ETBk iaz %18 ordu gehiago ekoitzi zituen gaztelaniaz euskaraz baino

ETBk esan du datorren denboraldiko apustuek «dezente» gehituko dituztela euskarazko orduak

EITBren Bilboko egoitza, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
urtzi urkizu
2019ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
2018. urtean, ETBk barne ekoizpeneko %18 ordu gehiago ekoitzi zituen gaztelaniaz euskaraz baino. 2.381 ordu izan ziren gaztelaniazko orduak, eta 2.016 euskarazkoak —ekoitzitako orduetan ez daude sartuta albistegiak, kirola eta zinema—. Hauek ziren programa kontratuaren helburuak 2016-2019ko aldiko urte bakoitzerako —baita urte honetarako ere—: 1.850-2.100 ordu inguru euskaraz ekoiztea, eta 1.450-1.750 ordu gaztelaniaz. Hain zuzen ere, datu horiek Programa kontratua Euskal Irrati Telebista Herri Erakundearekin, 2016-2019 aldirako izeneko hitzarmenaren 2018ko betearazpen txostenean topa daitezke.

Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak astelehenean aurkeztu zuen txostena, Eusko Legebiltzarrean. Hamar klausula aipatu zituen, eta arlo guztietan balantzea «ona» izan zela gaineratu. Konpromiso bakoitzaren betetze maila %80-100 tartekoa izan dela jasotzen du txostenak. Egun berean Iturbek EITBren ildo estrategikoetan (2017-2020) «euskarazko edukiak eskaintzea, euskararen erabileraren normalizazioa sustatuz» aipatu zuen, baina gaztelaniazko orduak euskarazkoei gailendu izanak zalantzan jartzen du xedea betetzen den.

Desoreka arrazoitzeko orduan, EITBko iturriek esan dute ETB2ren goizeko zuzeneko saioa dela alde horren arrazoietako bat; Egun on Euskadi albistegietako sailak egiten du, eta En Jake, ekoizpen etxe batek.

Orduen desoreka parekatzeko ahalegina egingo duela iragarri du ETBko zuzendaritzak: «ETB1ek datorren urtean programazio erronka nabarmenak izango ditu, eta katean egingo diren apustuek orain arte euskaraz emandako ordu kopurua dezente igoko dute». Datorren denboraldian ETB1en bi zuzeneko formatu estreinatuko dituela iragarri du ETBko zuzendaritzak.

Programa kontratuaren txostenean, beste alde batetik, 2017ko eta 2018ko zenbait kontsumo datu jaso dituzte: ETB1 eta ETB3 kateetan egunean metatutako audientziak —uneren batean kateak ikustea— beherantz egin du 2017tik 2018ra: 308.000 ikusletik 276.000 ikuslera. ETB1eko prime-time-ak ere —20:00etatik 23:30erako tartea hartu dute aintzat— beherakada izan du: 2017an, 131.000 ikusle —momenturen batean ETB1 gauean jartzen duten herritarrak—, eta 2018an, 124.000.

Interneteko euskarazko edukietan sartzen diren erabiltzaile bakarrak hilean 305.000 izan ziren 2017an, eta 2.000 gutxiago 2018an.

Euskarazko irratietan, aldiz, gorakada egon da: 2017an, 202.000 herritar ziren egunero uneren batean Euskadi Irratia edo Gaztea entzuten zutenak, eta kopurua 224.000ra igo zen 2018an. EITBko euskarazko aplikazioetan sartzen diren erabiltzaileak ere nabarmen ugaritu dira: 5.169 izan ziren 2017an, eta 20.795, iaz —igoeran eragin nabarmena izan du Go!azen telesailaren aplikazioak—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.