BERRIAk bat egingo du Durangoko Azokaren eskaintza digitalarekin

Ekitaldien kanala BERRIAren webgunean ere egongo da. Produktuak ere salduko ditu kazetak

Durangoko 55. Azokaren aurkezpena, Landakon, azaroaren 26an. GORKA RUBIO / FOKU.
urtzi urkizu
2020ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Durangoko 55. Liburu eta Disko Azoka ez da urtero modukoa izango, eta Internet bidez erosi beharko dira liburuak, diskoak eta bestelako lanak. Edonola ere, azokak izango du zer emana gaurtik asteartera bitartean, eta euskarazko komunikabideek adi aztertuko dituzte azokaren bueltako ekitaldiak eta eskaintzak. BERRIAk bere webgunean atal berezitu bat izango du azokari eskainia, eta hor bi streaming kanal ikusi ahalko dira: batean, Landakoko ekitaldiak ikusteko modua izango da, eta bestean, Plateruena kafe antzokiko kontzertuak. Durangotik (Bizkaia) biak ala biak.

Egunkariko Kultura saileko kazetariek —paperekoek eta webekoek— luze eta zabal emango dute azokaren berri egunotan. Egunero bi orrialdeko kronika nagusi bat argitaratuko dute. Ekitaldi jakin batzuen kronikak egingo dituzte. Halaber, iritzi artikuluak eta elkarrizketak egingo dituzte sortzaileekin eta eragileekin.

BERRIAren webgunean modua izango da azokako ekitaldien egitaraua kontsultatzeko, eta azoka digitalera ere bideratuko dira irakurleak. Hain zuzen ere, Durangoko mahaietan ez, baina denda birtualean erosi ahalko dira egunotan BERRIAren produktuak: Pentsioen geroa. Eztabaida sozial baterako gakoak liburua (Jon Fernandezek idatzia),Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian (Iñaki Petxarromanek idatzia), Gure basoak liburua (Gipuzkoako basoak eta basoetako landareak ezagutzeko gida), BERRIAko 2021eko Egutegia eta 2021eko Agenda.

Saio bereziak ETB1en

EITBko hedabideek ere emango dute azokaren berri. Gaur, esate baterako, Arantxa Atutxa Gerediaga elkarteko kudeatzailea elkarrizketatuko dute Euskadi Irratian eta Radio Euskadin, eta ETB1eko Ahoz aho-n elkarte bereko Izaskun Ellakuriarekin hitz egingo dute.

ETBk azokaren inguruko saio berezi bat egingo du Azoka Telebistarekin elkarlanean: ETB1ek emango du gauero, bihar hasi eta asteartera arte, 21:00etan. Gainera, ETBko lehen kateak Herriaren taupada: Durangoko azoka erreportajea estreinatuko du astelehen gauean. Irati Sarasua kazetariak gidatuko du, eta aurtengo azoka nolakoa den ikusteko modua egongo da. Makina bat sortzaile elkarrizketatuko ditu Sarasuak.

Asteartean, berriz, Bidegurutzean musika saio berriaren aurrestreinaldia egingo dute Durangon. Programaren lehen atala azokaren streaming kanalean ikusteko modua izango da. 2021aren hasieran estreinatuko du saioa ETBk.

Asteartean bertan, erreportaje berezi bat emango dute ETB1eko Ur handitan-Ahaztu aurretik saioan. Besteak beste, Jose Luis Lizundia, Arantxa Urretabizkaia, Juan Luis Zabala, Jon Irazabal, Antton Valverde, Anje Duhalde, Maite Idirin eta Jokin Apalategi elkarrizketatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.