Askotariko edukiak entzun daitezke Arrosa sarearen webgune berrituan

Edukien argitasunean, sailkapenean eta barne mailan egin dituzte hobekuntzarik nabarienak

Irratsaioak lurraldeka eta gaika antolatuta aurki daitezke Arrosa irrati sarearen webgune berrituan. BERRIA.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
«Eskaintzen ditugun edukietan argitasuna bilatu dugu»: hori izan da Arrosa irrati sarearen webgunea berritzeko arrazoietako bat. «Egunero-egunero podcast eta irratsaio ugari partekatzen genituen, baina batzuk galdu egiten ziren, edo ez ziren horren eskuragarri geratzen», azaldu du Iraitz Gesalaga Arrosa irrati sarearen koordinatzaileak. Orain, webgunera sartu, eta erdiko zutabean agertzen dira azken podcastak eta irratsaioak. Horrez gainera, bilaketak ere modu «erraz» batean egiteko aukera dago.

Euskal Herriko 24 irrati biltzen dituen sareak hogei urte beteko ditu aurten, eta ikasturte honetan, ibilbidearen errepasoa eta balantzea egin nahi dute. «Atzo jaio ginela dirudi, baina hogei urte daramatzagu Euskal Herriko euskarazko irrati libre, komunitario eta udal irratien babesleku eta erakusleiho izaten». 60 irratsaio baino gehiago elkarbanatzen dituzte, eta egunero dago eskuragarri eduki berriren bat.

Webguneko berrikuntzei dagokienez, irratiak eta irratsaioak sailkatzeko modua berrantolatu dute. Orain arte, irratsaio guztiak jarraian agertzen ziren, baina orain, herrialdeka eta gaika antolatu dituzte. Arrosa irrati sareko koordinatzaileak aitortu du «zaila» izan dela sailkapena gaika egitea: «Hala moduzko sailkapena egin dugu, bilaketak egitea errazagoa izateko: besteak beste, politika, magazinak, umorea edo musika atalak bereizi ditugu, baina batzuk kategoria batean baino gehiagotan egon daitezke». Gainera, Arrosaren aplikazioa «lehen lerrora» eraman nahi dute, eta, aurrera begira, aukera gehiago eskaini nahi dituzte.

Barne mailan ere «sakoneko» aldaketa bat egin dute, «elkar trukera» bideratuta dagoena. Irratiek ekoizten dituzten edukiak «automatikoki eta zuzenean» jartzen dira Arrosa sarean, eta, horri esker, «azkartasuna» lortu dute, eta lan karga gutxitzea.

Gesalagak nabarmendu du publikoak harrera «ona» egiten diela. Gainera, Zebrabidea magazina Euskal Herri osoan entzuten denez, entzule ugari lortu dituzte. «Hanka sartzeren bat egiten dugunean konturatzen gara zenbat entzule ditugun, abisuak heltzen zaizkigulako hainbat tokitatik».

Erronka ugari esku artean

Aurrera begira, jauzi bat eman nahi dute irratigintza eta podcastak uztartuz. «Irratia eraldatzen ari da komunikabide gisa; euskarazko podcast ugari egiten ari dira, eta txapel moduko bat eskaini nahi diegu, gehiago ikusarazteko eta sare honetan lekua egiteko». Horrez gainera, urtero antolatzen dituzten topaketak egiten jarraitzeko asmoa dute. Aurten, pandemiaren ondorioz, «beste era batera» prestatzen ari dira topaketa horiek: «Topaketak online egitea planteatzen ari gara, baina oraindik ere erabakitzeko dago». Hortaz, erronka «potoloak» dituzte esku artean, baina aurrera egiteko «gogoz eta ilusioz» dabiltza Arrosan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.