Siriarako hilabeteko menia adosteko «zorian» dira Segurtasun Kontseiluan

Errusiak aurkezturiko zuzenketak dira azken eztabaidagaiak. Su-etenetik kanpo geratuko lirateke muturreko talde islamisten eta beren aliatuen aurkako operazioak, azken zirriborroaren arabera

Vassily Nebenzea Errusiaren NBErako enbaxadorea eta Ma Zhaoxu Txinarena, atzo, bozketa baino lehen. J. LANE / EFE.
ander perez zala
2018ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Sirian hilabeteko su-etena adosteko negoziazioak espero baino gehiago luzatu dira. Suediak eta Kuwaitek herenegun aurkezturiko testuaren aurka agertu zen Errusia, ez zituelako «beharrezko bermeak» betetzen. Hala, Moskuk zuzenketak aurkeztu zituen, eta horien inguruan eztabaidatzen izan ziren atzo NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan. Kuwaiteko eta Suediako ordezkariak akordioa lortzeko «zorian» zeudela iragarri zuten atzo gauean (New Yorken eguerdia zela), baina azken xehetasunak adostea falta zirela azaldu zuten, batez ere hiztegiarekin zerikusia dutenak.

Eztabaidatzen ari ziren azken zirriborroaren arabera, su-etenak eragina izango luke Siria osoan—Kurdistango Afrin barruti autonomoan ere—, baina kanpo geratuko lirateke «EI Estatu Islamikoaren, Al-Qaedaren, Al-Nusraren eta muturreko talde islamisten aliatuen» aurkako operazioak.

Bi aste dira mota horretako akordio bat negoziatzen ari direla NBEn, baina egunotako gertaerek azkartu egin dute negoziazioen erritmoa. Izan ere, sei egun dira hegazkinak hiriburu ondoko Ghouta ekialde gainetik pasatzen ari direla —Errusiako Gobernuak ukatu du bereak direnik—, eta GKE gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute ehunka hildako izan direla bonbardaketen ondorioz. Ghouta ekialdea muturreko talde islamisten esku dago, eta Siriako armadak inguratuta du egun; GKEen datuen arabera, 400.000 zibil leudeke zonalde horretan «harrapatuta».

Egoera larri horrek eragin du egunotan meniaren aldeko aldarriak aniztu izana: herenegun NBE izan zen, eta atzo EB Europako Batasunak ere dei bera egin zuen, laguntza humanitarioak bide segurua izan dezan bere lana egiteko. «EBk gogorarazten du gatazkak ez duela irtenbide militarrik. Dei egiten diegu alde guztiei NBE buru duen prozesu politikoan engaiatzeko», adierazi zuen Federica Mogherini EBren Atzerri Politikarako Goi Mandatariak.

Negoziazio luzeak

Su-etena adosteko negoziazioak luzeak izan dira. Testua babesteko prest agertu zen herenegun Errusiako Gobernua, baina soilik matxino islamistak kanpo geratuko balira. Ordea, aurkezturiko ebazpena ez zela nahikoa argudiatu zuen Moskuk herenegun, ez zituelako «beharrezko bermeak» betetzen. Hala, zuzenketak aurkeztu zizkion, eta atzo eztabaidatu zuten aldaketa horien inguruan, bozketa ordua hiru aldiz atzeratuz. Mota askotako zurrumurruak zabaldu ziren, baina Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroaren hitzek iradoki zuten ez zutela behin betiko testua blokeatuko; jakiteke zegoen, ordea, Errusiaren botoa aldekoa ala abstentzioa izango ote zen.

Zuzenketak negoziatzen ari zirela, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eskutitz bat bidali zioten Vladimir Putin Errusiako presidenteari, Siriako meniaren alde egin zezan. Macronek mehatxu ere egin zion Putini, NBEko ebazpena blokeatuz gero —beto eskubidea du Moskuk NBEko Segurtasun Kontseiluan— «elkarrizketa zorrotz» bat abiatzeko deia egingo lukeelako.

GKEen lan humanitarioari sostengu handiagoa emateko, NBEko hainbat goi kargudunek estatu kideei eskatu zieten beren laguntza «sendotzeko», Siriako zibilen egoera «larria» dela eta. Errusia eta Iran egoera horren erruduntzat jo zituen atzo Donald Trump AEBetako presidenteak: «Ezbehar humanitario bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.