Dantza lehiaketa bat ETB1erako; umorezko saio berri bat ETB2rako

Euskarazko kateak asteazken gauean estreinatuko du 'DantzanGo!' programa berria
ETBko aurkezleak eta arduradunak, programazio berriaren aurkezpenean, atzo, Gasteizen.
ETBko aurkezleak eta arduradunak, programazio berriaren aurkezpenean, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Urtzi Urkizu -

2018ko irailak 7
ETB1ek DantzanGo! dantza lehiaketa estreinatuko du datorren asteazkenean, eta, Euskalonski-rekin batera —astelehenean hasi ziren ematen—, katearen berrikuntza nabarmenena izango da denboraldi honetan. Gasteizko FesTVal jaialdiaren barnean egin zuen atzo ETBk programazio berriaren aurkezpena. Edu Barinaga ETBko zuzendariak iragarri zuenez, DantzanGo! saioan Euskal Herriko hamar dantza talde lehiatuko dira, zortzi pertsona ezagunekin batera. Talde irabazleak Go!azen telesailean dantzatzeko aukera izango du. Zuriñe Hidalgok aurkeztuko du programa, asteazkenero, 22:30ean.

Euskalonski saioaren bidea Parisen hasi zuen Pello Reparaz musikariak, eta, datozen asteetan, Londresen, Bruselan, Berlinen, New Yorken, Buenos Airesen, Montevideon, Habanan eta Moskun ibiliko da.

ETB2 katean, berriz, umorezko saio bat eta telesail bat izango dira berrikuntza nabarmenenak, docu-reality batekin batera; VPO umorezko saio berrian hainbat etxebizitzaz osatutako eraikin bat sortuko dute, eta aktualitate politikoaren eta sozialaren isla izango da. Aktoreen artean, Ane Gabarain eta Miriam Cabeza ariko dira. Bestalde, La víctima número 8 telesaila estreinatuko dute —Mediaprorekin eta Telemadridekin elkarlanean ekoitzi dute—. Eta, Punto de Vista saioan, kamera subjektiboaren teknika erabiltzen saiatuko dira. Gai bakoitza lau protagonistak kontatu dute, eta eurek eramango dituzte kamera subjektiboak.

'Ahoz aho' saioa, 18:00etan

Saio ugari itzuliko dira datozen egunetan eta asteetan ETB1eko programaziora. Astelehenean hasiko du denboraldia Ahoz aho programak, ordutegi berriarekin: 18:00etatik 20:00etara emango dute. Aktualitateko gaiak eramango dituzte mahaira Amaia Cayerok eta Ilaski Serranok. Astearte gauetan, Ahoz aho+ aurkezten jarraituko du Saioa Martijak.

Gure Kasa programa ere astelehenean bueltatuko da ETB1era. Julen eta Antton Telleria aurkezleekin batera, ohiko kolaboratzaileak agertuko dira, eta Aitziber Garmendia aktoreak pertsonaia berri bat izango du. Plato berritua estreinatuko dute.

Txoriene sukaldaritza saioaren denboraldia hilaren 17an hasiko da. Aurten, baratze txiki batzuk jarriko dituzte Miramongo belardian, hainbat produktu landatzeko: garaiko barazkiak, hain ezagunak ez diren barazkiak, belar aromatikoak, lore jangarriak eta sendabelarrak.

Hitzetik hortzera bertsolaritza saioak aurkezle berria izango du: Eider Perez; Artefaktua literatur saioa Yolanda Mendiolak gidatuko du, iazko moduan. Urriaren 7an, Herri txiki, infernu handi itzuliko da; eta Gailurra Xtreme programan Andorratik Hiru Erregeen Mahairaino joateko saiakera egingo dute 22 lagunek —atzo eman zuten lehen atala—.

ETB2ko Historias a bocados saioak aurkezle berria izango du: Joseba Argiñano sukaldaria.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna