Turkia da munduan kazetari preso gehien duen herrialdea

CPJ elkartearen arabera, 68 kazetari daude Turkiako espetxeetan. Txinan, 47 daude preso

Turkiako Gobernuak Cumhuriyet egunkariari egindako erasoen aurkako protesta bat. SEDAT SUNA / EFE.
urtzi urkizu
2019ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Munduan dozenaka kazetariren espetxeratzea «arau» bilakatu dela ondorioztatu du CPJ Kazetarien Babeserako Batzordeak. Berriki ezagutarazi duen txosten baten arabera, munduan 251 kazetari daude kartzelan. Eta horietatik 68 Turkiako espetxeetan daude, inon baino gehiago. Recep Tayyip Erdogan Turkiako Gobernuko presidenteak gogor egin zuen Saudi Arabiaren aurka, Jamal Khaxoggi kazetaria hil zutelako. Kazetari elkarteek eta PEN klubak emandako datuen arabera, ordea, Turkian prentsa askatasunak egoera tamalgarria bizi du. CPJren arabera, Turkian kartzelan sartzen duten kazetari bakoitzari estatuaren kontrako delituak leporatzen dizkiote.

Esate baterako, udaberrian, Turkiako Fiskaltzak espetxe zigorrak jarri zizkien Cumhuriyet egunkariko hamabost kazetariri: kazetako zuzendari Akin Atalayri sei urteko eta sei hilabeteko zigorra jarri zioten, ustez «erakunde terroristei» laguntza emateagatik; Murat Sazbuncu erredaktore buruari, zazpi urteko zigorra; eta zigor bera Ahmet Sik ikerketa kazetariari —HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko parlamentaria da, eta hiru «erakunde terroristatako» kide izateagatik epaitu zuten, baina idatzitakoagatik jaso zuen zigorra—. Gobernuaren erasoak eta makina bat itxialdi jasan dituzte azkeneko urteetan, era berean, Azadiya Welat egunkari kurduak eta haren kazetariek.

Albiste faltsuengatik

Munduan kartzelan diren kazetarien hamarretik zazpiri estatuaren kontrako delituak egin izana leporatzen diete. Beste delitu batek indarra hartu du azkenaldian, herrialde batzuetan bereziki: albiste faltsuak zabaltzearen delitua. Hain zuzen ere, hori leporatu diete Egipton kartzelan sartu dituzten hemeretzi kazetariri—Egipton, orotara, 25 kazetari daude espetxean—. Txinan, berriz, kazetarien aurkako errepresioa gogortu egin dela nabarmendu du Kazetarien Babeserako Batzordeak. 47 kazetari daude kartzelan Asiako herrialdean, eta horietatik hamar, gutxienez, inolako akusaziorik gabe eraman zituzten preso. Kasu aipagarrienetakoa Lu Guang argazkilari freelancearena da —azaroan desagertu zen, Xinjiangen, eta handik aste batzuetara familiari jakinarazi zioten atxilotu egin zutela, baina senideek ez dakite zein den atxiloketaren arrazoia—.

Saudi Arabian eta Eritrean ere ez da ona prentsa askatasunaren egoera, eta herrialde bakoitzean hamasei kazetari daude preso.

Vietnamen 11 kazetari daude espetxeratuta, eta Azerbaijanen, hamar. Sirian zazpi kazetari zeuden kartzelan 2018aren amaieran. Haietako bat ziegan hil zela jakinarazi zuten autoritateek: Osama al-Habaly argazkilaria.

AEBetan ez zegoen kazetaririk kartzelan abenduan, baina US Press Freedom Tracker elkarteak jakinarazi du bederatzi kazetari atxilotu zituztela urtean zehar.

Uzbekistanen, aurreneko aldiz bi hamarkadatan, ez dago kazetaririk espetxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.