AEBetako herritarren %16k soilik dute konfiantza egunkarietan

Gallup enpresaren inkesta baten arabera, hedabideekiko konfiantza inoizko txikiena da egun

The Boston Globe-k deituta, ehunka egunkarik protesta egin zuten Donald Trumpen kontra 2018an. MAURITZ ANTIN / EFE.
urtzi urkizu
2023ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Analisi eta aholkularitza enpresa indartsua da Gallup, eta inkesta handiak egin ohi ditu urtero herritarrek erakundeekin duten konfiantza aztertzeko. AEBetako hiriburuan du egoitza, 1935ean George Gallupek sortu zuenetik. Iturri fidagarritzat jo daiteke, beraz, eta, egin duen azkeneko inkestaren arabera, AEBetako herritarren %16k baino ez dute konfiantza egunkariekin. Ehuneko hori inoizko txikiena da.

Duela urte batzuetatik hona, nabarmen egin du behera herritarrek egunkariekin duten konfiantza. 1970eko hamarkadan hasi ziren datu horiek biltzen; 1979an, herritarren %51k zuten «konfiantza handia» edo «konfiantza nahikoa» egunkarietan. 1980ko eta 1990eko hamarkadatan, %30etik gorakoa zen kopuru hori; 2000ko hamarkadaren erdialdean hasi zen %30etik jaisten; eta, azkeneko bi urteetan, jaitsiera handia izan da: 2020an, herritarren %24k zuten konfiantza kazetetan, eta 2021ean, %21ek. Horrenbestez, bi urtean zortzi puntu jaitsi da.

AEBetan herritarrek komunikabide guztiekin duten mesfidantza handitu egin da azkeneko urteetan. Hala, telebistarekiko konfiantzak ere beherantz egin du. 2022ko datuak esanguratsuak dira: AEBetako herritarren %11k baino ez dute konfiantza telebista kateetako albistegietan. Askoz handiagoa zen kopurua duela urte batzuk; esate baterako, 2006an %31koa zen —hogei puntu jaitsi da hamasei urtean—. Atzerago joz, 1993an herritarren %46k zuten konfiantza telebistetako albistegi zerbitzuetan.

Herrialde polarizatu bat

Gallupeko datuetan ez dute aipatu Donald Trump AEBetako Gobernuko presidente ohiak izan duen eragina, baina eragin hori agerikoa dela azaldu du BERRIAn duela gutxi Amaia Uribe kazetariak —bost urtez aritu da berriemaile New Yorken—. «Trumpen aroan, izugarrizko kanpaina egin zuen komunikabideen kontra; albiste guztiak ziren fake newsharentzat. Min handia egin zion kazetaritzari», esan zuen Uribek BERRIAn, abenduaren 29an.

Komunikabideen joeretan eta bi alderdi nagusietan hedabideekiko duten jokabidean arrakala handia zegoen lehen, baina asko areagotu zen Trump presidentetzara iritsi zenean. Inkestaren arabera, Alderdi Errepublikanoaren boto emaile gehienek ez dute inolako konfiantzarik komunikabideetan; 2019tik 2020ra hamar puntu handitu zen ehunekoa, eta, orduz geroztik, errepublikanoen %60k baino gehiagok ez dute konfiantzarik hedabideekin.

Alderdi Demokrataren boto emaileek gehiago sinesten dute kazetaritzan lanean ari direnengan. Baina, hala ere, soilik %18k dute «konfiantza handia» komunikabideetan.

Independenteen artean ere, hedabideekiko konfiantza inoizko txikiena izan da aurreko urtean: %27. Independenteen %41ek diote ez dutela inolako konfiantzarik komunikabideekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.