Telesurrek salatu du Venezuelako oposizioak bahitu egin nahi duela

Juan Guaidoren ingurukoek batzorde bat sortu dute Telesur «berrantolatzeko» helburuarekin

Juan Guaido Venezuelako oposizioko buruak iragarri du Telesur «askatasunaren zerbitzuan» jarri nahi duela. M. G. / EFE.
urtzi urkizu
2020ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Venezuelako egoera politikoa eta botere lehia Telesur telebista katera iritsi da. Juan Guaido oposizioko buruaren aldeko 92 ordezkarik Telesur informazio katea «berrantolatzeko» batzorde bat sortzea erabaki zuten herenegun. Leopoldo Castillo kazetaria izendatu dute batzordeko presidente, eta Larissa Patiño batzordeko koordinatzaile nagusi jarri dute. Telesurreko zuzendaritzak berehala erantzun du, «bahitu» egin nahi dutela salatuz.«Seinalea desjabetu nahi dute, herrien topagune bati zerbitzua ematen dion komunikazio plataforma bat erauzi. Beste behin ere, kapital transnazionalak eta eskuineko eragile politikoek bateriak kargatu dituzte gure hedabide multimediaren aurka», ihardetsi du kateak agiri batean.

Guaidok datozen egunetan lantalde baten izenak emango ditu, Telesurren seinalea «askatasunaren zerbitzuan jarriko duen prozesua» aurrera eramateko. Nahiz eta legez ezingo lukeen halakorik egin, Guaidok hala iragarri du: «Batzordeak koordinazio lanak hartuko ditu bere gain, gaur egungo seinalea ordezkatzeko prozesua abiarazteko, eta eduki plural eta demokratiko berri bat jartzeko. Eduki hori progresiboki transmititu ahalko litzateke, bai Venezuelan, bai Venezuelatik kanpo».

Kontuan hartu behar da Telesurren Nikaraguak, Boliviak, Uruguaik eta Kubak parte hartzen dutela, Venezuelaz gain—Hego Euskal Herriko etxe askotan ikus daiteke seinalea, Euskaltelen bitartez—. Nikaraguako Gobernuko presidente Daniel Ortegak Guaidoren asmoak salatu ditu: «Herrien ahotsa ezin da isilarazi: ezin izan dute egin, eta ez dute lortuko. Gaur, inoiz baino gehiago, gure ahotsak ugaritu egiten dira, eta aurrerantz doaz».

Telesurrek nabarmendu du alternatiba bat direla komunikazio kate hegemonikoen aurrean. «Gure katearen informazioak aitorpena jaso du bake prozesuetan, migrazio mugimenduetan, natur hondamendietan, estatu kolpeetan, gerretan eta hauteskundeetan. Gure begiradak Latinoamerikako eta Karibeko komunitateen nortasuna, kultura eta sentitzeko modua goratzen ditu, eta horiek arriskutsutzat jotzen dituzte boteregune askok».

Nicolas Maduroren gobernuaren aurkako oposizioko kideek martxan jarritako egitasmoaren aurrean, Telesurrek informazioaren defentsan ahotsa altxatzeko eskatu die herriei, gizarte erakundeei, kazetariei, gobernuei eta komunitateei. «Gure seinalearen aurkako erasoek lortzen duten bakarra zera da, gure helburuei fidel lanean jarraitzea. Telesurrek bere lanarekin jarraituko du».

Katearen aldeko mezu ugari zabaldu dituzte egunotan sare sozialetan, #VivateleSUR traolarekin. Marco Teruggi soziologo eta Telesurreko berriemaileak, bestalde, gogorarazi du Leopoldo Castillok El Salvadorren 1989an hildako bost jesuiten krimenean lotura zuzena izan zuela. Jesuita horien artean zen Ignacio Ellakuria euskal herritarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.