BERRIAk zuzenean emango du sanferminetako txupinazoa bihar

Iruñeko jaiei buruzko webgune berezi bat egongo da. Hamaikak 'Zapi gorria' saioa egingo du
Sanferminzaleek zapi gorriak altxatuko dituzte bihar eguerdian Iruñean.
Sanferminzaleek zapi gorriak altxatuko dituzte bihar eguerdian Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU

Urtzi Urkizu -

2018ko uztailak 5
Irratiz, telebistaz eta Internet bidez ikus-entzun ahalko da bihar sanferminetako txupinazoa. BERRIAk bere webgunean emango du txupinazoa, zuzenean, eta 11:00etan hasiko du emankizuna. Berria telebistako irudiekin batera, Euskalerria Irratiaren irratsaio bereziaren audioa entzungo dute kazetako webgunearen bisitariek; Juan Kruz Lakasta eta Reyes Ilintxeta irrati esatariak Miserikordia etxetik ariko dira kontakizuna zuzentzen, eta Pello Argiñarena udaletxe barnean egongo da elkarrizketak egiten. Besteak beste, Pamplonesaren, Duguna udal dantza taldearen, erraldoien konpartsaren, Herri Sanferminetako kideen eta Motxila 21 taldeko kideen hamaiketakoekin egingo dituzte konexioak. Beleixe irratiak bat egingo du saioarekin, 11:00etan, baita Euskal Irratiek ere, 11:50ean hasita.

ETB1 eta La1 kateetan ere 11:00etatik aurrera ikusi ahalko dira txupinazoaren aurreko eta osteko irudiak.

Larunbatetik aurrera, bestalde, sanferminetako askotariko edukiekin informatu eta disfrutatu ahalko da. BERRIAk, esate baterako, webgune berezi bat prestatuko du; bertan irakurri ahalko dira entzierroen kronikak, paperean argitaratzen diren testu guztiak, zutabeak, erreportajeak eta elkarrizketak, eta argazki bildumak ere ikusgai izango dira. Larunbatean, prozesioaren inguruko bideo bat egingo dute, eta igandean, German Rodriguezen omenezko ekitaldiei buruzko beste bideo bat.

BERRIAko kazetariak sare sozialetan ere ariko dira jaien kontakizuna egiten, #sfk18 traola erabiliz.

Euskalerria Irratiak hilaren 7tik 13ra Sanfermintza irratsaioa egingo du Herri Sanferminen jai gunetik, 12:00etatik 14:00etara —Xaloa telebistarekin elkarlanean—. Saioko gidariak Pello Argiñarena, Txari Eleta, Saioa Alkaiza eta Juan Kruz Lakasta izango dira. Elkarrizketatuen artean, berriz, Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Maria Solana Nafarroako Gobernuko eleduna eta Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea. Peñetako ordezkariak, txistularien alardeko musikariak eta zezenketen aurkako taldeetako ordezkariak ere arituko dira saioan.

Hamaika eta EITB

Telebistako emankizunei dagokienez, Hamaikak Zapi gorria saioa egingo du. Bihar izango da lehen emanaldia, eta datorren astean, astelehenetik ostiralera emango dute, 21:00etan. Bi zati izango ditu programak: aurrenekoa Edurne Senosiainek aurkeztuko du, eta bigarrena, Anabel Arraizak. Askotariko ekitaldietan ibiliko da Arraiza. Saio bakoitzean gai bat landuko dute. Bihar, jaien hasiera izango da ardatza.

ETB1en, Sanferminak 2018 saioa aurkeztuko du Ilaski Serranok larunbat, astelehen eta astearte gauean (22:00). Eguneko unerik onenak bilduko dituzte, eta, ondoren, emanaldi berezi bat izango da ikusgai. Lesakako (Nafarroa) sanferminen berri ere emango dute.

Entzierroak TVEk emango ditu goizero, ohiko moduan. Euskadi Irratiak Pamplonesaren dianak zuzenean emango ditu goizean goiz, eta, ondoren, entzierroak, Iñaki Elortzarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna