Zorretan sartu aurretik, ixtea erabaki du 'Jornada' egunkariak

Bihar argitaratuko dute azkeneko zenbakia. Katalanezko kazetak bost hilabeteko bidea egin du

Jornada egunkariko bazkide kooperatibistak, urriaren 20ko batzar nagusian. JORNADA.
urtzi urkizu
2018ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Jornada katalanezko egunkariaren bazkide kooperatibisten batzar nagusiak hala erabakita, proiektuari amaiera emango diote asteburu honetan. Bihar eta etzi erosi ahalko da azkeneko zenbakia —astean behin argitaratzen zen paperean, eta edizio jarraitua zuen webgunean—. Modu paraleloan, lana erregulatzeko espediente bat jarri dute martxan lantaldeko 23 langileentzat. Bide laburra egin du Jornada-k kioskoetan, maiatzaren 5ean argitaratu baitzuen aurreneko zenbakia.

Laia Altarriba egunkariko zuzendariak gogoratu du beti esan zutela «arrisku handiko» proiektua zela berena. «Kapitala soilik bazkideek jarri zutena zen, baina ez zen diru asko». Nabarmendu du atzetik ez zutela enpresa handirik. «Otsailean, bazkideok erabaki genuen komunikabidearekin aurrera egin eta kioskoetan saiakera egitea. Eta haziz joan gara, baina ez beharko genukeen bezain bizkor. Ezin dugu denbora luzean iraun beharrezko sarrerak bermatu gabe. Horregatik, batzar nagusiak geratzea erabaki du egoera ekonomiko konplexu batean sartu aurretik». Egunkariko zuzendariak esan du zorretan sartzeko zorian zeudela. «Zorretan sartu izan bagina, horiek berehala biderkatuko ziren. Eta, zorretan sartu baino lehen, geratzea erabaki dugu».

Herrialde Katalanak bere osotasunean hartu ditu aintzat Jornada-k bost hilabete hauetan. Astegunetan, 16 orrialdeko PDF bat egiten aritu dira; eta 48 orrialdekoa izan da asteburuetako paperezko edizioa. 600 bazkidek 200.000 euro jarri zituzten, martxan jarri ahal izateko.

Altarribak dio «pozez» jaso dituztela irakurle askoren gutunak eta mezuak. «Herritar askok zoriondu gaituzte egindako lanagatik, eta eskerrak eman dizkigute egindako saiakeragatik. Erakutsi dugu kalitatezko kazetaritza egin daitekeela, eta boterean daudenetatik aparte ari daitekeela. Ikuspegi ezkertiar eta feminista eman dugu bide labur honetan, Herrialde Katalanekin, autodeterminazio eskubidearekin eta hizkuntzarekin konprometituta».

Hemendik aurrera kazetaritza enpresen ereduen inguruan hausnartu beharko dutela iruditzen zaio Altarribari. «Agian, zaila da XXI. mendean paperaren alde apustu egitea. Ez da erraza jendea kioskora eramatea». Egunkariaren webguneak gero eta bisita gehiago zituen, hazten ari zen. «Baina soilik bisitekin proiektuak ezin du iraun. Harpidetzak ugaritzen ari ziren, baina ez behar bezain bizkor».

Kazetari katalanak uste du denbora falta izan zaiela ibilbide luzeagoa egin ahal izateko. «Eta denbora dirua da. Izaten ari ginen hazkundea ez da nahikoa izan egitura honi eusteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.