Albiste faltsuen kontrako plana eratzeko saio bat egingo dute bihar

Jaurlaritzak herritarren ekarpena jaso nahi du Bilbon, adituei eginiko elkarrizketen ondoren
Pilar Kaltzada —irudian— eta June Fernandez arituko dira, besteak beste, biharko saioan.
Pilar Kaltzada —irudian— eta June Fernandez arituko dira, besteak beste, biharko saioan. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Edu Lartzanguren -

2019ko martxoak 12
Jaurlaritzak eratu nahi duen Berri faltsuak gutxitu eta saihesteko akzio-plana delakoari bultzada emango dio bihar, 17:30etik aurrera, Bilborocken, saio ireki baten bidez. Gardentasunaren inguruko #OpenGovWeek egiten ari dira aste honetan, eta horren barruan egingo dute #Atakak II saioa. Horretan, albiste faltsuek duten eraginaren inguruan hausnartuko dute. Irekia atariak berak zabalduriko inkesta baten arabera, herritarren %87,4k esan dute gai direla albiste faltsuak antzemateko, baina, halere, herenek onartu dute zabaldu egin dituela sare sozialetan.

Hiru fasetan antolatu dute plana eratzeko prozesua: lehenik, herritarrek proposamenak aurkezteko aukera izan dute, otsailaren 25etik aurrera, Irekia atarian (www.irekia.euskadi.eus).

Bigarrena biharko saioan egingo dute: bi elkarrizketaren bidez, komunikazio arloko adituek albiste faltsuekin izan duten esperientzia azalduko dute. Lehenengo elkarrizketan, ETBko Dani Alvarez Pikara Magazine aldizkariko June Fernandezekin mintzatuko da. Bigarren elkarrizketan, Pilar Kaltzada kazetaria eta Jorge Campanillas abokatua arituko dira. «Gaurko komunikazio esparruak joko arau berriak eskatzen ditu», esan du Kaltzadak, «eta denon artean eztabaidatu behar ditugu». Kazetariaren arabera, egoera arriskutsuan dago gaur gizartea: «Kontraesanean gaude: edozein gauza sinisteko prest gaude, eta, aldi berean, ez dugu ezertxo ere sinisten». Egoera horretan babes gabe daude «zintzoki komunikatu nahi dutenak» eta herritarrak. Kaltzadak ez du argi ikusten, edonola ere, noraino hel daitekeen Jaurlaritzak bultzaturiko ekintza plan hori. Haatik, uste du «ezinbestekoa» dela elkarrekin lantzea, eta bakoitzak bere erantzukizuna hartzea. «Herritarrok argi izan behar dugu zer nahi dugun, baina prest egon behar dugu bereizteko. Berdin erakundeek eta hedabideek»

Hausnarketaren hirugarren fasea elkarrizketen ondoren egingo dute biharko saioaren barruan. Horretan, herritarrek bidalitako proposamenak aurkeztuko dituzte, eta, horietatik abiatuta, neurri zerrenda bat landuko dute. Horrekin itxitzat emango dute ekintza plana sortzeko kontsulta prozesua.

Desinformazio unitatea

Espainiako Gobernuak «desinformazioaren eta zibererasoen» kontrako «kontrol talde» bat eratu duela esan zuen atzo Josep Borrell Atzerri ministroak. Maiatzean egitekoak diren hauteskundeetara begira ari direla gaineratu zuen Borrellek, albiste faltsuek herritarren botoa alda dezaketelakoan.

Albiste faltsuak, hauteskunde kanpainetan, Internetetik berehala kentzeko legea onartu zuten Frantziako Legebiltzarrean joan den azaroan. Halako neurri bat hartzen aitzindaria izan zen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna