TV3 kateko Sense ficció saioan, 23:00etan. Aurretik, 21:55ean, Kataluniako preso independentisten senideen inguruko erreportaje bat estreinatuko dute.

La cifra negra lanaren pasarte batean, Iñaki Rivera Beiras Bartzelonako Unibertsitateko Zigor Sistema eta Giza Eskubideen Behatokiko zuzendariak esaten du ez dagoela jakiterik zehazki zenbat herritarrek jasan duten indarkeria instituzionala. «Hori da indarkeria instituzionalaren kopuru beltza: salatu ere egiten ez diren kasuena», esan du Payak. Elkarrizketaz eta artxiboko irudiz dago osatuta dokumentala. Zuzendari eta ekoizleak hiru kasu berreraiki ere egin zituen, aktoreekin, ikuslearen «enpatia» lortzeko asmoz. Polizia etxeetan gertatutako urraketen grabazioak lortzea ere ezinezkoa baita. Lanerako, Payak hiru aldiz eskatu zuen elkarrizketa Espainiako Barne Ministerioan, baina ezezkoa jaso zuen.

Euskal Herriko kasuak

Euskal Herriko hainbat kasu agertzen dira lanean: Unai Romanok eta Martxelo Otamendik atxiloaldian jasan zituzten torturen kontaketa egiten dute; Iñigo Cabacas gomazko pilota batekin nola hil zuten oroitzen dute haren guraso Fina Lizeranzuk eta Manu Cabacasek, eta Jone Goirizelaia abokatua ere agertzen da; indarkeria instituzionalari buruzko iritzia ematen dute Salhaketa Bizkaia elkarteko bozeramaile Carlos Hernandezek, EHUko irakasle Ignacio Mendiolak, Paco Etxeberria auzi medikuak eta Oihana Barrios psikologoak.

Paya «oso pozik» dago dokumentala TV3 katean emango dutelako, baina aitortu du prozesua luzea izan dela: «Proposamena duela urtebete bidali genion Kataluniako telebista publikoari. Estatuko kate askori bidali diogu lana, eta, oraingoz TV3ek soilik eman digu baiezkoa». Payak itxaropena du Valentziako A Punt kate publikoak ere emango duela. «Aukerak badaude, eta laster emango digute erantzuna».

Ekoizle eta zuzendariak duela urtebete egin zuen proposamena ETBn ere. «Hasieran esan ziguten oso aurrekontu murritza zutela gizarte gaietako dokumentaletarako, eta soilik barne ekoizpenekoak ematen zituztela». La cifra negra finantzaketa kolektiboari esker atera zen aurrera; Bilboko aurkezpenean, herritar batek ere finantzaketa kolektiboa proposatu zuen ETBk eman ahal izateko. «Orduan, berriro jo genuenETBra, eta prest azaldu ginen kobratu gabe lana emititu zezaten. Ekainean erantzun bera jaso genuen, ordea: ezezkoa».

Dena den, Payari iruditzen zaio TV3eko emanaldiak lanari aukera emango diola jende askorengana iristeko. «Dokumentala jatorriz gaztelaniaz da. TV3eko emankizunerako, testu eta grafismo guztiak katalanera itzuli dituzte, baita off-eko ahotsa bikoiztu ere». Telebistako emankizunaren ostean, TV3en nahieran zerbitzuan ikusgai egongo da datozen 30 egunetan.

Payak bost urte pasatu zituen dokumentala egiten, 2012tik 2017ra. «Gustura» gelditu da egindako lanarekin. Iragarri duenez, hemendik gutxira doan jarriko dute Interneten.

Burua beste proiektu batean dauka jada Enpatik Films ekoiztetxeko sortzaileak: La cifra negra-n, errekreazioak grabatzea izan zen «kitzikagarriena» harentzat. «Eta fikzioa egin nahiko nuke orain. Film luze bat egiteko asmoa dut, memoria historikoa egiteko eta gogoratzeko nolakoa izan zen Copel [Borrokan Diren Presoen Koordinakundea]. Proiektu handia denez, aurrez gaiarekin lotutako film labur bat grabatuko dugu aurten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.