Musika elektronikoaren erritmoan dantzatuko du uda Hamaikak

'Etxeko sessions' saioa ematen segituko dute, eta 'Bizi musika'-k udako 'playlist'-a egingo du

Lander Iruin, Donostian, Hamaikaren Etxeko sessions-en atal bat gidatzen. HAMAIKA.
urtzi urkizu
2020ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Diskoteketan ezingo da dantza egin uda honetan, baina Hamaika telebistak dantzarako gonbita egingo du datozen asteetan, musika elektronikoko zuzeneko saioen bitartez. Konfinamendu garaian sortu zuten Etxeko sessions, hainbat DJren ekarpenari esker. Udan, berriz, Dantz Point eta Dantz Terrace saioak ikusi eta entzun ahalko direla iragarri du Ekhi Atorrasagasti Hamaikako eduki arduradunak. «Euskal Herriko toki esanguratsuetan egindako musika elektronikoko saioak izango dira Dantz Point-ekoak; Donostiako Urgull mendian eta Zarauzko [Gipuzkoa] hondartzan egindakoak daude tartean». Dantz Terrace-n, berriz, kalean duela aste batzuetatik hona egiten ari diren saio batzuk emango dituzte —esate baterako, Donostiako Tabakalerako Taban eskainitakoak—. Dantz Festival jaialdiaren emanaldiak ere zuzenean eskainiko ditu Hamaikak, Facebooken bidez.

Ez da izango hori Hamaikak udan egingo duen musika eskaintza bakarra. Musika zuzenean saioaren pasarterik onenak berreskuratuko dituzte, eta Bizi musika programak udako playlist-a egingo du. Horrez gain, Doka t'Artea saioaren kontzertuak berreskuratuko dituzte: Niña Coyote eta Chico Tornado; Iker Lauroba eta Leire Letu; Xabi Bandini; Physis versus Nomos; eta Kaleko Urdangak.

Beste alde batetik, politikak presentzia nabarmena izango du udako aurreneko asteetan, uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak direla eta. Uztailaren 8an, aurkeztuko diren indar politiko nagusietako hautagaiekin eztabaida bat egingo dute. Bozen egunean bertan ere, saio berezia emango du Hamaikak.

Denboraldiko saio onenak

Atorrasagastik iragarri duenez, bestetik, denboraldiko programa onenen bildumak egingo dituzte datozen asteetan: Marakana txikia, Eskatzea libre, Kolpez kolpe... Hain zuzen ere, Kolpez kolpe magazinaren denboraldiko azkeneko atalarekin emango diote gaur ofizialki hasiera udako programazioari —22:00etan botako dute, eta, gero, noiznahi ikusteko aukera izango da—.

Osasunak eta aisiak izango dute txokoren bat edo beste Hamaikaren udako programazioan: Iñaki Ubiriaren sukaldeko errezetak, yoga eta zumba saioak eta, 11 leiho programan, uda giroko bideo lasaiak.

Datozen asteetan ikusgai izango dira Hezurren memoria, Nafarroa gaur, Euskaltzale, Lotsagabe eta Hiri baratzea ere.

Hamaikaren eduki arduradunak, era berean, gogorarazi du neska-mutikoek izango dutela zer ikusi euskarazko katean: Pandoraren kutxa eta Miru sorginaren Kiliklon saioak. «Programa horiek eta denboraldian zehar egindako beste batzuk Hamaikaren Youtubeko kanalean daude ikusgai, nonahi eta noiznahi edozein gailutan ikusteko».

Irailean itzuliko da Hamaikaren ohiko programazioa, zenbait berrikuntzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.