Ezohiko danborradak emango dituzte gaur eta bihar ETB1en

Donostian eta Azpeitian prestatu dituzten ekitaldi bereziak ikusi ahalko dira euskarazko katean

Viktoria Eugenia antzokian grabatutako danborradak emango ditu ETB1ek gaur eta bihar. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Azkeneko urteetako San Sebastian egunekin alderatuta, biharkoak ez du inolako antzekotasunik izango. Jende pilaketarik, danborrada jendetsurik eta gaueko girorik ez dute izango kalean Donostiako eta Azpeitiko (Gipuzkoa) herritarrek. Euskal Telebistak, hala ere, emankizun bereziak prestatu ditu gaurko eta biharko. Etxean bada ere, danborra jotzeko aukera baliatuko dute zenbait herritarrek.

ETB1ek Danborrada gaua 2021 saioa emango du gaur, 23:20ean. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian danborrada berezi bat grabatu zuten joan den astean, gaur gauean emateko; banderaren igoera irudikatuko dute, eta bertan parte hartuko dute 26 elkartetako ordezkariek —hiru elkarte bakoitzeko—. Danbor nagusia Baso Etxea elkarteko Leandro Carro izango da, eta upel-edarra zuzendaria, berriz, Real Club de Tenis de San Sebastian taldeko Irati Enjuto. Horiek ez ezik, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako irakasleen Bandak eta Kresala dantza taldeak ere parte hartuko dute. Imanol Artolak aurkeztuko du Donostiako danborradaren partea.

Azpeitian (Gipuzkoa), berriz, Izaro Iraeta arituko da gidari. Udalaren ekitaldi berezi batekin eta balkoietan danborra joz ospatuko dituzte San Sebastian egunaren aurreneko minutuak. Gau berean, ETB1ek Amamaren danborra dokumentala emango du, 00:40an. Azpeitiko danborradan emakumeak jotzen hasi zirela 40 urte betetzen direla gogoratzeko, Paola Motok egin du ikus-entzunezko lan hori. Horretarako, 22 herritarren lekukotasunak bildu ditu.

Bihar, bestalde, haurren danborradaren gaineko saio berezi bat emango du ETB1ek, 11:55ean. Donostiako udaletxetik egingo du aurkezpena Imanol Artolak; eta, ondoren, Viktoria Eugenia antzokian grabatutako haur danborradarekin jarraituko dute. 29 ikastetxek hartu dute parte bertan, bakoitzetik hiru ikaslek. Danbor Nagusia Karmelo ikastetxeko Eneko Esteban izango da; upel-edarra zuzendaria, Gaztelumendi txikiko Nora Pradera.

San Sebastian egunaren bukaeran ere entzungo dira danbor hotsak ETB1en. Banderaren jaitsieraren saioa 23:25ean hasiko da. 25 elkartek hartuko dute parte, bakoitzetik hiru kidek. Danbor nagusia Gure Borda elkarteko Arantzazu Lersundi izango da; eta upel-edarra zuzendaria, Intxaurra elkarteko Braulio Berreiro. Easo abesbatzak eta Goizaldi dantza taldeak ere parte hartuko dute.

Joko bat 'Irutxuloko Hitza'-n

Beste komunikabide batzuek ere San Sebastian egunari lotutako edukiak plazaratuko dituzte gaur eta bihar. Irutxuloko Hitza-k, bestalde, joko bat antolatu du irakurleekin: San Sebastian egunari buruzko galdera sorta bat prestatu dute. Parte hartuko duten irakurleen artean, saski batzuk eta bestelako opari batzuk zozkatuko dituzte. Ostegunera arte parte har daiteke jokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.