ETB1ek 56,2 milioiko aurrekontua izango du; ETB2k, 52,5 milioikoa

EITBk orotara 172,6 milioi euroko aurrekontua izango du 2022rako; taldeak 1.090 langile ditu

ETB1eko saio baten grabaketa, Donostiako Miramongo estudioetan. GORKA RUBIO / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Azkeneko urteetan EITBko zuzendaritzako ordezkariei galdetu izan zaienean ETB1eko eta ETB2ko aurrekontuen aldearen inguruan, bien artean oreka dagoela erantzun izan dute. 2022. urteari begira, parekoak dira bi telebista kateen aurrekontu garbiak: ETB1ek 56.269.000 eurokoa izango du; eta ETB2k, 52.527.000 eurokoa. Horrenbestez, euskarazko kateak 3,7 milioi euro gehiago izango lituzke gaztelaniazkoak baino. Kopuru horretan zuzeneko eta zeharkako gastuak sartzen dira, baita giza baliabideetakoak ere. Baina azken zenbatekoa kanal bakoitzak sor ditzakeen diru sarrera propioekin handituko litzatekeela ohartarazi du EITBko zuzendari nagusiak EH Bilduri emandako erantzunean —publikoak dira datuak—.

Bestalde, bikoizketarako eta azpidatzietarako aurrekontua handiagoa izango da datorren urtean, %51, hain zuzen: hainbat produktu bikoizteko 2.056.181 bideratuko dituzte —aurreko diru sailetan denak ez dira izan euskarazko bikoizketarako —; azpidatzietarako, berriz, 687.483 euro bideratuko dituzte.

EITB Lab berrikuntza laborategian, iazko hornidura eta giza baliabide berak erabiliko dituzte: 200.000 euroko aurrekontua, eta hiru profesionalez osatutako lantaldea.

Zinemarako, sei milioi euroko diru saila jaso da —legez behartuta dago EITB ehuneko bat zineman inbertitzera—. Kopuru horretatik %60 inguru izango da euskarazko ekoizpenentzat; aurten ehuneko hori izan du euskarazko zinemak, eta datorren urtean antzekoa izango dela iragarri du EITBk.

Soldatetan, 68,7 milioi

Datorren urterako, EITBk 172,6 milioi euroko aurrekontua izango du. Talde publikoak 1.090 langile finko izango ditu —horietan ez daude sartuta ekoiztetxe pribatuetako aurkezle, gidoilari eta langileak—. Eta langile taldearen egiturazko gastuak 68.769745 eurokoak izango dira datorren urtean.

EITBko zuzendari nagusiak urtean 95.708 euroko soldata izango du; zuzendari kudeatzaileak, 86.619 eurokoa, baita estrategia eta komunikazio korporatiboko zuzendariak ere.

EITBko zuzendaritzak administrazio kontseiluan aurkeztu zuen aurrekontua, eta ez zituen jaso behar adina aldeko boto; kontra bozkatu zuten EH Bilduk eta PPk, eta abstenitu egin ziren ELA eta Elkarrekin Podemos-IU. Baina sinbolikoa da bozketa hori, EITBk aukera baitu legez aurrekontu proposamena Eusko Jaurlaritzara bidaltzeko, eta gobernuak aurrekontu orokorretan sartzen du hori gero.

EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak Europako Parlamentuan, administrazio kontseiluan eta Eusko Legebiltzarrean aurkeztu du datozen urteetarako estrategia berriki, eta iragarri du Primeran izeneko streaming plataforma elebiduna abiaraziko dutela. Ez dute jakinarazi zenbat ditu inbertituko duten proiektu horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.