Nagore Etxaburu Mateo. Nepalen lan egiten duen musika irakaslea

«Egin nezakeen okerrena orain ihes egitea zen»

Lurrikara izan zenean, Nagore Etxaburuk urte erdi zeraman Katmandun lanean. Oraingoz, han geratzea erabaki du, kaltetuei laguntzeko.
INAP RAJ SHRESTHA

Gari Garaialde -

2015eko maiatzak 7
Iazko azarotik Katmanduko Jazz Kontserbatorioko piano irakaslea izan da Nagore Etxaburu (Hondarribia, 1990). Maiatz erdira arte zen han lan egitekoa, baina ez du argi zer egingo duen. Apirilaren 25eko lurrikarak 7.650 lagun baino gehiago hil ditu, eta barrenak ez dio Nepaldik alde egiten utzi. Telefonoz eta Internetez konektatzeko arazoak gorabehera, Skypez egin dio elkarrizketa BERRIAk.

Lurrikarak non harrapatu zintuen?

Kontserbatorioko jaia prestatzen ari ginen. Egun horretan, ikasturte bukaerako emanaldia genuen, eta guraso eta haur guziak ondoko auditorium batean zeuden. Ni kontserbatorioan nintzen, laugarren solairuan haur bati klasea ematen, eta gogorra izan zen. Ezin ginen irten, eta haurra besarkatu nuen; pianoa eta beste gauza guztiak lurrera erortzen ziren... Gelditu zuenean korrika jaitsi ginen kanpoko zelaira, eta han geratu ginen, eraikinetatik aparte.

Haur pila bat zegoen gurekin, denak izututa. Kantatzen ibili ginen, lasaitzeko edo... erreplikak jarraian, denak shock egoeran… Ez genekien zer egin, zain egon besterik ezin genuen egin.

Nolakoak izan ziren lurrikararen ondorengo uneak?

Sei bat ordu izan ginen han, telefonoek ez zuten funtzionatzen, jende gehiena bertakoa zen, eta oso kezkatuta zeuden senide eta lagunengatik, ez genekien oso ondo zer ari zer gertatzen... Oso une gogorrak izan ziren.

Gero, auzoka-edo antolatu ziren, norberaren bizilekutik gertu egoteko. Eraikinetatik aparte zegoen gune batean elkartu ginen gu. Makila batzuk eta oihal edo plastikoak lortu zituzten, eta di-da batean antolatu zuten kanpamentua. Eguraldi oso txarra egin zuen, baina auzoko jendeari esker ondo moldatu ginen. Lauzpabost egun izan ginen bertan. Ni gero lagun baten familiaren etxera etorri nintzen, herrixka batera. Inap kontserbatorioko saxofoi irakaslea da, eta gurasoak Katmandutik gertu bizi dira. Oraindik ez naiz etxera itzuli, ingeniari bat pasatu dela badakit, eta, arrailduraz beteta dagoen arren, esan digu ez dagoela erortzeko arriskuan. Aste honetan itzuli nahi dut Katmandura, nire etxera.

Zein da zure eguneroko plana?

Lurrikara izan zenetik Inapekin nago. Lehen egunetan kontserbatorioko jendearekin izan gara, eskola nola dagoen aztertu, zer egin dezakegun ikusi... eta beste lagun batzuei laguntzen saiatu gara. Umezurtz etxe batera joan ginen, material pixka bat eraman eta haurrekin jolasean ibili ginen...

Baina arazo handiena kanpoko herrietan dago, horietara ez baitago iristerik... Katmandun, hiriburua denez, laguntza badago. Larunbatean herri txiki batean izan ginen, motoekin-eta laguntza eramatera... Ekintza txiki pila bat dago, baina organizazio falta handia ere bai. Esan ziguten herri horretan 300 lagun zeudela, eta bagenuen haientzako materiala. Gure asmoa hara joan eta motoekin materiala banatzea zen, antolatuta omen zegoen. Baina dena gaizki-ulertu bat izan zen: 300 etxe zeuden herri hartan, baina ez zegoen materiala banatzeko modurik. Kaosa handia da. Katmandura itzuliko naiz, eta handik errazago izango zait laguntza guneetara joan eta modu koordinatuago batean zerbait egiterik badudan ikustea.

Nola dago Katmandu?

Katmandu oso handia da, eta ez du kalte bera egin gune guztietan. Kontserbatorioa zentrotik aparte dago, eta etxeak ez daude hain pilatuta. Etxe batzuk erori dira, baina askoz okerrago dauden guneak badira, erabat suntsitutakoak. Katmandu jada ez da izan zena, hiria erabat hondatuta dago.

Hasieran jendea oso larrituta zegoen, familia eta lagunengatik oso izututa, baina lehen une hori pasatu ondoren, jendeak eguneroko bizitzarekin jarraitzeko ahalegina egiten du. Bada jendea dena galdu duena, etxea suntsituta... Ez dakit honi nola emango dioten buelta, baina egunerokoarekin jarraitzen dute. Haurrak jolasean eta barrez ikusten dira.

Nola dago kontserbatorioa?

Ondo dago, hondatuta baina ez erorita. Baina orain lehentasuna ez da musika eskola bat zabaltzea.

Atzerritar asko joan egin dira. Zu epe jakin baterako joan zinen Katmandura, baina hala ere geratu egin zara. Zergatik?

Ez dakit oso ondo... Oso gogorra zen horrela bertatik alde egitea. Azken urte erdian hau izan da nire bizitza. Lagunak hemen ditut, etxea ere bai, ez nago oporretan... Nire bizitza une honetan hemen zegoen. Gainera, azken hiru egunetan oso gauza intentsoak bizi izan ditugu, dena partekatu dugu auzokoekin, jaten eman didate, dendak utzi dizkigute, hasieratik lagunekin zaude lotan... Nire lagunik onena hemengoa da, eta, bat-batean, Espainiako Gobernuak aukera ematen duenean korrika joatea, jendeari agur ere esan gabe, kanpamentutik altxatu eta ospa egitea... oso sentimendu txarra eta arraroa zen. «Nik ahalmen hori dudalako banoa hemendik»; sentimendua hori zen.

Gehienak joan egin dira; ulertzen dut neurri batean, presio handia zegoen. Nik hemen nuen lagun handi bat, lankide espainiar bat, eta familiarengatik joan zen. Deika ibili zitzaizkion, gurasoak, laneko nagusia... Nik uler dezaket, baina, aldi berean, ikus zitekeen arriskua txikitzen ari zela: erreplikak gero eta txikiagoak ziren, eta horrela alde egitea oso gogorra zen.

Nepalen geratzeko erabakia erraza izan da?

Ez nuen batere argi ikusten, eta Espainiako Gobernuak jarri zuen elkargunera biltzen ere hasi nintzen; baina uste dut egin nezakeen gauzarik okerrena zela izualdi horretan ihes egitea. Inapek esaten zidan «joan, segi etxera», baina beraiek bertan geratu behar dute, eta pentsatzen duzu haiek gera badaitezke, zuk ere baduzula geratzea. Gainera, bestela, jolasean gabiltzala ematen du, esperientziak partekatzen ditugu, haiekin bizi gara... baina gero, aukera dugunean, ihes egiten dugu.

Geratzea erabaki nuen, jendearekin egoteko. Gauzak lasaitzean erabakiko dut etxera itzuli edo ez. Orain kontua da ahal dudanean laguntzea. Ikusten badut benetan baliagarria dela ni hemen egotea, gauzak egin ditzakedala, geratu egingo naiz; baina ikusten badut ezin dudala gauza askorik egin, bueltatu egingo naiz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna