Maialen Galarraga. Filosofoa

«Ez dago argi gizakiak klima noraino kontrola dezakeen»

Eztabaida sortu da klimaren aldaketari aurre egiteko neurrien inguruan. Galarragaren ustez, arazoari aurre egiteko garrantzitsuena da orain posible ikusten ez diren gauzak posible egitea.

2015eko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Amesgaiztoak ez du amaierarik. Ez behintzat epe laburrera. Hori dela eta, hainbat zientzialariren aburuz, gizakiak berak klimaren aldaketari aurre egiteko, klima manipulatzeko neurri zientifikoak hartu beharko lituzke. Geoingeniaritza izena hartu du gaiak. Maialen Galarraga (Leioa, Bizkaia, 1978) ingurumen filosofoa da Lancasterko Unibertsitatean (Ingalaterra), eta GeoE proiektuarekin dokumentala egiten ari da, gaia gizartean lantzeko xedez.

Zergatik da beharrezkoa geoingeniaritza?

Zalantzan dago geoingeniaritza beharrezkoa dela, eta hori kritikoki aztertu behar dugu. Alde batetik, geoingeniaritzaren ideia agertzen da, klima aldaketaren arazoa oso larria delako, eta klimari buruzko nazioarteko negoziazioek aurrera egiten ez duten sentsazioa dagoelako. Askok larrialdi esparru hori kritikatu dute. Zientzialari batzuek, adibidez, nahiz klimaren arazoa oso larria izan, ez dute geoingeniaritzan pentsatu ere egin nahi. Ikusten dute ez dela nahikoa ondorioak arintzea bakarrik, baina ez dute batere argi geoingeniaritza mota bortitz horiek abian jartzea. Bestalde, geoingeniaritzaren diskurtsoak ibilbide historiko eta politiko bat du; ez da izan zientziaren ondorio naturala. Zientzia politikarekin nahasita dago, eta geoingeniaritzan oso argi ikusten da.

Gaiari B plana deitu zaio. Zergatik ez du funtzionatu A planak?

Oso galdera garrantzitsua da. Gaur egungo geoingeniaritzaren diskurtsoan onartzen da ezin dugula B plana martxan jarri A plana baztertuta, hau da, ezin dugula geoingeniaritza aztertu klimaren inguruko elkarrizketetan aurrera egiten jarraitu gabe, ezta emisioak murrizten saiatu gabe ere. Ondorioak arintzeak geoingeniaritzarekiko lehentasuna duela onartua dago, eta ez duela arintze hori ordezkatuko. Egia da, baita ere, geoingeniaritzako diskurtso batzuk arriskutsuak izan daitezkeela, eta konturatu gabe etorkizuneko klimarekiko aukerak murritz daitezkeela, hau da, hel gaitezkeela geoingeniaritza mota erradikalak aurrera egiteko bide bakar gisa ikustera.

Zenbateraino du ahalmena gizakiak klima kontrolatzeko?

Ez dago argi. Oso ikuspuntu ezberdinak daude. Aditu batzuek diote —zientzialari klimatikoek— oso gutxi dakigula. Ezjakintasuna dago nonahi. Izan ere, klima oso konplexua da, eta manipulatuz gero —adibidez, aerosolak estratosferan jarriz—, oso zaila izango litzateke ezberdintzea manipulazioaren eta klimaren aldaketaren ondorioak. Beste zientzialari batzuk baikorragoak dira, eta, haien esanetan, ikerketa gehiago egiten baditugu ongi jakingo dugu zer gertatuko litzatekeen.

Ez da gauza bera esperimentu bat maila txikian egitea edota planeta osoan egitea…

Hala da. Askoren esanetan, nahiz eta esperimentuak egin, bertan ikasten dena ez da nahikoa era globalean egingo balitz zer gertatuko litzatekeen jakiteko. Bestetik, esperimentua sozialki gauza arriskutsu moduan ikusten da, Erresuma Batuko SPICE proiektuarekin gertatu zen bezala. Laborategitik kanpo esperimentu bat egin nahi izan zuten, aerosolak estratosferan jartzeko mekanismoa probatzeko, baina eztabaida sortu zen. Gaiaren inguruan ezjakintasuna zegoen. Oso afera zaila da. Diziplina batzuetan—ingeniaritzan, adibidez—, esperimentuak eginez ikasten dute zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Baina gizarte zientzialari batentzat, esperimentuak berak esanahi soziala du. Dena dela, nire ustez, irizpide garrantzitsuena ez da esperimentuak laborategitik kanpo edo barruan egitea, baizik eta ezagutza nola ekoizten den, bai laborategitik at, baita barruan ere.

Askorentzat, arriskutsua izan daiteke geoingeniaritza…

Bai: fisikoki oso arriskutsua da. Halere, oso metodo ezberdinak daude: zuhaitzak birlandatzea, esaterako, geoingeniaritza gisa uler daiteke, eta atmosferatik CO2a xurgatzeko dauden hainbat sistemari ere geoingeniaritza deitzen zaie. Orokorrean, itsasoaren ongarritzea salbu, ez dira teknika arriskutsuak. Metodo arriskutsuenak dira, adibidez, lurraren erreflektibitatea murrizten duten teknologiak. Oso oldarkorrak dira. Lainoak zurituz edo estratosferan aerosolak jarriz, eguzkiaren erradiazioaren zati bat espaziorantz bideratzeko aukera ematen du, eta horren ondorioz planeta hoztu egiten da —albedo aldaketa metodoak dira horiek—. Lurreko tenperatura jaitsi egiten da, baina ez dakigu zer-nolako ondorioa izan dezakeen eskualde mailako klimetan, ezta gure eguneroko bizitzan ere, uztetan eta abarretan.

Eztabaida guztia GeoE proiektuan sakonduko duzue, dokumentala prestatzen ari baitzarete. Zertan oinarrituko da?

Geoingeniaritzaren inguruan dauden ikuspuntuak plazaratu nahi ditugu. Horretarako, batetik, geoingeniaritzan ari direnekin hitz egingo genuke, eta, bestetik, klimaren aldaketaren aurka borrokatzen ari direnekin. Espiritu kritikoa sustatu nahi dugu.

Aurten begiak Parisen ipiniak egonen dira, klima aldaketaren goi bilera izanen baita. Zure ustez, zer-nolako ondorioak hartu beharko lituzkete?

Niretzat, arazoa konpainia handiena da, hau da, inbertsioen arazoa da, lurralde garatuena, alegia. Zalantzarik gabe, energia berriztagarrietan inbertitu beharko genuke, eta iraunkorrak ez diren praktikak ahalik eta lasterren baztertu beharko genituzke. Orain, posible ikusten ez diren gauzak posible egitea da garrantzitsuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.