Disney Plusek edukiak katalanez eskainiko dituela dio Generalitateak

Plataforma per la Llenguak ohartarazi du ez dagoela datarik, eta egoera «bere horretan» dela

Frozen 2 filmaren irudi bat. Lehen zatia katalanez ikusi ahalko da aurki Disney Plus plataforman. DISNEY / EFE.
urtzi urkizu
2020ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Disney Plus Interneteko plataforma martxoaren 24an iritsi zen Euskal Herrira, Herrialde Katalanetara eta Europako beste zenbait herrialdetara, eta Plataforma per la Llenguak salatu zuen ez zegoelaedukiak katalanez ikusteko aukera, nahiz eta film asko hizkuntza horretara bikoiztuta egon. Bi hilabeteren ostean, eta plataformak 27.000 sinadura baino gehiago jaso eta gero, Kataluniako Generalitateko Kultura Departamentuak iragarri du plataformak katalanez jarriko dituela bikoiztutako edukiak. «Bi etapa egongo dira; aurrenekoan, eduki gehigarri gisa egongo dira katalanezko edukiak». Generalitateko Hizkuntz Politikako zuzendari Ester Franquesa harremanetan dago Disney Españako zuzendari nagusiarekin, plataformak katalana sar dezan. Generalitateak adierazi du Disneyk baieztatu duela katalanezko aukera sartuko duela. Antza denez, hasteko, pelikulen eduki gehigarriak izango dira katalanera bikoiztutako bertsioak; eta, aurrerago, hizkuntza desberdinen hautaketa menuan egongo da katalana.

Plataforma per la Llenguak ohartarazi du ez dutela inolako baieztapen ofizialik, eta ez dagoela egutegirik. Katalanaren eskubideen alde lan egiten duen plataformak nabarmendu du egoerak bere horretan jarraitzen duela, eta presioa egitea inoiz baino garrantzitsuagoa dela. Internet bidez sinadurak biltzen jasotzen dute, eta sinadura bakoitza Disneyri iristen zaio posta elektronikoz. Gainera, Plataforma per la Llenguak ez du begi onez ikusi katalana eduki gehigarri gisa eskaintzea, eta salatu du hori ez dela aukera ona katalanez mintzatzen diren kontsumitzaileentzat.

Azkeneko urteetan, Disney konpainiaren makina bat film bikoiztu dituzte katalanera, baina plataforman ikus daitezkeen lanen erdira ez dira iristen. Bikoiztuta daudenen artean, Dumbo, Monsters Inc, Frozen, Ratatouille, 101 Dalmatians eta The Hunchback of Notre Dame aipa daitezke. Plataforman Pixar estudioko animaziozko filmak ere ikus daitezke, eta horietatik hamasei daude katalanera bikoiztuta. The Simpsons animaziozko saioaren lehen denboraldiak ere katalanera bikoiztuta daude.

Milioi bat euroko laguntza

Kataluniako Generalitateak, Disney Plusi buruzko iragarpenaz gain, azaldu du milioi bat euroko diru laguntza lerroa duela plataformetan, DVDetan eta Blu-Rayetan edukiak katalanez bikoizteko edo azpidatziak sortzeko—banatzaileek eta bikoizketa enpresek urriaren 30 arte dute aukera laguntzak eskatzeko—.

Disney Plusek ez du edukirik euskaraz, ezta galegoz ere. Badira plataformako zenbait film euskarara bikoiztuta daudenak —Disneykoak ez ezik, Marvel, Lucasfilm, 20th Century Studios, Searchlight Pictures eta Blue Sky Studios estudioetakoak—.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, urtero 85.000 euroko diru laguntza zuzena ematen dio Movistar Plusi, bere plataforman estreinatzen dituzten filmei eta telesailei euskarazko azpidatziak jartzeko. 335.000 euro ematen ditu urtero Zinema Euskaraz programan; horren bitartez urtero dozena bat film euskarara bikoizten dira, etaeuskaraz estreinatzen dira zinema areto komertzialetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.