Disney Plus izango da datozen urteetan gehien handituko den plataforma

Morgan Stanleyren datuen arabera, Disney Plusek 42,9 milioi harpidedun berri lortuko ditu aurten

Bob Iger The Walt Disney Company enpresako presidentea, 2020an. DISNEY / EFE.
urtzi urkizu
2022ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Streaming plataformen munduko lehian, Disney Plusek goranzko joera darama, eta aurreikuspenek diote gorantz jarraituko duela. Azkeneko hiruhilekoan, plataforma horrek hamabi milioi harpidedun berri lortu ditu mundu osoan, eta 164,2 milioi dauzka jada. Analistek espero zuten plataforma 160 milioi harpidedunera iristea urte honen bukaeran, eta, horrenbestez, espero baino gorago dabil.

Bestalde, AEBetako Variety aldizkariak Morgan Stanley Researchek egindako ikerketa bat jaso du, eta, haren arabera, aurten eta hurrengo urteetan Disney Plus handituko da gehien. Aurten mundu osoan 42,9 milioi harpidedun berri izango dituela dio ikerketa horrek. Beste plataformek baino askoz harpidedun gehiago lortuko ditu: Paramount Plusek 20 milioi harpidedun berri eskuratuko ditu; Peacockek, 14 milioi; HBO Maxek, 13,8 milioi; Discovery Plusek, 9,6 milioi; eta Netflixek, 6,4 milioi.

Amazon Prime Video ez dute sartu datu horietan, baina indartsu dago plataforma hori ere. 200 milioi harpidedun baino gehiago ditu, eta apustu handia egin du The Lord of The Rings: The Rings of Power telesailarekin —euskarara bikoiztu dute, baina audioa ez dute jarri oraindik aukeretan—.

Hilabete gutxi barru, HBO Maxek eta Discovery Plusek plataforma bakarrean bat egingo dute, baina ez dago jakiterik horrek mesede handirik egingo dien. Edukietan murrizketak egiten ari dira. Esate baterako, asteon jakin da Westworld telesailak ez duela jarraituko.

Iragarkiak plataformetan

Iragarkiak dira plataformen lehian sartuko diren beste faktoreetako bat. Netflixen Euskal Herriko erabiltzaileek aukera dute jada harpidetza merkeago pagatzeko, iragarkiekin. 223 milioi harpidedun ditu egun Netflixek.

Disney Plusek, era berean, iragarri du AEBetan abenduan hasiko dela eskaintzen publizitatea sartzen duen harpidetza merkeagoa. Herrialde horretan, garestitu egingo dituzte iragarkirik gabeko harpidetzak, soilik AEBetan. Hilabete batzuk pasatu beharko dira Euskal Herrira iragarkien harpidetza mota iristeko. HBO Maxek eta Discoveryk sortuko duten plataforma komunean ere asmoa dute iragarkiak sartzeko.

Iragarkiekin edo gabe, ikerketek diote plataformen harpidetzek gora egingo dutela aurrerantzean ere. Datozen urteetan, Wells Fargo konpainiaren datuen arabera, Disney Plus handituko da gehien: espero da urtean 22 milioi harpidetza berri baino gehiago bereganatuko dituela 2027ra arte. Handitzen jarraituko du gero, baina ez hainbeste, 2037. urtera arte. Netflixek ere harpidedunak irabaziko ditu 2032ra arte,Wells Fargok adierazi duenez. HBO Max-Discovery gehiago handituko da datozen lau urteetan Netflix baino. Paramount Plus-Showtimek eta Peacockek ere eutsiko diote harpidedunen gorakadari. Bistan da: burbuilak ez du eztanda egin oraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.