mikel rodriguez
ANALISIA

Berlin hartzeko lasterketa

2017ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Historialari eta politologo anitzek gorroto dute paralelismoak egitea. Garaiak ez dira inoiz errepikatzen, eta herrialde edo eremu bakoitza ezberdina da beti; hortaz, gerren, gatazken edo prozesu historiko eta politikoen artean paralelismoak egiteak ondorio okerretara garamatza. Baina hodeiei forma ezagunen antza hartzea bezain gizatiarra da paralelismoak egitea. Errate baterako, azken urteotan maiz konparatu da EI Estatu Islamikoa Alemania naziarekin.

EIk Sirian eta Iraken gaur egun duen patua ere naziek 1944-1945ean izan zutenera hurbiltzen ari da. Mosulen eta Raqqan zokoratuta, fronte guztietan gibelerantz... 1945eko urtarrilean sobietarrek neguko erasoaldia hasi ondoren, naziak behin betiko garaitzeaz gain, aliatuak bertze helburu bati begira hasi ziren: gerra ondorengo egoera. Berlin hartzeko lasterketa hasi zen orduan. Berlinera nor lehenago ailegatu, naziek menperatutako lurraldeak nork lehenago hartu... abantailak eta indar posizioak lortzea zen, ondoren etorriko zenerako.

Sirian eta Iraken ere EIren kontrako indarrak hasi dira ondorenean pentsatzen. Muturreko talde islamista sunitaren menpeko eremua gero eta estuagoa da, eta haren etsaiak geografikoki elkarrengandik gero eta hurbilago daude. Baina paralelismoak hausten dira ondoren. Ez da Teherango konferentziarik (1943) egin, eta ez da arerioen arteko aliantzarik osatu etsai komunaren aurka. Horren ordez, txinpartak sortu dira bai SirianAEBen, Errusiaren eta bien aliatuen artean; bai Iraken kurduen artean, eta kurduen eta Bagdadeko indarren artean. Jalta bat edo Potsdam bat antolatu ezean, alternatiba zein den ikusi beharko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.