'La víctima número 8' telesaila FesTVal jaialdian aurkeztuko dute

Datorren astean egingo dute Gasteizko jaialdia. Euskarazko ekitaldi bakarra tailer bat izango da
ETB2k urrian estreinatuko du <em>La Víctima Número 8</em> telesaila. Atentatu jihadista baten ingurukoa da.
ETB2k urrian estreinatuko du La Víctima Número 8 telesaila. Atentatu jihadista baten ingurukoa da. ETB

Urtzi Urkizu -

2018ko irailak 1
Gasteizko FesTVal telebista jaialdiaren hamargarren aldia astelehenean hasiko da, eta hainbat katek denboraldi berriko estreinaldiak aurkeztuko dituzte. ETBk fikziozko ekoizpen berri bat eramango du Arabako hiriburura, gaztelaniazko La víctima número 8 telesaila —Telemadrid katearekin eta Mediapro ekoizpen etxearekin batera ekoitzi dute—. Ostiralean egingo dute telesailaren aurrestreinaldia, eta urrian hasiko dira ematen ETB2n.

Bilboko Zazpikaleetan atentatu jihadista bat gertatuko da, eta hori izango da La víctima número 8 telesailaren abiapuntua. Atentatuak hainbat pertsonarengan izango duen eragina kontatuko dute, thriller generoa erabiliz. Alejandro Bazzano da zuzendaria, eta Marc Cistare ekoizle eragilea. La casa de papel eta Vis a vis telesailen sortzailea da Cistare. Hain zuzen ere, Vis a Vis telesailaren hirugarren denboraldiko maratoi bat egingo dute Gasteizko jaialdian, Europa jauregian, 11:30etik 20:00etara.

La víctima número 8 Bilbon grabatu zuten ekainean, eta bigarren fasea Madrilen filmatu zuten, uztailean. Bizkaian grabatu duten beste telesail bat ere estreinatuko dute Gasteizko jaialdian: Atresmediaren Presunto culpable. Aurrestreinaldia asteazkenean egingo dute, Principal antzokian. Mundaka, Bermeo eta Gernikako ibaiaren inguruan aritu ziren grabaketak egiten, azarotik apirilera bitartean. Pertsonaia protagonista Parisen bizi den ikerlari bat da. Ezbehar larri baten ondorioz, jaioterrira itzuli beharko du, eta itzulerak hainbat zauri irekiko dizkio; tartean, bikotekidea izandakoaren desagerpena.

Proiekzio gehiago ere izango dira datorren astean Principal antzokian: TVEk El Continental eta Estoy vivo aurkeztuko ditu, Atresmediak Matadero, eta Movistar+ek Premier de comedia.

Joseba Fiestras jaialdiko zuzendariak nabarmendu du aurtengo aldaketarik handiena bukaerako galan egingo dutela: «Principal antzokitik Mendizorrotzako kiroldegira pasatuko gara. Horrek esan nahi du hiru aldiz jende gehiago joango dela galara» —Interneten salgai daude sarrerak—. Go!azen telesaileko aktore batzuek gala horretan parte hartuko dute.

Euskara, oharkabean

Jaialdi osoan egingo den euskarazko ekitaldi bakarra tailer bat izango da, audioko efektu berezien ingurukoa —ProFesTVal profesionalentzako jardunaldietan egingo dute, asteazkenean—. Fiestrasen ustez, euskarazko edukien presentzia handitzen joan da hamar urteotan: «Gure apustua euskararekin argia da, baina eskaintzen dizkiguten ikus-entzunezko edukien araberakoa izaten da».

Jaialdian, bestalde, hainbat sari banatuko dituzte: Joan Ramon Mainat saria Jorge Fernandez aurkezleak jasoko du, EITB Saria Mikel Aiestaran kazetariari emango diote, eta Berdintasunaren Saria —aurreneko aldiz emango dute— El Intermedio saioko Mujer tenías que ser atalari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna