'Zuk zuretzat sortu' eta 'Ondo pentsatu' lanak, Euspoteko garaile

Iragarki onenaren saria irabazi dute Idoia Lahidalgak, Oihane Puertasek eta Julen Urtxegik

Julen Urtxegiren Ondo pentsatu iragarkia izan da Euspot lehiaketako irabazleetako bat. BERRIA.
urtzi urkizu
2020ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Zer dago janzten dugunaren atzean? Gai horri erantzunez, 51 iragarki jaso dituzte aurten Euspot lehiaketan -modaren inguruan hausnarketa egiten ahalegindu dira—. Eta, aurkeztu diren lanen artean, epaimahaiak iragarkirik onenaren saria Idoia Lahidalgaren eta Oihane Puertasen Zuk zuretzat sortu eta Julen Urtxegiren Ondo pentsatu lanei eman die. Mila euroko saria banatuko dute haien artean. Iragarkien «kalitate teknikoa» eta «mezuaren egokitasuna» izan da epaimahaiak gehien baloratu duena. Atzo banatu zituzten sariak, eta ekitaldia Internet bidez egin zuten. Euskarazkoak dira lehiaketako lan guztiak.

Publikoaren saria —500 euro—, berriz, Beñat Abasoloren eta Markel Bazanbideren Zer dago zuk janzten duzunaren atzean? iragarkiarentzat izan da. 2.600 boto baino gehiago jaso dituzte.

Mondragon Unibertsitateko ikasle askok bidali ohi dituzte lanak lehiaketara, eta ikasleen iragarkirik onena ere saritzen dute—500 euro—. Aurtengo irabazlea kategoria horretan Zuk zuretzat sortu lana izan da, eta, horrenbestez, beste sari bat eraman dute Lahidalgak eta Puertasek.

BHklip sarian —250 euro—, 14-18 urte arteko ikasleei egiten diete aitortza. Bi iragarki saritu dituzte kategoria horretan: Markatu zure moda (Oihan Loiti) eta Zuretzat merke, beste batzuentzatgaresti (Lur Bengoa).

Music Library sarian —300 euro—, musika sinkronizaziorik onena saritu ohi du epaimahaiak. Beste bat? iragarkiak eraman du sari hori (Mikel Agirre, Ainhoa Imaz eta Kimetz Bilbao).

Aurkeztu diren iragarki guztiak Euspot.eus webgunean daude ikusgai.

Urte berezia, itxialdiagatik

Euspot lehiaketa Gipuzkoako Foru Aldundiak, Mondragon Unibertsitateak, Arteman agentziak, Aretxabaletako Udalak (Gipuzkoa) eta Arizmendi ikastolak (Arrasate, Gipuzkoa) antolatzen dute. Nabarmendu dute aurtengo lehiaketa «oso berezia» izan dela, konfinamenduak eta alarma egoerak «pare-parean» hartu dituelako. «Baina, egoera oso berezia izan arren, izugarria izan da jaso dugun lan kopuru handia», nabarmendu dute antolatzaileek. Iaz lan gehiago aurkeztu ziren lehiaketara —98—, baina, aurten, alarma egoerak ezarritako baldintzak aintzat hartuta, pozik daude parte hartzearekin.

Beste alde batetik, Euspotek sormenari buruzko formakuntza saio batzuk eskaini ditu Internet bidez. Gorka Montiel ikus-entzunezko sormenean adituak saio bat eman zuen. «Helburua izan da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea, eta lehiaketan parte hartzera animatzea. Publizitatearen inguruan hitz egin eta ideiak, ereduak eta kanpainak ikusi eta azaldu ditugu».

Lehiaketako antolatzaileek, era berean, nabarmendu dute aurkeztu diren iragarkietatik 24 izan direla 18 urte baino gutxiagoko gazteek eginak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.