Euskadi Irratiak 115.000 entzule ditu astegunetan, EGMren arabera

EITBk azaldu duenez, euskarazko irratiak azken hamarkadan izan duen daturik onenetakoa da

EITBko irrati baten estudioaren irudia. EITB.
urtzi urkizu
Donostia
2022ko apirilaren 20a
00:00
Entzun

Estudio General de Mediosek urteko bere lehen neurketaren datuak eman ditu, eta, horren arabera, Euskadi Irratiak astelehenetik ostiralera 115.000 entzule ditu (Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta «bere eragin esparruan»). «Azken hamarkadako erregistrorik onenetakoa da», nabarmendu du EITBk.

 

Aipagarria da euskarazko irrati publikoak lortu duen datua. Izan ere, ez du oso urrun talde bereko gaztelaniazko katea: Radio Euskadik 155.000 entzule ditu. Hartaz, EGMren arabera, 40.000 entzuleren aldea baino ez legoke Radio Euskadiren eta Euskadi Irratiaren artean.

Azkeneko urteetan, bestalde, CIESen eta EGMren zenbait neurketetan oso pareko ibili dira Euskadi Irratiaren eta Gaztearen datuak. Azken neurketa horren arabera, aldea nabarmena da: Gazteak 70.000 entzule ditu, eta halako bi baino gehiago ditu Euskadi Irratiak.

EITB Musika irratiak 22.000 entzule ditu —iazko neurketako datuak gainditu ditu—.

Radio Vitoria, berriz, liderra da Araban: EGMk 40.000 entzule eman dizkio. Hain zuzen ere, azkeneko hamar urteetako bigarren daturik onena berdindu du.

Bada beste albisterik Radio Vitoriari lotua. Duela gutxi izendatu zuen EITBk irratiko zuzendari berria: Marian Parra (Beasain, Gipuzkoa, 1973). Komunikazio talde berean beste funtzio batzuetan aritu da azkeneko urteetan Parra: Berdintasun eta Kalitate zuzendaria izan da, baita barne komunikazioko arduraduna ere. Maite Goñiren izendapenarekin batera egin zuen EITBko zuzendaritzak Parrarena; EITBko Audio eta Digitaleko zuzendari berria da Goñi —Urko Aristik betetzen zuen tokia hartu du—. Aristik sare sozialetan jakinarazi du oporraldi baten ostean telebistako mikroa hartuko duela berriz ere, irratikoa alde batera utzita.

EGMk eman dituen datuetara itzulita, Euskal Telebistako ikus-entzuleen datuak hobetu egin dira iazkoekin alderatuta: 598.000 herritarrek ikusten dituzte ETBko kateak.

Taldeko irrati guztien datuak batuz gero, 402.000 lagunek entzuten dituzte EITBko irratiak, 2021eko azkeneko neurketan baino 17.000 gehiago.

EITBko irrati eta telebista guztietako datuak aintzat hartuta, berriz, 962.000 entzule eta ikus-entzule dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta «eragin eremuan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.