Laura Perez. Ahal Dugu-ko parlamentaria

«Leporatzen didaten guztia gezurra da»

Irmo ukatu du alderdia amaitzeko azpilanetan ibili izana. Alderantziz, proiektua sendotzeko xedea berretsi du, eta leialtasunez ekarpenak egiteko eskubidea aldarrikatu.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2017ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Azaroaren 30ean Orain mugituz agiria atera zuten Nafarroako Ahal Dugu-ko kide batzuek, eta, egun berean, korronte hark Kataluniako egoerari buruzko hitzaldi bat antolatu zuen. Han parte hartu zuen Laura Perez Ahal Dugu-ko parlamentari eta idazkari nagusi ohiak (Iruñea, 1980). Handik gutxira, Perezen eta alderdiko hamalau kideren aurka salaketa aurkeztu zuen militante batek, «alderdiari akabera ematea eta gerra zikina egitea» egotzita. Espedientea ireki diete, eta alderdiko berme batzordeak aztertuko du auzia. «Nire irudi publikoari kalte egin zaio; zeharka, Ahal Dugu-ri ere bai». Perezek uste du bere izena agertu izana erabakigarria izan dela salaketa argitara emateko.

Zer gertatu da azken egunetan?

Bi txostenen edukia helarazi zaie komunikabideei. Bata parlamentuko jarduerari buruzko barne dokumentu bat da, eta bestea, hainbat militanteren aurkako salaketa bat. Leporatzen digute alderdiaren aurka antolatu garela eta azpilanetan ibili garela. Ez dira norbanako bakoitzaren erantzukizunak argitzen, eta ez da esaten nork zer egin duen.

Zer aldarrikatzen duzu?

Niri dagokidanez, dena gezurra da, sare sozialetako solasaldietan parte hartzea leporatzen baitidate. Ni ez nago solasaldi horietan, eta hori frogatzea erraza da. Irene Moreno Iruñera etorri zenean haren aurka antolatu zen escrache-an ere ez nuen parte hartu. Ekitaldi politiko hartan izan nintzen, eta Irene agurtu nuen. Are gehiago, escrache-a galarazten ahalegindu nintzen. Bestalde, Orain Mugituz mugimenduan parte hartzea ere aurpegiratu didate. Prozesu konstituziogileei buruz aritu ginen hizketan azaroaren 30eko hitzaldian, eta azken urteetan alderdiak defendatutako jarrera izan da. Ni neurez prozesu konstituziogileak bultzatzeko beharragatik sartu nintzen Ahal Dugu-n, eta askok dugu ikuspegi hori. Ez naiz ezeren liderra; kolektibo ireki eta garden baten parte hartzaile bat gehiago naiz.

Orain Mugituz aurkeztu eta gutxira atera dira argitara bi txosten horiek. Halabeharra da?

Ez dakit, baina bi gertaerek bat egin dute. Dena den, nire aurkako eraso pozoitsuak aspalditik datoz. Ez dut ezeren beldurrik. Parte hartzera dei egin nahi dugu, eta egungo gatazka sozialen inguruko eztabaida sustatu. Gure bokazioa da Ahal Dugu indartzea, erakunde bat aberastu egiten baita herritarrek ikusten badute ez duela jarrera ofizial bakarra edo ez dela alderdi monolitiko bat.

Barne prozedura hori argitara emateak kalte egin diezaioke alderdiaren irudiari?

Larriena da bi dokumentu filtratu zaizkiela komunikabideei. Agiriok alderdi barrukoak dira, eta frogarik gabe akusatzera mugatzen dira. Alderdiaren irudiari kalte egin dio horrek guztiak, baina baita aldaketarenari ere. Ahal Dugu erabakigarria izan zen aldaketa gauzatzeko. 300 botoren faltan atzera egitear izan zen aldaketa, eta, ondorioz, hori da askoren kezka. Ahal Dugu indartsu izaten jarraitzea bermatu nahiko genuke, baita 2015eko bultzada izatea ere. Ez genuke nahi balizko desadostasunen ondorioz botoa eman ziguten herritarrek atzera egitea eta haien artean etsipena sortzea.

Zuen aurkako salaketak zeri erantzuten dio?

Nire ustez, kultura demokratikoa falta da, eta desgaitasuna dago ulertzeko Ahal Dugu-ren moduko erakundeek ez dutela bertikalak izan behar. Kritika politikoak ez du zertan talka egin leialtasunarekin. Jabetzen gara Ahal Dugu-ren moduko alderdi bat konplexua eta konplikatua dela. Dena den, ekarpen eta kritika politiko horiek beti barne organoetan egiten ditugu, eta, horregatik, ez da bidezkoa leporatzea azpikeriatan gabiltzala.

Zuen kasua berme batzorde batek aztertuko du. Lasai zaude?

Bai, lasai nago. Zigor prozedura ororen funtsezko printzipioen arabera, zehaztu egin behar dira norbanako bakoitzaren erantzukizunak, zigorrek aurreikusita egon behar dute araudian, eta akusazioak frogatu behar dira. Irizpideok betetzen ez direnez, nire errugabetasun printzipioari helduko diot. Hala ere, deitoragarria da nire errugabetasuna frogatu behar izatea, alderantziz izan ordez.

Ahal Dugu ulertzeko modu desberdinak daude?

Bai. Diferentzia gutxigatik irabazi zuen hautagaitzetako batek maiatzean, baina ez dira gai izan zuzendaritzan ikuspegi desberdin horiek barneratzeko. Beraz, gure parte hartzea murriztu du.

Emaitza estua izan zen primarioetan. Sei hilabete geroago, ez da hori islatu barne organoetan?

Maiatzeko batzar hartan aukeratu izan ginenok Herritar Kontseiluan [alderdiaren organo gorenean] gaude, baina zuzendaritzan ez. Han hartzen diren erabakietan ez dugu parte hartzen.

Parlamentuko jardunean eragiten du?

Bai. Koordinazio hobea balego, eragotz genezake gizartean eragina duten erabakiei buruzko erabakiak atzeratu izana. Adibidez, zerrenda bakarraren auzian. Edo Ione Belarra diputatu nafarra urriaren 12ko desfile militarrera joan izana. Ione Belarra bada Kongresuko alboko eledun, baina hori baino lehen Nafarroako diputatu da. Horregatik, beste edonor joan zitekeen hara. Gure organoen artean kontsultatu beharko lukete erabaki hori.

Zeri erantzuten dio Orain Mugituz dinamikak?

Ahal Dugu bere baitan ixteak kezkatzen gaitu. Ohartu behar du zer garrantzia daukan kanporantz begiratzeak eta beste sektoreekin koordinatzeak. Sare bat ehundu beharra du behetik goraaldaketa bultzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.