EITBk 'sociality' bat abiarazi du Erasmus bekako sei ikaslerekin

Gazteek bideoak jarriko dituzte Youtuben, igandero; Gaztean eta 'Biba zuek!'-en ere arituko dira

EITBren EH!rasmus egitasmo berriko sei ikasle protagonistak. EITB.
urtzi urkizu
2021eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Erasmus bekarekin atzerrian ikasten ari diren sei ikasleren gorabeherak jasoko ditu EITBren EH!rasmus emankizun berriak, eta gazte horiek erreportari bilakatuko dira —Hego Euskal Herriko komunikazio fakultateetakoak dira guztiak—. Gaztearen Youtubeko kanalean bideo bat zabalduko dute igandero —herenegun sareratu zuten aurrenekoa—; Instagramen eta Twitterrenbestelako bideoak eta argazkiak partekatuko dituzte; Gaztearen Dida! irratsaioan berriemaile arituko dira; eta astean behin, ETB1eko Biba zuek! magazinean parte hartuko dute. Jon Artano kazetariarekin mintzatuko dira, Skype bidez.

EITBk azaldu du sociality izeneko formatu berria dela EH!rasmus emankizunarena. Bizipen erreal bat sare sozialen bitartez jarraitzea da formatuaren funtsa. Gainera, ikasleen esperientziaren bizipena taldean ikusi ahalko da, eta jarraitzaileek komentatu eta galderak egiteko aukera izango dute. Interakzioa sustatu nahi du saioak: iruzkinak, elkarri galdetzea, argazkiak... horietan programarako interesguneak eta lanketak sor daitezkeelakoan.

EITBLab formatu eta ideia laborategiak sustatutako egitasmoa da EH!rasmus. Itziar Aranguren EITBLabeko ordezkariak nabarmendu du halako formatu berriekin «balio publikoa» sustatzen ari direla. «EITBk baditu bere berriemaileak munduan, aktualitatearen berri emateko. Baina urtero badaude euskal gazte asko Erasmus bidez atzerrira joaten direnak, komunikazio fakultateetan ikasten ari direnak. Pentsatu genuen gazte horiek gaitasuna izan zezaketela beste narratiba batzuen bitartez beste gai batzuk kontatzeko adinkideentzat».

EITBLab komunikazio fakultateekin harremanetan jarri zen, egitasmoa ontzat jo, eta hautaproba batzuk egin zituzten. Gero, bilerak egin zituzten ikasleekin. «Ikasle bakoitzak bere kontatzeko modua izango du. Gu arduratuko gara denen edukiak batzeaz, eta erronka bat jarriko diegu astero», azaldu du Arangurenek. Lehen erronkan, esate baterako, asteko erosketa hogei eurorekin egiteko proposatu zieten. Beste erronka bat izango da hiriko kultur ekitaldi batera joan eta han bizitakoa kontatzea.

Lehen denboraldiko ikasle protagonistak hiri hauetan daude: Zuriñe Iglesias Sarasola, Aberdeenen (Eskozia): Maider Arzelus Galarraga, Lillehammerren (Norvegia); Ander Elordui Somarriba, Montevideon (Uruguai); Eider Cortes Vitoria, Bolonian (Italia), Nora Alonso Soliño, Sevillan (Espainia); eta Irati Aginaga Imaz, Coimbran (Portugal). Hurrengo lauhilekoan, beste sei ikasle izango dira saioko protagonista eta erreportari.

Arangurenek uste du garrantzitsua dela halako reality bat Instagramen euskaraz egotea. «Beste helburuetako bat da EITBk beste itsaso bat izatea talentua arrantzatzeko». Eta beste hau gaineratu du: «Uste dugu euskarak orain arte ez zuela bidaietan gai horiek ekartzeko modurik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.