'Zuzeu' atariak hiru 'podcast' saio egingo ditu astero, apiriletik aurrera

Mahai inguruak, elkarrizketak eta teknologia eta hezkuntzari buruzko saio bat egingo dituzte
Oier Arantzabalek <em>Barruan gaude</em> elkarrizketa saioa egingo du astero <em>Zuzeu</em> atarian.
Oier Arantzabalek Barruan gaude elkarrizketa saioa egingo du astero Zuzeu atarian. GORKA RUBIO / FOKU

Urtzi Urkizu -

2019ko martxoak 14
Hamar urte beteko ditu aurten Zuzeu euskarazko atari digitalak. Festa handi batekin ospatuko dutela iragarri dute, baina, horren aurretik, eskaintza berri bati ekingo diote: podcast-ak. Apirilaren 14tik aurrera, astean hiru irratsaio edo Interneteko podcast entzuteko aukera egongo da; Zuzeu atarian ez ezik, Spotify-n, Google Podcast-en, iTunes-en eta Apple Podcast-en jarriko dituzte.

Zuzeu Podcast proiektuko aurreneko denboraldian, hiru saio egingo dituzte: Bipareta izenekoan, mahai inguruak egingo dituzte hiru kazetarirekin. Bi kazetari Zuzeu atariko erredakziokoak izango dira, eta hirugarrena beste komunikabide bateko gonbidatua izango da. «Astean nabarmendutako bi gai izango dira programaren ardatza, era fresko batean hitz egiteko», iragarri du Zuzeu-ko koordinatzaile Oier Arantzabalek; Barruan gaude elkarrizketa saioa egingo du Arantzabalek berak. «Astero pertsonaia baten etxera sartuko gara, eta bertan elkarrizketa luze eta mamitsu bat egiten ahalegindu». Aurreneko elkarrizketatua Felix Arkarazo aktore eta bikoizlea izango dira. Ondotik iritsiko dira Fermin Muguruza, Miren Arzallus, Alain Urrutia eta beste hainbat; eta hirugarren podcast-a Maite Goñi irakasleak egingo du, teknologiari eta hezkuntzari lotutako gaietan sakontzeko. Oraindik ez diote izenik jarri.

Irailean, hirutik bostera

Iraileko bigarren hamabostaldian, berriz, Zuzeu atariaren podcast eskaintza are gehiago aberastuko dute. Astean hiru saio ez, guztira bost egingo dituzte. Arantzabalek iragarri du Euskal Herriko gaizkileen inguruko saio bat egingo dutela, Hasier Etxeberria zenak idatzitako testuetan oinarrituta. Eta, bestalde, euskal musika ardatz duen programa bat egingo dute. «Erronka handia izango da».

Zuzeu-ko koordinatzaileak nabarmendu du Izaskun Perezen aholkularitza garrantzitsua izan dela podcast-ak martxan jartzen hasteko. 2016. urtean, Prisa taldearen Podium Podcast plataformaren sorreran parte hartu zuen Perezek, eta gaur egun bertan ari da lanean, Madrilen.

Podcast-ei heltzea ez dela kasualitatea izan gaineratu du Arantzabalek: «Azkeneko urtean podcast-en mundua gorantz doala ikusi dugu. AEBetan masiboak bihurtzen ari dira; egunkariak horretan jarri dira. Baita Erresuma Batuan ere». Euskal Herrian, berriz, euskarazko audio kontsumitzaile asko daudela iruditzen zaio Zuzeu-ko kazetariari: «Euskarazko irratiek entzule asko dituzte, eta gertuago daude gaztelaniazko irratien datuetatik beste esparru batzuetan baino. Jende hori podcast mundura ekarri nahi dugu». Arantzabalen iritziz, mugimendu batzuek asko hauspotu dute podcast-en sektorea: «Spotifyk podcast-en bi enpresa erosi ditu. Gainera, iragarri du 445 milioi euro inbertituko dituela podcast-etan. Guk ere lehenbailehen euskarazko kalitatezko podcast-ak egin nahi ditugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna