Kataluniako hedabide publikoetako langileek jazarpena salatu dute

Kazetarien lana «mehatxupean» ikusten dute, politikari batzuen mezuek sortutako giroarengatik

Kataluniako alderdi politiko nagusietako ordezkariak, TV3 katean, 2017ko kanpainako eztabaidan. MARTA PEREZ / EFE.
Iker Tubia.
2018ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Argi eta garbi esan dute: «CCMAko [Kataluniako Ikus-entzunezko Hedabideen Korporazioko] komunikabideak alderdi politikoen borrokatik kanpo uztea eskatzen dugu». Hori da Kataluniako TV3 eta Catalunya Radio hedabideetako langile batzordeek eta lanbide kontseiluek galdegin dutena parlamentuko kontrol batzordeko kideei bidalitako eskutitzean. Kazetarien eta hedabide publikoen kontrako «gatazka giroa» gelditzeko deia egin diete alderdi politikoei.

Hain zuzen ere, alderdi politiko batzuen jarrera eta mezuak dira kazetariek kritikatu dituztenak. Haien aburuz, «asaldurazko» diskurtsoek eta mezuek hedabideetako langileentzat «mehatxuzko giroa» sortzen dute, eta haien lana «presio eta gatazka giro arriskutsuan» egitera bideratu. Diskurtso horiek zenbait alderdi politikok bultzatzen dituztela uste dute, eta horregatik mintzatu zaizkie: «Kontrol batzordeak alderdi politikoei eskatu behar die zentzua jar dezatela eta ez dezatela bultza ernegazio handiagorik gizartean».

Alderdi politikoei gogorarazi diete CCMAko komunikabideei kritikak eta balorazioak egiteko tokia parlamentuko kontrol batzordea dela. Betiere, «komunikabide hobeak» egiteko helburuarekin.

Azken hilabeteetan Kataluniako kazetariek bizi duten giroa azaldu dute: «Gure egoitzen eta unitate mugikorren kontrako erasoak jasan ditugu. Zuzeneko emanaldietan kamerak jo dituzte». Adibidea ere jarri dute: berriki Espainiako Telemadrid kateko kamerari bati oihu egin zioten, eta jo egin zuten, TV3 katekoa zelakoan.

Horri loturik, Albert Rivera Ciudadanos alderdiko buruaren jarrera salatu dute. TV3en bertan berriki egin zioten elkarrizketan «justifikaziorik gabeko akusazio supiztaileak» egin izana leporatu diote. «Hedabideak eta bertako profesionalak argumenturik eman gabe seinalatzeko bidean sakontzen ari da. Ezin dugu horrela jarraitu». Irail hasieran egin zioten elkarrizketa Riverari, eta manipulatzea leporatu zien: «Zuek TV3en gezurra esaten duzue. Propaganda separatista aparatu bat zarete».

TV3, Katalunian nagusi

Alderdi politiko batzuen kritikak gorabehera, iraileko audientzia datuen arabera, TV3 da irailean Katalunian gehien ikusi den katea. Joan den hilabetean %14,3ko ikusle kuota izan du. Atzetik du Antena 3, %10,1eko kuotarekin. Modu horretan, hamalau hilabete jarraian daramatza Kataluniako telebista publikoak lidergo postuan. «2012. urtetik izan dugun irailik onena da hau», azaldu du TV3ek. Urriaren 1ak ere izan du eraginik: 30 minuts (30 minutu) saioaren Marcats per l'1 d'octubre (Urriaren 1aren arrastoa) atala izan da irailean gehien ikusi dena: %29,2ko ikusle kuota izan du, eta 854.000 ikusle. Interneti dagokionez, 8,9 milioi ikustaldi izan dituzte, eta irailaren 11ko saio bereziak 44.000 lagunek ikusi zuten zuzenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.