Hamaika TB disko esanguratsuekin 'Bueltaka' arituko da abuztuan

Ostegunetan emango dute saio berria. RIP, Etsaiak, Josilouli eta EH Sukarra aztertuko dituzte

Txerra Bolinaga eta Koldo Otamendi RIPen No te muevas diskoaz arituko dira Bueltaka saioaren lehen atalean. HAMAIKA.
urtzi urkizu
2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun

Euskal musikan esanguratsuak izan diren disko batzuen inguruan mintzatuko dira abuztuaren 6tik 27ra Hamaika telebistako Bueltaka programan. Musika zuzenean saioaren adar giskoa da programa berri hori, eta Koldo Otamendik aurkeztu eta gidatuko du. Orain arte, Euskal Herriko musika panoramako disko berriei heldu die Musika zuzenean-ek, eta, abuztuan, denboran atzera egiten ahaleginduko dira.

 

«Lagunarteko solasaldi bat izango da, garaiko diskoari buruz. Ez da talde baten ibilbideari buruzko saioa, baizik eta diskoak dira protagonista», iragarri du Otamendik. «Diskoa zer garaitan argitaratu zen aipatuko dugu, zer esan nahi izan zuen taldearentzat, zer abesti dauden, nolakoak izan ziren zuzeneko aurkezpenak». Garai bakoitzeko argazki, bideo eta prentsa zatiak ere sartuko dituzte saioan, orduan zer oihartzun izan zuen ikusteko. Diskoko kantuak aztertzeaz gain, azalaren diseinuari ere erreparatuko diote. Atal bakoitzak fitxa bat du, diskoaren inguruko datuekin.

Otamendik nabarmendu du estetikoki eta forma aldetik ez dela askorik aldenduko Musika zuzenean saiotik: «Lotura estetikoa ikusiko da Musika zuzenean eta Bueltaka-ren artean».

Horrenbestez, diskoa non grabatu zen, mahaiaren beste aldean zer soinu teknikari aritu zen, zer kantu bildu zituen, zer taldekideek grabatu zuten, zeinek idatzi zituen hitzak eta diskoaren garaiko zuzeneko aurkezpenak azalduko ditu Koldo Otamendi kazetariak taldeko protagonistekin.

Hasteko, RIPen diskoa

Bueltaka saioan aztertuko duten aurreneko diskoa RIP musika taldeak argitaratu zuen estudioko bakarra izango da: No te muevas (Ez zaitez mugitu). Taldeko bateria jotzaile Txerra Bolinagarekin aztertuko dute disko hori. Musika aditu askoren ustez, Euskal Herrian egin den punk diskorik borobilena da Arrasateko (Gipuzkoa) taldeak 1980ko hamarkadan atera zuena.

Etsaiak taldearen Presoak S.O.S. diskoa aztertuko dute hurrengo. Horretarako, Aitor Ibarra Etsaiak taldearen sortzaileetako bat elkarrizketatuko du Otamendik. Taldearen ibilbide luzeko bigarren lana izan zen, eta, horri esker, Etsaiak Europan eta Mexikon ibili zen kontzertuak ematen.

Hirugarren protagonista Jousilouli taldearen Terrorista diskoa izango da. Taldearen estudioko azkeneko lana izan zen, eta Jousilouliko hiru musikari elkartuko ditu programako gidariak.

Saioko bilduma osatzeko, gaur egun bizirik dagoen talde bat azalduko da Bueltaka-n: EH Sukarra. Debuteko diskoaren kontuekin bueltaka arituko dira Mikel Gorosabel Norton kantaria eta Otamendi.

Irailaren erdialdean, Musika zuzenean saioaren denboraldi berria hasiko da. Ohiko moduan, disko berrien inguruko erreportajeak eta elkarrizketak egingo dituzte. 111 atal eman ditu Hamaikak jada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.