'Ur handitan', 'Ahoz aho' eta 'Txoriene' berriz hasiko dira ETB1en

Iragan hurbilaz arituko dira 'Ur handitan' saioan: asteartean, Martuteneko 1985eko ihesaldiaz

Xabier Madariaga, Ur handitan - Ahaztu aurretik saioko aurkezlea. Asteartetik aurrera emango dute, ETB1en. ETB.
urtzi urkizu
2020ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Datorren astean hiru saio itzuliko dira ETB1eko programaziora: astelehenetik aurrera, Ahoz aho eta Txoriene ikusi ahalko dira arratsaldean, eta Ur handitan erreportaje saioaren denboraldia hasiko da astearte gauean.

Ur handitan - Ahaztu aurretik abizena jarri diote aurten Xabier Madariagak aurkezten duen programari. Izan ere, astero gertuko iraganera bidaiatuko dute, eta Euskal Herriko gizartearen memoria kolektiboa errepasatuko. Madariagak azaldu duenez, duela urte pare bat egin zion proposamena saioko lantaldeak ETBri. «Gertuko gure historia gogoratzeko, ahaztu aurretik, zerbait egin behar zela esan genien». ETBk ezezkoa eman zuen orduko hartan, baina uda honetan baiezkoa eman zion Baleuko ekoiztetxeari.

Erreportaje saio horrek, beraz, beste helduleku batzuk izango ditu datozen asteetan. «Lehen, pertsonaia ezagutzera gindoazen; orain, gertakari batzuk ezagutzera goaz, pertsonak ahaztu gabe. Prisma aldaketa horrek beste interes batzuk dituzten ikusleak erakar ditzake». Astearteko atalean, adibidez, 1985eko Martuteneko (Donostia) kartzelako ihesaldiaz arituko dira. Iñaki Pikabeak kontatuko du nola izan zen ihesaldi hura; Joseba Sarrionandiarekin batera egin zuenihes Pikabeak Imanol Lartzabalen kontzertu batean, bafleetan ezkutatuta. Iheslariak ezkutatu zituenarekin ere mintzatuko dira: Jesus Mari Arangurenekin.

Horrenbestez, formatua «erabat» aldatuko dela nabarmendu du saioko aurkezleak: «Historia berreraikitzeko, protagonisten kontakizunera ez ezik, inoiz baino gehiago jo dugu hemerotekara eta artxibo irudietara». Kazetariak gaineratu du lan «apasionantea» izaten ari dela lantaldearentzat. «Errekreazioez ere baliatuko gara ikusleari kontakizunean gehiago sartzen laguntzeko».

Hurrengo asteetan, Bilboko Euskalduna ontziolaren itxiera eta Yoyesen hilketa izango dira landuko dituzten gaietako batzuk.

'Ahoz aho'-n, zuzenekoak

ETBk Ahoz aho saioa bertan behera utzi zuen martxoan, konfinamendua iritsi zenean. Zazpi hilabete geroago, bueltan da arratsaldetako saioa —astegunetan emango dute, 16:00etatik 18:00etara—. Ilaski Serranok aurkeztuko du lehen ordua, eta bertan kultura, zientzia eta ezagutzak gailenduko dira. Horretarako, sortzaileak, ikertzaileak eta dibulgatzaileak elkarrizketatuko dituzte. Gainera, zuzeneko musika emanaldiak egingo dituzte: aurrenekoa, Grises taldeak, asteazkenean.

Saioko bigarren ordua Saioa Martijak gidatuko du. Aktualitatearen analisia eta eztabaida izango dituzte bertan, makina bat solaskiderekin.

Txoriene sukaldaritza saioa ere berrituta iritsiko da etzi. Zigor Iturrietarekin batera, Jaione Mariezkurrena arituko da aurkezle. 15:15ean, bi sukaldaritza estilo desberdin plazaratuko dituzte. Mariezkurrenak garai bateko ezagutzari leiho bat zabalduko dio, aholku eta bitxikeriekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.