ELAk Confebaski esan dio ez dela izango elkarrizketa sozialean

Arnaitz Lasarte.
2015eko urriaren 7a
00:00
Entzun
ELA sindikatuaren ustez, elkarrizketa sozialerako mahaiaren «helburu bakarra patronala, CCOO eta UGT finantzatzea da». Hori dela eta, Confebaski berretsi dio ez duela parte hartuko foro horretan. Roberto Larrañaga Confebaskeko presidente berria sindikatuekin bilera sorta egiten ari da asteon, eta ELAk «funtsezko hainbat kontu gogoratzeko» baliatu du bilera hori.

Sindikatuak patronalari leporatu dio gero eta sektore gehiagotan eskubide bat bera ere errespetatzen ez duten «enpresari piratek» ezartzen dituztela «lehiaren arauak». Eta salatu du arau horietan lan eskubideak sistematikoki urratzen direla. Negoziazio kolektiboari dagokionez, Confebaski gogorarazi dio erreforma laboralek eta patronalaren «blokeo» jarrerak «sekulako» kaltea eragin diela negoziazioei: «Duela urte gutxi pentsaezina zen patronalak legeetatik hainbeste pribilegio lortuko zuela».

ELAk «ahal duen guztia» egingo du soldaten jaitsierari aurre egiteko, lana duintzeko eta gizarte politikei lehentasuna emateko. Horrez gain, Confebaski esan dio «erantzun irmoa» emango diela nagusiei, sindikatuen eginkizuna mugatzea eta esparru sindikal eta sozialetan «arau demokratikoak haustea helburu dutenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.