Guardia zibilek Terribas kazetariari jarritako salaketa artxibatu dute

Iraileko gertaeretan Catalunya Radion Poliziaren mugimenduen berri zabaltzea egotzi zioten

Monica Terribas Carles Puigdemont elkarrizketatzen, Bruselan, urriaren 7an, El Matí saioan. CATALUNYA RADIO / EFE.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2018ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Guardia Zibilen Elkarte Batuak (AUGC) Catalunya Radioko kazetari Monica Terribasen aurka jarritako salaketa artxibatzea erabaki du Bartzelonako auzitegi batek. Urriaren 1eko erreferendumaren kontrako operazioetan, Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren mugimenduen berri emateko eskatu zien Terribasek entzuleei El Matí goizeko magazinean, salaketaren arabera. Epaileak ez du lege-hausterik ikusi Terribasen jokabidean.

Salatzaileek esan zutenez, Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren ibilgailuak non zeuden kontatzeko eskatu zien Terribasek entzuleei irratian. Catalunya Radioren arabera, ordea, jendea sare sozialetan ordurako jartzen ari zen informazioaren berri eman zuen Terribasek, besterik gabe. Bartzelonako 14. instrukzio auzitegiko Cristina Ferrando epaileak ebazpenean idatzi duenez, ez dago lege-hausterik, Terribasek eginikoa ez delako sartzen «zigor kodeak zehazturiko tipoetan».

Erreferendumaren kontra

Egun beroak izan ziren irailaren 20a, 21a eta 22a Katalunian, batez ere Bartzelonan. Urriaren 1eko erreferenduma prestatzeko lanetan ibiltzea egotzita, hamabost pertsona atxilotu zituen Guardia Zibilak 20an, Generalitateko goi kargudunak tartean. Ekonomia Kontseilaritzan sartu ziren, Bartzelonako Rambletan. ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek Rambletara joatera deitu zuten, eta milaka pertsona elkartu ziren egoitzen aurrean: 40.000, Bartzelonako Udaltzaingoak emaniko datuen arabera.

Hurrengo goizean, protesta bilkurak egin zituzten Kataluniako hainbat hiritan. Unibertsitateko ikasleek hiriburuko Diagonal hiribidea itxi zuten, adibidez, eta jendetza elkartu zen Justizia Auzitegi Nagusiaren atarian, atxilotuak aska zitzatela eskatzeko.

Irailaren 22an, Espainiako Poliziaren egoitzen aurrean egin zituzten protestak. Epailearen arabera, Terribasek irratian zabaldu zuen Figueresko Trave hotelaren aurrean Poliziaren autoak zeudela. Hurrengo egunetan, protestak egin zituzten hiritarrek horren aurrean, eta han ostatua hartua zuten hainbat poliziak alde egin behar izan zuten.

Epailearen arabera, ez dago frogarik esateko «harreman zuzena» dagoela Terribasek irratian eginiko eskaeraren eta protesten artean. Edonola ere, kazetariaren lanaren inguruko balorazioak egin ditu Ferrandok ebazpenean. Haren arabera, «bazirudien» kazetariak Poliziaren operazioa «oztopatu nahi zuela». Gaineratu duenez, «ikertuaren jokabidea arduragabea izan zen etika profesionalaren ikuspuntutik».

Ebazpenaren berri izanda, poza adierazi du Terribasek Catalunya Radion, bi arrazoirengatik: alde batetik, salaketa artxibatu dutelako, eta, bestetik, erabakiak erakutsi duelako «zerbitzu publikoa egin behar zen bezala» egin dutela, «sasoi gatazkatsu honetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.