ETB1ek 'Haurrak: kalea gurea da' erreportajea emango du gaur

Zenbat neska-mutikok kontatuko dute nola bizi izan duten konfinamendua eta kalera irten izana

Haurrak: kalea gurea da erreportajearen irudi bat. ETB.
urtzi urkizu
2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko herritarrak etxetik irteten hasi direnetik, bazterretako paisaiak aldatzen hasi dira. Eta kaleak alaiago egoteko arrazoi nagusietako bat haurrak dira. Haien barre algarak, alaitasun oihuak edota jostailuen zaratak erreportaje batean jaso ditu ETB1 kateak. Gaur estreinatuko dute Haurrak: kalea gurea da erreportajea, 22:30ean. Saioaren lantaldea haurrekin eta gurasoekin elkartuko da —kalean egin dituzte grabaketak—. Haien lekukotzak izango dira lanaren ardatza.

Kalean topatu dituzten neska-mutikoei kostatu egin zaie lagunengana ez hurbiltzea eta elkarrekin ez jolastea, baina, momentuz, kalean egon daitezkeen tarteekin konformatu beharko direla kontatu dute ETB1eko erreportajean.

Prime Time ekoiztetxeak egin du saioa. Koordinatzailea Agustin Ezenarro kazetaria da; aurkezlea,Izaskun Moyano; eta zuzendaria,Jon Abasolo. Azken horrek azaldu duenez, ETBrekin adostu zuten jaso zezaketela haurrek nola bizi izan duten kalera ateratzea. «Euskal Herriko haurrek alaitasunez eta poztasunez bete dituzte berriro gure kaleak. Jasoko dugu haurrek beraiek nola bizi izan duten kalera berriro irtetea, eta nola konfinamendua».

Haur batzuk irrikatan egon dira kalera irteteko. Beste batzuek, ordea, etxean hain gustura egonda, ez dute izan halako gogo handirik, baina, kalera irtenda, gutxik nahi izaten dute berriz bueltatu. «Erreportajearen bidez jakin nahi izan dugu ea neska-mutikoek zer ulertu duten gertatu denaren inguruan. Bizipen horretatik zer ateratzen duten ere galdetu diegu», dio Abasolok.

Hainbat egoeratan ikusi ahal izango dira haurrak: etxean jolasten, sukaldean, kirola egiten, dantzan, kantuan... Halaber, gurasoekin duten harremana aldatu edo hobetu den aztertuko dute. Alde emozionalari ere erreparatuko dio erreportajeak: barreak, negarrak, tristura, poza, itxaropena. «Haur askok esan dute familiarekin gehiago hitz egin dutela. Lagundu ere gehiago egin dute, eta etxeko giroa hobetu egin da zenbait kasutan».

Honako hauek dira saioko protagonista nagusiak: Azpeitiko (Gipuzkoa) Nagore Aramendi eta haren bost seme-alabak; Guillermo Gurrutxaga, haur jaioberri baten aita; Naira Samber, koronabirusa gainditu duen ama; Aintzane Garmendia Amezketako (Gipuzkoa) baserritarra; Zumarragako (Gipuzkoa) Oihana Irastorza eta haren semeak; Donostiako Maite Barrutia eta Asun Olaziregi; Urretxuko (Gipuzkoa) Martina eta Danel umeak; eta Donostiako Orfeoi Txikiko haurrak. Mungiako (Bizkaia) udaltzain batekin ere egon dira hizketan.

Izaskun Moyanok jarri du off-eko ahotsa, eta haren aurkezpenak Bilbon grabatu dituzte. Estilo aldetik, bestetik, edizio «oso arina» duela nabarmendu du Abasolok. «Hamalau istorio pertsonal inguru dira, ordubete eskasean, eta nahastu egiten dira erreportajean zehar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.