'Laetitia' telesaila proiektatuko dute Crossover jaialdiari hasiera emateko

Hilaren 19tik 24ra, telesailen kulturaren inguruko zenbait solasaldi egingo dituzte Donostian

Marie Colomb aktoreak jokatzen du rol protagonista Laetitia telesailean. JEROME PREBOIS / FTV.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Osasun larrialdiaren eraginez, zailtasun handiak izan dituzte, baina aurten ere telesailen kulturaren inguruko Crossover jaialdia egingo dute Donostian. Gipuzkoako Diputazioak eta Kultur Factory agentziak antolatzen dute jaialdia, eta aurtengoa laugarren aldia izango da. Proiekzio berezi batekin abiaraziko dute jaialdia, hilaren 19an: Laetitia telesailaren (France2) aurreneko bi atalak emango dituzte, Tabakalerako zinema aretoan. Laetitia Perrais 18 urteko gaztearen bortxaketaren eta hilketaren benetako istorioa du ardatz telesail horrek. Filmin plataformak —Hego Euskal Herrian ikusgai— laster jarriko du katalogoan. Lehen egunean bertan, polizia generoa eta suspensea izango dute hizpide hiru idazle hauek: Ibon Martin, Noelia Lorenzo Pino eta Mikel Santiago.

Jaialdiko zortzi ekitaldietatik bakarra izango da euskaraz: hilaren 22an, Telesailen generoa gaiaz mintzatuko dira Lucia Baskaran idazlea eta Aitziber Garmendia aktore eta gidoilaria. Fikzioetako estereotipoen inguruan hitz egingo dute, baita LGTBI komunitateko pertsonaien eta sortzaileen presentziaz ere. Gaizka Izagirre Gaztezulo-ko zuzendariak egingo ditu moderatzaile lanak. Koldo Mitxelena kulturunean izango da, 18:00etan.

Hilaren 23an, bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak omenaldi bat egingo die herrialde horretako ikus-entzunezko sektoreko profesionalei, azkenaldian Goya, Feroz eta Forque sarietan lortutako aitortzak direla eta. Ane Gabarain aktorea, Diego San Jose gidoilaria, Koldo Zuazua ekoizlea eta Mikel Serrano arte zuzendaria elkartuko dituzte.

Entzuteko fikzioak aztergai

Telebistan edo pantaila batean ikusteko telesailak dira Crossover jaialdiaren jomuga, baina, hilaren 20an, entzuteko serieak izango dituzte hizpide: podcastetan egiten diren fikzioak gaitzat hartuta, solasaldian parte hartuko dute Isabel Cadenas Cañonek, Maria Jesus Espinosak eta Jose A. Perez Ledok. Moderatzailea Jorge Carrion izango da.

Aipatutako ekitaldi horiek guztiak Koldo Mitxelena kulturunean edo Tabakaleran egingo dituzte, eta, haietan entzule gisa egoteko, jaialdiaren webgunean eman behar da izena (crossoverseriesfestival.com). Halaber, ekitaldiak streaming bidez ikusi ahalko dira webgunean. Koldo Mitxelenaren webgunean ere, edonoiz ikusi ahalko dira ondoren.

Honako beste gai hauek ere landuko dituzte: hilaren 21ean, kolapsoa adierazten duten telesailak aztertuko dituzte, eta L'Effondrement telesailaren bi atal proiektatuko dituzte; hilaren 23an, telesailak eta sare sozialak izango dituzte hizpide, Atresmedia taldeko zenbait ordezkarirekin; eta hilaren 24an, Urteko telesaila? gaiaz mintzatuko dira hiru kritikari. Egun horretan, amaiera emateko, The Sopranos vs Breaking Bad gatazkarekin jolastuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.