Jon Alonso. Idazlea

«Euskal kulturak iruditegi propioa sortu behar du»

Euskararen gehiegizko arautzea eta unibertsitateko elitismoa kritikatzeko baliatu du Alonsok Enekoitz Ramirez 'Lanbas'-en nobela berria. Hirugarrenez eraman du pertsonaia orrietara.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
2015eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Euskararen arautzea «behar-beharrezkoa» zen Jon Alonsoren (Iruñea, 1958) ustez, baina dioenez, horrek ez du erabilera «emendatu». Horregatik, hizkuntzarentzako «askatasuna» galdegin du. Hiri hondakin solidoak nobelara (Txalaparta) eraman du hori eta beste hainbat hausnarketa. Euskaltzaindira iritsitako mehatxuzko gutunak eta euskaltzain izateko bidean den katedradun baten hilketa ikertzen jarri du Enekoitz Ramirez Lanbas. Eta kritika soziala egiteko baliatu du liburuaren trama.

Hirugarrenez eskaini diozu Lanbas euskal literaturari. Zer eskaintzen dizu pertsonaiak zuri?

Pertsonaia batekin aritzeak abantailak ditu; handiena da irakurlearentzat aldez aurretik ezaguna den joko-zelai bat markatzen duela, eta hortaz zuzenagoa eta errazagoa da narrazioan sartzea, bai irakurlearentzat, baita idazlearentzat ere. Edozein narrazio irakurlearen eta idazlearen arteko konbentzio multzo bat da, eta normalean hori finkatzen joaten dira liburuaren lehen orriak; pertsonaia badaukazu, lan hori egina dago. Desabantailak ere baditu, noski, begi-bistakoena, pertsonaia maite izan ez duenak baztertu egingo duela hurrengo liburua.

Hura da gizartean gertatzen dena kontatzeko bide. Hura eta haren zalantzazko moralitatea.

Izatez erdi delinkuente bat da, baina ez da detektibea, batzuek esan izan duten bezala, beharbada liburua irakurri gabe. Babestuta dago, eta horregatik ez diote kargu hartzen egiten dituen falta eta delitu txikiengatik. Horrek, ordea, kontraesanak sorrarazten dizkio, horretaz kontzientea delako eta azken batez hark tipo «jatorra» izan nahiko lukeelako. Irakurri egiten du, horrek kontraesanak gainditzen eta mundua ulertzen lagunduko diolakoan, baina ez da hain irakurle prestatua, eta askotan lortzen duen ondorioa nahi zuenaren aurkakoa da. Uste dut liburuz liburu doala bere nortasuna garatzen eta autonomia irabazten.

Aski ironikoa da nobelaren hasiera. Figurante multzo bat Bilboko Plaza Berrian, turistentzat lanean, euskaltzain historikoz mozorrotuta. Mitoak sortzeko beharra al du euskal kulturak?

Mitoak sortzeko beharra, ez dakit; bai, ordea, bere erreferentzia eta iruditegi propioa sortzekoa edo berritzekoa. Euskaraz bizi den eta bizi nahi duen jendeak bere-bereak diren erreferentziak behar ditu, berek era autonomoan moldatuak.

Gehiegizko arautzea pairatzen du euskarak? Modu ironikoan aipatzen dituzu Anatoliako toponimoen edo zirilikoaren transkripzioaren arautzea...

Bistan da euskara arautzea behar-beharrezkoa zela. Horretara dedikatu diren baliabideak, pertsonalak eta materialak, itzelak izan dira. Araugintza, bere alderdi funtsezko eta garrantzikoenetan, ongi bururatu da. Aldiz, euskara arautzeak eta hizkuntzaren alderdi formalak finkatzeak ez du erabilera emendatu, ikusi dugunez. Beraz, uste izatekoa da zirilikoa ongi-ongi transkribatzeko arauak emanagatik, hau ez dela aldatuko. Beraz, orain esaten den moduan esatearren, paradigma aldatu beharra dago. Euskara bizirik nahi badugu, esan nahi dut.

Zer norabidetan aldatu?

Arauak finkatu egiten du; arauaren bidez ertzak ongi definitutako forma bat lortzen da, argazki perfektu bat, edo etxe eder bat, non gauza bakoitza bere tokian dagoen. Orain askatasuna behar dugu ertzak lausotzeko, argazkia mugitzeko, etxeko altzariak tokiz aldatzeko, gogoa badugu behintzat; alfonbrak lohiz zikintzeko, hautsontziren bat edo beste hausteko, leihoak irekitzeko... kaos pixka batek on baino ez digu egingo.

Aditzera ematen duzunez, nazioarteko kongresu bat asko da ohiko lan eremua Gasteiz-Baiona edo Iruñea-Bilbo duen euskal ikerlariarentzat. Hain txikia al da gure mundu hau?

Bai, esan dezakegu baietz, txikia dela. Gure eremu geografikoa itxura batean txikia da, baina beti izaten dira gure kezka eta gure buru lanak nazioartera zabaltzeko aukerak, lokalak izateaz gain unibertsalak ere diren heinean.

Mundu txiki horretan, zerk motibatzen du sortzailea?

Norberak badaki non dagoen eta zer etorkizun daukan, baina beti pentsatzen du denborarekin aurreratu daitekeela eta gauzak aldatu daitezkeela, norberarentzat ez bada etorkizuneko jendearentzat. Bestetik, uste dut Olarrak esaten zuela, ziklista zaharrari ezin zaiola eskatu pedalei ez emateko, bizikletatik eroriko delako. Ohitura da, beraz, dakizunarekin segitzea. Beste motibazio bat izan daiteke, nahiz eta urrutira ez iritsi, sortzeak ematen duela bidea eztabaidak piztu eta iritziak emateko. Gainera, dagoeneko badakit badela momentuz jende bat halako liburuak irakurriko dituena. Beste gauza bat da zer pasako den jende hori desagertzen denean edo jendeak liburuak erosteari uzten dionean. Bakarrik niretzako baldin bada, isildu egingo naiz.

Sortzaileak «mespretxatuak» direla esan zenuen liburuaren aurkezpenean. Hala da?

Bai. Jendeak uste du sortzailea izan nahi duen pertsona jetaundi bat dela, lanikegin gabe bizi nahi duena. Hori ez da bakarrik Euskal Herrian gertatzen den zerbait, mendebalde osoan gertatzen da. Aldi berean, sortzea oso garrantzizkoa da: iruditegia garrantzitsua da. Baina hori oso modu bitxian arautzen da. Momentu batetik aurrera, agintariek erabakitzen dutenean beharrezkoa den maila gainditu duzula, edo iruditzen zaienean inor promozionatzea ongi dagoela, ongi bizi zaitezke. Horrela esanda aitzakia merke bat ematen du. Baina egia da botereak bultzatzen duela hari komeni zaiona.

Unibertsitatearen erretratu iluna egiten duzu nobelan. Hain maltzurra al da mundu hori?

Nire ustez, maltzurra baino, elitista da, eta elitistagoa izateko joeran; tasak gero eta handiagoak dira, baita «publiko» diren unibertsitateetan ere; bekak murriztu egin dituzte eta gainera, ikasketak luzatu. Unibertsitatearen paper historikoa izan bada titulu batzuk banatzea titulu horiek ordaintzeko beste diru zeukatenen artean, bistan da norbaitek erabaki duela paper magiko horiek, tituluak eskuratzen dituztenen kopurua murriztu egin behar dela, ez direla edonorentzat. Joera horrekin, esadazu zenbat jendek bidali ahalko duen semea edo alaba unibertsitatera. Ordaintzen ahal duenak bakarrik. Aldarrikapen aspaldiko bat zen «langileen seme-alabak unibertsitatera», aukera berdintasunaren printzipioaren aldarria eginez. Hori zeharoaldatzen ari da, kontrako norabidean. Elkartasuna, kidetasuna, kolektibitatearen zentzua edo kritika ez dira beharbada sekula izan unibertsitatearen balio nagusiak, baina balio horiek gero eta gehiago baztertu egiten dira, eta horien ordez beste batzuk areago nagusitzen dira, indibidualismoa, lehia, bezerokeria, kritikotasun falta,otzankeria... Eta dena ustezko «zientifikotasun», «bikaintasun», «ezagutzaren gizarte»baten alde. Baina ahoa halako hitz arranditsuekin betetzen bazaie ere, gero rankinetako eta sailkapenetako putzurik sakonenetan bilatu behar dira Espainiako unibertsitateak, Europako 500 onenen artean sailkatzeko kapaz izan ez eta. Txapeldunak espainiartasunean baino ez dira.

Liburuan bada geure buruaz barre egiteko asmoa ere. Beharrezkoa da hori?

Nik badut beharra, bederen. Zaldi-gorotz bati usain egin eta Iruñea duela berrehun edo hirurehun urte lehenago nolakoa zen irudikatu eta berregiteko gauza den idazle bat dago liburuan, esaterako; iluso bat, alegia. Ez al da aski barregarria? Gero, gauza bakoitzaren gaineko begirada errukiorragoa edo ankerragoa izan daiteke, orokorrean begiratzen denak zer gaitasun daukan lagun hurkoa izorratzeko, eta horren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.