'Game of Thrones' telesaila izan da Emmy sarietako irabazle nagusia

HBO eta Netflix plataformak sari kopuruan berdinduta geratu dira Los Angelesko ekitaldian

Game of Thrones telesailaren taldeko kideak, Emmyak banatzeko ekitaldian, atzo, Los Angelesen. NINA PROMMER / EFE.
Edu Lartzanguren.
2018ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Tronua HBOk irabazi du, baina dagoeneko ez da jaun eta jabe telesailen munduan. Emmyak—Ameriketako Estatu Batuetako telebista sari nagusiak— banatu zituzten atzo goizaldean Los Angelesen, eta Game of Thrones telesailak irabazi zuen telesailik onenaren saria. Baina Netflix Interneteko plataformak berdindu egin du sari kopuruan HBO kable bidezko telebista kanalarekin, lehen aldiz: 23 sari irabazi zituen bakoitzak. Komediazko telesailen atalean, berriz, ez batak eta ez besteak: Amazonen Marvelous Mrs. Maisel telesailak lortu du Emmya.

Iazko ustekabe handiaren ondoren, ura bere bidera itzuli da, hein batean. Iaz, Hulu plataformaren The Handmaid's Tale telesailak irabazi zuen telesailik onenaren saria. Lehen aldiz irabazi zuen sari hori Internet bidezko zerbitzu batek; beraz, Interneteko zerbitzu batek aurre hartu zien telebista kate tradizionalei. Aurtengorako aukera guztiak zabalik zeuden, baina, azkenean, beteranoak gailendu zaizkie heldu berriei.

Game of Thrones faboritoa zen, edonola ere. Hainbat telesailekin lehiatu zen: The Americans, The Crown, Stranger Things, This is US, Westworld eta The Handmaid's Tale. 2015ean eta 2016an ere saria irabazi zuen Game ofThrones-ek, baina iaz ezin izan zuten izena eman, zazpigarren denboraldiaren estreinaldia atzeratu behar izan baitzuten. «Aktorerik onenak eta talderik onena ditugu», esan zuen atzo Daniel Brett Weiss telesailaren sortzaileetako batek ekitaldian. Peter Dinklageri aktore laguntzailerik onenaren saria eman zioten, Tyrion Lannister ipotxa antzezten eginiko lanarengatik.

Maisel miresgarria

Komediazko telesailen atalean, The Marvelous Mrs. Maisel nagusitu zen Los Angelesen. Amazon plataformak zabaldutako telesailak etxekoandre baten gorabeherak kontatzen ditu New Yorken bakarrizketalari bihurtzea erabakitzen duenetik. Iazko urriaren 29an estreinatu zuten, eta bi sari jaso zituen Golden Globe Awards lehiaketan. Denera bost Emmy eman zizkioten atzo komediari, tartean emakumezko aktore protagonista onenaren saria, Maisel andrearena egiten duen Rachel Brosnahani. Horrez gain, Amy Sherman-Palladinok komedia zuzendaririk onenaren saria jaso zuen, bai eta komedia ataleko gidoilaririk onenarena ere. Atlanta, Barry, Black-ish, Curb your Enthusiasm, Glow, Silicon Valley eta Unbreakable Kimmy Schmidt telesailekin lehiatu zen irabazlea.

Aurtengo beste irabazleen artean The Crown telesaileko Claire Foy dago: emakumezko aktore onenaren saria eman diote. Sari horren gizonezkoen atalean, The Americans telesaileko Matthew Rhysek irabazi zuen.

Black Mirror telesailak lau Emmy irabazi ditu aurten, bideo jokoak eta Star Trek-eko estetika nahasten dituen USS Callister atalari esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.